Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
5. eszena
(emakumea 3 atzeko tariman dago umearekin. Izarrei begira ari dira, izar uxo bat harrapatu nahian.)
umea: Ikusi al duzu besterik?
emakumea 3: Bai... beste bat.
umea: Jode, eta nik noiz ikusiko ditut?
emakumea 3: Ikusiko dituzu, lasai. Hemendik, ondo ikusteko moduan gaude.
(Izar uxo batek gurutzatzen du zerua.)
umea: Bai! Ikusi dut, ikusi dut bat!
emakumea 3: Desio bat eskatu.
umea: Listo!
emakumea 3: Listo?!
umea: Bai, banekien zer eskatu.
emakumea 3: Betikoa eskatu al duzu?
umea: Nola dakizu betikoa dela?
emakumea 3: Nik dena dakidalako.
umea: Aitak esaten du atso nazkagarria zarela eta burutik jota zaudela. Erotuta.
emakumea 3: Sekretu bat esango dizut. Gertatu zaidan gauzarik onena horixe izan da. Erotzea. Goxoa da, atsegina... bakeosoa.
umea: Zoriontsu zara.
emakumea 3: Bai, zoriontsu naiz, bai. Azkenean.
umea: Zergatik, umea zarelako?
emakumea 3: Zurekin nagoelako. Zu eta biok, bakarrik.
umea (pausa): Aitak esaten du umeak baino okerragoa zarela.
emakumea 3: Zure aitak gauza asko esaten ditu. Baina ez zaio dena aintzakotzat hartu behar. (Izarretara begira) Hara han beste bat!!! Goazen, goazen... ea harrapatzen dugun.
umea: Nola?
emakumea 3 (umea harrapatu eta estu-estu besarkatu): Honelaxe, harrapatu zaitut!!!
(Barrez uzten ditugu biak.)
emakumea 2 (umeari): Zertan ari zara? Orain ere bakarrik hizketan?
(emakumea 3k eta umeak elkarri isilka ibiltzeko eskatuko diote barrezka. Isiltasuna.)
emakumea 2 (gizonari): Amak deitu dit.
gizona (txarrean): Amak...
emakumea 2: Gaixo dago.
gizona: Berriro? Beti dago gaixo. Beti deika. Ez al zara konturatzen zer nahi duen?
emakumea 2: Laguntza nahi du.
gizona: Bai, horixe: bere alabatxoaren laguntza. Atentzioa deitu nahi du. Besterik ez!
emakumea 2: Hori ez da egia.
gizona: Nik esango dizut egia zer den: zure amaren etxean erabili egiten zaituzte eta zuk tuntun horrek onartu. Zu orain hemen bizi zara, jada ez zara beren titiko umea. Ea noiz konturatzen zareten horretaz, bai zu eta bai zure ama.
emakumea 2 (pausa): Geroxeago pasako naizela esan diot.
gizona (ahots goran): Egin nahi duzuna, beti hala egiten duzu, baina Antton eta ni etxera bueltatu orduko itzuli. Bestela zure semeak amona bera baino gehiago maite duzula pentsatuko du.
emakumea 2: Ez esan hori! Nik biak maite ditut...
gizona (blaustadan heldu eta bereganatzen du): Eta ni zer? (Aurpegia aurpegiaren aurka) Zatoz! Ni ez al nauzu maite?
emakumea 2: Bai. Zu ere bai...
gizona: Erakutsi zenbat. Erakutsidazu...
(Astiro-astiro, musuka hasiko dira. umea eta emakumea 3 izar uxoei begira egon daude.)
umea: Listo! Bete da nire desioa.