Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
20. eszena
(hiru emakumeek isiltasuna hautsiko dute, oholtzaren beste aldean, plataforma borobilean umea, aulkian eserita, bakarrik.)
emakumea 3: Mutu zaude.
(emakumea 2 isilik.)
emakumea 1 eta 2: Uler ezazu. Berari izugarri gustatzen zaizkio kotxeak. Bizitza osoa darama kotxe artean sartuta... kotxe berriarekin egingo ditugu oporrak. Joango gara hurrengoan Kanarietara…
emakumea 1: Zergatik errepikatzen dituzu nire hitzak?
emakumea 2: Nire hitzak ere izan zirelako... Ez gara joan.
emakumea 1: Joan, nora?
emakumea 2: Kanarietara.
emakumea 3: Ezta joango ere…
emakumea 1: Bai! Bai, ni joango naiz, datorren urtean!
(emakumea 1 negarrez hasiko da.)
emakumea 3: Egin negar... lasai.
emakumea 1: Ez dakit... ez dakit zer gertatzen ari zaigun. Lehen ez zen horrelakoa. Orain...
emakumea 3: Urduri dago beti.
emakumea 1: Bai. Lehengo alaitasun hura galdu du eta ez dit hitzik xuxurlatzen, eta faltan botatzen ditut, ikaragarri.
emakumea 3: Ez geratu bere hitzen xuxurlan.
emakumea 1: Azkenean ez dute arduradun egin... Gizajoa! Hainbesteko plan eta ilusio...
emakumea 3: Horrek ez dio eskubiderik ematen zu gaizki tratatzeko.
emakumea 1: Ez, baina ez du intentzio txarrez egiten. Momentu txarra pasatzen ari da lanean eta nik lagundu egin nahi diot baina ez dut asmatzen. Aldatuta ikusten dut, edo agian neu naiz aldatu dena. Ez dakit... Bai, neure errua izango da.
emakumea 3: Ez! Ez da zure errua!
emakumea 1: Zer duen ulertu egin behar dut! Gehiago atera behar dugula esaten diot, baina gero eta gutxiago elkartzen gara lagunekin. Zehatzago esateko, ez gara elkartzen lagunekin. Nireekin behintzat ez. Ez ditu oso gogoko.
emakumea 2: Lagunak lehenengo, gero familia.
emakumea 1 (begiak irekiz): Bai! Tematzen hasita dago: etxean ditugula beti; gehiegi deitzen dutela; ez gaituztela bakean uzten, eta nik esaten diot hori ez dela egia... edo bai. Egia da ama asko etortzen zaigula, baina oso lotuta egon gara beti. Eta orain ez dabil ondo osasunez.
emakumea 3: Zu ez arduratu amagatik, laztana. Zaindu zaitez zeu. Eta batez ere, zaindu ezazu barruan daramazun umetxo hori. Oraingoan ezin duzu galdu.
emakumea 1 (sabela ukituz): Beldurtuta nago.
emakumea 2: Osasuntsu jaioko da.
emakumea 3: Gure mutikoa!
emakumea 1: Ezin du oso ondo egon. Negar besterik ez dut egiten eta horrek ezin dio onik egin. Nola zaude, bihotza?
emakumea 2: Ni beldurrez.
emakumea 3: Ni erotuta. Hala diote. Erotu egin nintzela.
umea: Ni hil nintzenean. Gogoratzen dut.