Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
26. eszena
(Hiru emakumeak oholtzaren atzeko aldean, aulki banatan eserita, epaiketa baten aurrean. gizona haien atzean batari eta besteari begira, erotzeko zorian.)
gizona (emakumea 2ri buruz): Erotuta nauka, erotu egiten nau. Berdin du isilik edo geldi geratuta ere. Zergatik hitz egiten du hitzik gabe? Nolaz esan dezake dena begiz? Begi beltz horiek, izan ere… (emakumea 1i) Lehen egunetik erotu ninduten eta niretzat izango zirela pentsatu nuen. Gogoan duzu gure lehen eguna? Zoriontsu ematen zenuen nirekin.
(emakumea 2ri begiratuko dio berriro.)
gizona: Begiraiozue orain... Begiraiozue. Begirada labanak baino zorrotzagoa du eta begiek ahotsari kendu diote tokia. Begiekin bakarrik hitz egiten du. Eta hala ere, bere begiek ez didate begiratzen. (Pausa) Begiraidazu! Gorroto dut zure isiltasuna. Mingarria da. Are gehiago, hilgarria. Ez nazazu horrela tratatu, mesedez. Maiteago zintudan hitzontzi. Esadazu zerbait, ostia!
emakumea 2: Zergatik ez didazu alde egiten uzten?
gizona: Neurea zarelako, neurea baino ez.
emakumea 2: Eta zu nor zara hori pentsatzeko?
gizona: Gizona. Etxe honetako gizona. Zure gizona. Zeurea baino ez.
emakumea 2: Amak gizona jaio zintuen.
gizona (errukior): Gizon ekarri ninduen mundura, bai, eta halaxe hezi. Gure etxean ez zen sekula horren kontrako hotsik altxa. Goizero, aita esnatzerako, ama sukaldean zen. Ez zuen nekerik. Gosaria jartzen zion eta aitak gosaltzen zuen bitartean ogitartekoa prestatzen, eta aldi berean, arropak atontzen zizkion eta lanera abiatu aurretik egun ona izateko desiratzen zion irribarrez. Gero, gu esnatu bitartean, arropak garbitzen zituen. Gure etxean gizonak gizon ziren, eta horrek gure ama zoriontsu egiten zuen. Ezin al duzu hori ulertu? Zu zergatik ezin zara izan zoriontsu nire ondoan?
emakumea 2: Ni ez naiz zure ama. Ez zaitut berak bezala maite.
gizona: Zergatik ez? Zure senarra naiz.
emakumea 2: Horrek ez zaitu nire ametsen jabe egiten. Ez naiz zurea. Zu nirea ez zaren neurri berean. Ez daukazu ni zure erara erabiltzeko eskubiderik. Nik amets batzuk nituen... zuk bezala.
gizona: Ez hasi betiko txolinkeriekin. Ametsak eta ostiak!
emakumea 1: Utziozu hitz egiten.
gizona: Zu ixo! (emakumea 2ri) Eta zuk, segi hizketan.
emakumea 3: Zertarako? Zure belarrietara ez dira bere hitzak iristen. Eta iritsita ere beti bilatuko diezu beste esanahiren bat, bere kontra erabiltzeko moduko esanahiren bat.
gizona: Ez! Hori ez da egia! (emakumea 1i) Sinetsidazu, nik... nik maite zintudan... maite zaitut oraindik, ikaragarri. (Publikoari) Askotan eguna argitzen duenetik iluntzeraino lan egiten dut, familia hau aurrera ateratzeko. Baina etxera iritsi eta hemen ez da bakerik: beti dauka zerbait leporatzeko, aurpegiratzeko, esateko, edo, okerragoa dena, isiltzeko. (emakumea 2ri) Ez horrela begiratu, jode! (Ikusleei) Ez dauka eskubiderik ni horrela tratatzeko. Nik ez diet sekula minik egin. Ez. Sekula, sekula ez diet eskua gainean jarri. Ez ditut beste batekin engainatu —eta ez da aukerarik izan ez dudalako—. Dios! Zer egin behar dut emakume hauekin? Erotu egingo naiz eta azkenean ezbeharren bat egitera behartuko naute. Eta ez nuke nahi...
(emakumea 2rengana hurbilduz) Familiarena da erru guztia. Kategoria handikoak denak. Eta ni gutxiegi iruditu! Mekaniko gizajotxo bat. Erdeinuz begiratzen didate, lehen egunetik. Madarikatuak denak! Ez didate emaztea lapurtuko. Ez didazue umea kenduko. Begietan ikusten diet niganako gorrotoa, baina ez diet utziko.