Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
22. eszena
(emakumea 1 eta gizona eztabaidan. Beste bi emakumeak aulkietan eserita, eszenaren eskuineko atzeko aldean.)
emakumea 1: Ezin dut gehiago. Ezin dugu horrela jarraitu. Ez dut horrela jarraitu nahi.
gizona: Zertaz ari zara?
emakumea 1: Hara, ez dakit zer gertatzen ari zaigun, baina hau ez da nik nahi dudan bizimodua. Hau ez da umeari eskaini nahi diodan familia giroa.
gizona: Ez sartu umea honetan.
emakumea 1: Nola ez dut ba sartuko? Gu gara bere gurasoak eta gure artean gauzak ez doaz ondo.
gizona: Ez ezazu lelokeriarik esan!
emakumea 1: Ez dakit zer gertatu zaigun. Ni saiatu naiz... saiatu naiz...
gizona: Saiatu zertan? Nik esaten dudan edozerk molestatzen zaitu, nik egiten dudan guztia kritikatzen duzu... tuntuna.
emakumea 1: Ez esan hori.
gizona: Zergatik ez, egia bada? Zure familiak esaten dizuna bakarrik hartzen duzu kontuan. Txorimalo hutsa zara.
emakumea 1: Hori ez da egia.
gizona (boz goraz): Bai, la hostia! Horixe da egia!
emakumea 1: Ez oihurik egin, umea esnatuko duzu.
gizona: Utzi umea bakean!
emakumea 1 (ezetz egiten du buruarekin).
gizona: Atzo bertan, zer ordutan etorri zineten kaletik... horiek ez ziren orduak besotako ume batentzat. Gosez akabatzen ekarri zenuen.
(emakumea 1 egoerak gaindituta dago. gizonaren ahotsa entzuten jarraitzen dugu, baina gero eta urrutiago. Bitartean emakumea 1 emakumea 2ri zuzentzen zaio.)
emakumea 1: Orain behar zaituztet. Esaiozue zerbait... esaiozue esaten ari den hori ez dela egia.
emakumea 3: Zuk esan behar diozu. Gauza bakarra: apartatu egin nahi duzula.
emakumea 1: Kito. Amaitu da. Apartatu egin nahi dut.
gizona: Apartatu? (Isiltasuna) Ederki... Erraza daukazu. Badakizu atea non dagoen…
emakumea 1: Umea eta biok joango gara. Ez dizut ezer eskatuko.
gizona (kokotsetik heltzen dio): Umea eta biok? Ez duzu usteko umea zurekin eramango duzunik!?
emakumea 1: Baina...
gizona (oso tinko): Ospa egin nahi baduzu, hor daukazu atea. Umea hemen geratuko da. Nirekin.