Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

11. eszena

 

(umea gelan da bakarrik, bere barne bakarrizketan.)

 

umea: Kaixo Izar! Ni naiz: Antton. Gaur berriro gertatu da. (Pausa) Gelan sartu eta atea itxi dut. Maindire azpian ezkutatu naiz isildu diren arte. (Pausa) Eta nahi gabe galtzak busti ditut. Gaur ere bai. Gero ama etorri da eta ohetik ateratzeko eskatu dit. Amak ez zuen negarrik egiten. Amak ez du sekula negar egiten nire aurrean. Nik bai, galtza garbiak jartzen zizkidan bitartean negar egin dut. Amak lasaitzeko eskatu dit berriz. Ez dela ezer gertatzen galtzak bustitzeagatik. Sekretua gordeko didala agindu dit. Bere errua izan dela dena. Memela hutsa delako. Aita nekatuta etorri dela lanetik eta berak bakean utzi beharrean tontakeria bat aipatu diola... (Pausa) Zu non zeunden?! Gaur ere ez duzu ezertxo ere egin niregatik!

 

(emakumea 3 hurbiltzen zaio. Haien gainean izarrak ageri dira. umea maindirea bustirik dagoen begira ari da.)

 

emakumea 3: Zer, ume? Zeri begira zaude?

umea: Galtzetan pixa egin dudala pentsatu dut.

emakumea 3: Eta?

umea: Ez. Hori lehen gertatzen zen. Orain, zurekin nagoenetik, ez dut egiten.

 

(Jolasean hasiko dira elkarri kilimak eginez desagertzen diren arte.)