Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

25. eszena

 

(umearen begietatik biziko dugu eszena, amets bat bailitzan. emakumea 2 eta gizona dantza gozoan batuko dira.)

 

umea: Ama, ez triste jarri. Aita... ez haserretu. Ez haserretu amarekin. Nik biok maite zaituztet. Zergatik ezin dugu hirurok pozik bizi? Zergatik ezin gara oporretara joan zuen artean haserretu gabe? Nigatik da, ezta? Gauetan pixa egiten dudalako da, ezta? Gaur ere eztabaidan entzun zaituztet. (Pausa) Amaiak ere pixa egiten zuen galtzetan eta bere gurasoak banandu egin dira eta orain Amaiak bi etxe ditu. Bi gela, bi ohe, txandaka bustitzeko. Dena dauka bi aldiz. Oporrak ere bai. Kanarietan izan da amarekin. Aitak, aldiz, Erromara eraman du. Non dago Erroma, ama? Berdin dio. Nik ez dut Erromara joan nahi. Ez ditut gauzak bi aldiz bizi nahi. Nire betiko ohean jarraitu nahi dut lo egiten, nire betiko gelan jolasean. Ez dut bata edo bestea gabe egon nahi. Zuen artean nahi dut. Gozo. Gozo. Gozo...

 

(Euria ari du. gizonak alkandora erantzi eta emakumea 2k eta biek azpian hartuko dute babesa. Gero umearengana doaz, hau ere babestera. Zoriontsu daude.)

 

umea: Ama, gozoa da zira ahaztu eta euria ari duelako eskolara nire bila etortzen zaretenean. Egunero euria egingo balu, hobe. Badakizu? Euri tantek izar iheskorren antza dute.

 

(umea gizonaren sorbaldara igo da, jolasti. emakumea 2 zoriontsu haiei begira.)

 

        Aita, gogoratzen mendira joan ginen goiz hartaz? Guai pasa nuen. Zure haurtzaroko istorioak kontatzen hasi zinen eta primeran pasa genuen.

        Ez jarri triste, ama. Aita, noiz joango gara berriz mendira? Hara! Han izar iheskor bat!!! Bat ikusten baduzu, eskatu desio bat! Nik dagoeneko eskatu dut.

 

(Bukatu da ametsa.)