Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

23. eszena

 

(Lehen aldiz emakumea 1 jakitun izango da emakumea 2 bera izan zela.)

 

emakumea 1: Zergatik ez zenuen egin?

emakumea 2: Ez dakit...

emakumea 1: Umea hartu eta momentu hartantxe egin behar zenuen alde.

emakumea 2: Ezin nuen, ezin nuen...

emakumea 1: Zergatik ez? Badaukat lana.

emakumea 2: Hori ez da dena. (Pausa) Ez dakit, pena eman zidan... Amak ere umearekin pentsatzeko eta aguantatzeko eskatu zidan... Fedea izateko.

emakumea1: Fedea? Fedea izan behar dut?

emakumea 2: Beldurra neukan, ulertzen?

emakumea 1: Beldurra zeri? Umea galtzeari?

emakumea 2: Bai!

emakumea 1: Ez zen ausartuko. Ezingo zuen umeaz arduratu. Ez zuen asmatuko.

emakumea 2: Horrek ze axola du! Izututa nengoen.

emakumea 1: Zergatik, baina? Zu emakume ausarta zara. Oso ausarta!

emakumea 2: Ez... koldarra naiz, oso koldarra... zuk uste baino gehiago.

emakumea 1: Baina ez duzu maite, jode!... ala bai?

 

(Isiltasuna. emakumea 1 plataforma borobilera hurbildu eta etzanda jarriko da. beltzez jantzitako emakumeak, bitartean, plataformari eragingo dio astiro-astiro. gizona atzeko plataformaren eskaileretan dago, erabat etsiturik.)

 

emakumea 2 (publikoari): Apartatuko nintzela esan eta gero, egun osoan ez zuen ahorik zabaldu. Ez zuen ezer egin... etxean egon, sofan eserita. Ikusi bazenute ze begirada tristea zuen... Apenas jan zuen egun guztian... eta gaua ere sofan egin zuen. Eguna argitu orduko, ordea, ohean sartu zitzaidan barkamen eske. Ikaragarri maite ninduela esaten zidan negarrez behin eta berriz... xuxurlatuz...

 

(gizona emakumea 1engana doa damuarekin.)

 

gizona: Barkaidazu, Mari. Barkaidazu... ez nazazu utzi. Ni zu gabe ez naiz inor... nik maite zaitut... zu gabe ezingo naiz bizi. Zu eta Antton, beste inor ez daukat munduan.

emakumea 3: Hori egia zen...

emakumea 2: Hain ederrak eta egiazkoak ziruditen bere hitzek...

emakumea 3: Bi hilabete lehenago ama hil zitzaion. Bere ama maitea! Ustez beretzat zen baserria arrebari utzi zion amak oinordetzan. Enteratu zenean, ikusi egin behar zenuten.

emakumea 2: ...edo esaten zidan hura egia izatea behar nuen, ulertzen? Familia bat ginela sentiarazi zidan berriz. Familia maitagarri bat.

gizona (testamentuari erantzunez): Zer???!!!

 

(gizona zutitu eta basati agertuko da.)

 

emakumea 3: Gorpua oraindik epel, arrebarengana joan eta umeen aurrean denetarik deitu zion.

gizona: Emakume madarikatuak! Aitak ez zuen hau onartuko. Baserri hori niretzat zen!

emakumea 1: Lasaitu zaitez, mesedez... zure amak hala nahi izan badu...

gizona: Ez, hori ez zuen gure amak bere kabuz erabakiko, hori Arantxaren kontua izan da.

emakumea 1: Batena edo bestearena izan, ze axola. Arantxak hartu zuen etxean zure ama.

gizona: Eta zer?

emakumea 1: Berak zaindu duela urte guztiotan, hil arte.

gizona: Horrek ez dio nirea zena lapurtzeko eskubiderik ematen. Lapur zikina! Enteratuko da!

emakumea 3: Auzitegiraino eraman zuen kontua eta familiarekin betiko hautsi zuen.

emakumea 2 (emakumea 1i): Sentitzen dut. Ezin izan nuen alde egin.

emakumea 1: Nik, bai. Ni banoa. Gaur bai.

 

(beltzez jantzitako emakumeak maleta utzi dio eskaileretan prest.)

 

emakumea 2 (aho txikiz): Ez... gaur ere azken momentuan atzera egingo duzu.

emakumea 1: Zaude isilik! Zuk zer ote dakizu! (emakumea 3k umea itzuli dio) Orain lo dago. Momentu ona da alde egiteko.

emakumea 2: Zoaz!

emakumea 3: Bai, zoaz hemendik...

 

(emakumea 1ek maleta eskuetan hartu ondoren, bi pauso emango ditu aurrera. Baina gizona esnatu eta emakumea 1 izoztuta geratuko da. gizona hurbiltzen zaio.)

 

gizona: Non zeundeten? Zatozte, zatozte… Ni ezin naiz zuek gabe bizi. Goazen ohera, maitea. Umea negarrez ari da! Zatozte...

 

(gizonak besoetan hartzen ditu biak oheratzeko.)

 

emakumea 1 (beste emakumeei): Ezin dut... ezin dut. Gaur ez, gaur ezin diot hau egin...

emakumea 3: Bai! Gaur ez bazoaz...

emakumea 2: ...hamar urte geroago bertan jarraituko duzu.

emakumea 3 (emakumea 1i): Hortxe, toki berean, mugitu ezinik, geure maiteaz errukituz... (emakumea 2ri) Zergatik?

 

(emakumea 1ek begi sarkorrez begiratuko dio.)

 

emakumea 2 (publikoari): Hantxe geratu nintzen beste behin, bere besoen berotasunean iltzatuta. Ezer ez nintzela. Errua, beldurra, damua... maitasuna? Ez dut hitzik topatzen momentu hartan zer sentitu nuen esateko... Ohean sartu ginen hirurok. Nik umeari heldu nion eta berak atzetik heldu zidan niri eta orduan laztan eta xuxurlen doinutan bere egin ninduen...

 

(Oholtzaren bestaldean emakumea 1 umea besoetan duela. gizonak emakumea atzetik heldu eta gona igo ondoren, basati, bortxatu egingo du. emakumea umeari helduta isilik egongo da, isilik negarrez.)

 

gizona (hasperen sarkorra).

emakumea 2: Gau argia zela gogoan dut, izartsua... Eta nire barruan isurtzen ari zen bitartean, izar iheskor batek zeharkatu zuen leihoa. Eta nik Anttoni begiratu nion: hain goxo zegoen lotan... Neu ere gorputzen epelean lokartu egin nintzen. Hain nekatuta nengoen...