Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

2. eszena

 

(Aulkian eserita. emakumea 3k eskuekin belarriak tapatuko ditu eta tripetatik darion oihu eutsia egingo du.)

 

emakumea 3 (off): ...Ez joan! (offean bihotzaren taupada hotsak) Orduantxe erabaki nuen ni ere joatea. Eta nire bizitza neurea ez balitz bezala sentitzen hastea, nirea ez, baizik eta beste batena balitz bezala.

umea (burua jiratuz): Ama!

 

(gizona eszenatokiaren eskuin aldean dago, mahaiaren inguruan eserita. Zapi batekin eskuetatik grasa garbitzen ari da. emakumea 1ek plataforma borobiletik begiratzen dio.)

 

emakumea 1: Gizon ona da. Niretzat onena. Ez dut besterik nahi. Maite dut. Zer gertatzen ari zait, ordea? Zergatik ez naiz, lehen bezala, irribarrez esnatzen? Arrazoi izango du. Bai. Esaten dit ez naizela ezerekin konformatzen. Ez omen dut baloratzen. Gutxietsi egiten dudala. Hori esaten du. Gutxietsi? Hitzena da errua. Hitzontzi hutsa izan naiz beti eta hitzek traizio egiten didate orain. Isilik egoteko esaten diot nire buruari baina hitzek ez dute belarririk, eta ihes egiten didate. Neureak ez balira bezala. Errua, aldiz, neurea da oso-osorik. Ixxxoo.

 

(emakumea 1 korrika doa gizona bizkarretik besarkatzera. gizonak irriz hartzen du.)

 

emakumea 1: Bai. Gizon ona da... Sinetsidazue... Niretzat onena.

 

(gizona, aulkia eskuetan, plataforma borobilera doa. Bere aurpegia ilun dago orain. emakumea 2 hurbildu zaio.)

 

emakumea 2: Urteak joan zaizkit zer gertatzen zaigun jakin nahian. Begirik bildu gabeko gauak eta begiak zabaldu ezinezko egunak, gure artekoa konpondu nahian. Baina gauzak ez zihoazen ondo. Hitzena da errua. Ez dugu hizkuntza bera erabiltzen. Ez gara elkarren hizkuntza ulertzeko gai. Horrexegatik egun batean isildu egin nintzen. Betiko. Orain ez dut ahoa zabaltzen. Gauzak ez doaz hobeto, baina modu bakarra da irainetan behin eta berriz ez bustitzeko, ze, irainek, hitza besterik izan ez arren, min ematen dute. Min handia. Ikaragarria.

 

(emakumea 3 hurbiltzen zaio.)

 

emakumea 3: Zergatik jarraitzen duzu berarekin?

emakumea 2: Zergatik ezkondu ote nintzen berarekin?

emakumea 1: Maite dudalako!