Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

4. eszena: Dena aldrebestuta

 

(emakumea eta gizona etxean ari dira hizketan. ama lur gehiagorekin dator, aitzurra eskuetan dakarrela.)

 

emakumea: Esan egin diozu?

gizona: Nik esan? Ez, berak esan dit deitu diozula eta gero bera aritu omen zaizula deika baina zuk ez omen diozula hartu. Hori esan dit berak.

emakumea: Ezin diot egunean hamar aldiz hartu.

gizona: Zerbait izango zuen. Izango zuen zerbait esateko.

emakumea: Esan zer? Horixe da jakin nahi dudana. Zer esan diozu?

 

(amak lur artean gorbata bat aurkituko du. Koadroduna da. Soinean jartzen du.)

 

gizona: Gauza handirik ez… Ez dakit, arraroa da. Bat-batean ez dut hitz egiteko gogo handirik sentitzen… Gorbata behar dut. Hara! Horixe da esateko nuen bigarren gauza! Non dago nire koadrodun gorbata?

emakumea: Jon! Etxera etortzeko esan diozu?

gizona: Ez dakit zer esan diodan. Dena dago aldrebestuta! Dena tokiz kanpo!

emakumea: Hau gu gara, gu eta gure etxea. Badakigu non gauden. Badakigu?

gizona: Non gauden? Ez dakit non gauden. Eta zu oraindik pijaman, eta nik beste zerbait nuen zuri esateko. Hiru gauza ziren... Hiru!

emakumea: Horrek orain ez du inporta. Dena bere erara jartzen saiatuko da. Dena bere erara. Zer esan diozu?

gizona: Gorbata... Zer? Nori?

 

(ama etxe barrura sartuko da atseden hartzera. Garagardo bat hartuko du.)

 

emakumea: Doloresi! Moreak ez dizu balio?

gizona: Ez, ezin dut morea jantzi.

emakumea: Zergatik ez?

gizona: Ospakizun handietakoa koadroduna delako. Koadroduna. (Pausa) Amari? Zure amari esan nahi duzu?

emakumea: Bai. Leku guztietan dagoen ama horri. Jon, etxera etortzeko esan diozu?

gizona: Nori?

emakumea: Jode! Esan dizut! Nire amari! Ez zenion hona bizitzera etortzeko esango, ezta? Hona etortzeko esan diozu? Etxe honetara bizitzera?

gizona: Gauzak errepikatzen ari gara, ezta? Zenbat aldiz galdetuko didazu?

ama: Auuuu!

emakumea: Erantzun bat jaso arte galdetuko dizut, infinito! Hori esan diozu?

gizona: Esan, esan... ez.

emakumea: Bai ala ez!!

 

(gizonak zintzilika dauden kaskoak hartu eta emakumeari eskainiko dizkio.)

 

gizona: Tori, erlaxatu... Iradokizuna izan dela esango nuke nik. “Nahiko bazenu etorri..., orain ongi etorria izango zara”. Holako zerbait esan diodala... uste dut.

emakumea: Orain?! Baina zergatik orain eta ez hilabete pare bat barru edo, esan genuen bezala?

 

(ama lorategian aitzurrarekin prest, satorrak noiz burua argitara aterako.)

 

gizona: Egia. Egongo da arrazoiren bat. Beti dago arrazoi bat. Gogoratu besterik ez da egin behar. Eta nik ezin dut gogoratu esan behar nizun hirugarren gauza, eta oso inportantea zen... Lore, jantzi zaitez, mesedez.

emakumea: Ez dut jantzi nahi. (Zuzenean publikoari mintzatuko zaio) Esan egin dio, etortzeko esan dio.

gizona: Berriro ari zara. Norekin ari zara hizketan?

emakumea: Satorrekin, nire etxe berriko satorrekin.

 

(emakumea, kartoizko kaxa baten azpian sartu da. Aldi berean, ama, satorra antzemanda, zutitu egingo da aitzurra altxatuta.)

 

emakumea (off): Satorra lur azpian bizi den animalia txikia eta bakartia da. Azal lodikoa. Eguzki bila, lurra zulatu eta bideak eraikitzen ditu. Horretarako aurreko hankak muturraren aurrean jarri eta lurrean hondoratzen ditu, eta ondoren lurra atzerantz bota. Baina eguzkia ikusten duenean itsu geratzen da eta nahiago lur azpian bildu.

gizona: Lore... Zertan zabiltza? Lore, mesedez! Aterako zara hortik? Atera hortik eta jantzi! Pijama horrekin erridikulua egingo duzu. Nirea da gainera. Esango duzu zerbait, mesedez?