Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

19. eszena

 

(umea gizonarekin, plataforma borobilean. umea aulkian eserita eta gizona zutik.)

 

umea: Aita, zergatik egiten diozu oihu amari? Ez duzu maite?

gizona: Aldrebes, maite dudalako hitz egiten diot horrela. Hara, zure amak batzuetan ez daki zer esaten duen ere. Txolinduta dago zeharo eta horrek urduri jartzen nau.

umea: Zergatik?

gizona: Handitzen zarenean konturatuko zara. Zure amari… zure amak uste du dena ondo egiten duela. Uste du perfektua dela. Ulertzen? Eta ez da perfektua. Inor ez da perfektua. Eta etxe honetan, berak hala uste badu ere, ez du berak agintzen. Beti zintzo aurpegi horrekin. Orain ez didazu ulertzen, baina zu ere konturatuko zara, handitzen zarenean konturatuko zara.

 

(umeak baietz egingo dio buruarekin.)

 

gizona: Konturatuko zara zu ere nola begiratzen diguten: konturatuko zara… Oraindik ez. Zuretzat ama da. Baina gero ez dira ama. Gero… gero goitik behera begiratzen digute. Gero, dena gaizki egiten dugula sinetsarazten digute, eta…

umea: Ez dut ulertzen.

gizona: Ulertuko duzu. Denborarekin. Eta gu ez gara eurak baino okerragoak. Ezta ergelagoak ere.

umea: Amak oporretara joan nahi du.

gizona: Ikusten? Oporretara joan nahi du. Galdetu al digu guri nora joan nahi dugun?

umea: Zuk ez al duzu nahi?

gizona: Jakina nahi dudala! Eta joan egingo gara. Baina hori baino lehen... Zatoz...

umea: Hala, ze kotxe polita!

gizona: Gustatzen?

umea: Asko!

gizona: Inguruko guzien inbidia piztuko dugu honekin, seme. Eta edozein tokitara joango gara.

umea: Kanarietara ere bai?

 

(gizona gelditu egingo da. Amorratuta.)

 

gizona: Orain ere berotu dizu burua amak, e?

umea: Ez, nik...

gizona: Hara, ume. Zer da garrantzitsuena?

biak: “Garrantzitsuena auto on baten jabe izatea da”.

umea: Orain daukaguna ez al da ona?

gizona: Ez hau bezain segurua. Honek ez du hutsik egingo sekula. Berrehun zaldiko motorra, kanbio automatikoak, zortzi airbag, eta gurpilak… perfil baxuenekoak. Kotxe honekin hegan egingo dugu.

umea: Hegan?!

 

(gizonak besoetan hartuko du umea eta hegazkina bailitzan, jolasean hasiko da.)

 

umea: Aita, aita.... ez! Jaitsi!

 

(gizonak aztoratuta jarraitzen du.)

 

gizona: Brum! Brum!!! Ez duzu hegan egin nahi?

umea: Ez, aita! ez!

gizona: Zuk ez al zenuen oporretara joan nahi?

umea: Aita, aita, jaitsi hemendik!

gizona: Ezin dut! Bartzelonara egin dugu hegan! Karrera ikusten zaude! Brum! Brum!!!

umea: Zuk nahi duzuna, aita! Bale! Baina jaitsi hemendik.

 

(gizonak umea besoetatik jaitsi eta lasaitu egingo da.)

 

gizona: Oso ondo. Orduan ez dago gehiago hitz egin beharrik. Oraintxe bertan bankura joan eta autoa enkargatuko dugu. Zer iruditzen?

umea: Zuk nahi duzuna, aita.