Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

3. eszena

 

(emakumea 1 zutitu eta plataforma borobilera igoko da. Han gizona dago. Elkar ezagutu zuten momentua bizi dute.)

 

emakumea 1: Maite nauzu?

gizona: Maite zaitut.

emakumea 1: Zenbat?

gizona: Ezin dizut esan. Ezin dut neurtu.

emakumea 1: Bai, neurtu dezakezu. Zenbat?

gizona (era apasionatuan bereganatuz, xuxurlatuz): Oraintxe esango dizut. Zure begiak, bost kilo maitasun.

emakumea 1 (publikoari): Oso begi politak nituela esan zidan egun hartan. Elkar ezagutu genuen egunean...

gizona: Maite ditut zure begiak bost kilo. Eta beste hainbeste, zure sudur txiki hori. Ez. Sei, sei kilo maitasun.

emakumea 1: Xuxurlatuz hitz egiten zidaten lehen aldia zen. Hain da ederra xuxurlatutako hitza. Erreka txikiko uraren soinua bezain… ume beldurtuarentzat amaren besarkada bezain... Xuxurlatuz…

gizona: Beste hamar kilo maitasun zure ezpain mardul eta hezeengatik. Zenbat kilo noa? Hogeita bat kilo bai, gutxienez.

emakumea 1: Elkar ezagutu eta hogeita bat egunera musukatu ninduen lehendabizikoz.

gizona: Berrogei osatzeko bularrak behar ditut: hemeretzi kilo maitasun. Hor egonalditxoa egin eta gero jiratu egingo zaitut eta bizkarra lapurtuko dizut oso-osorik. Neurtezina da hori.

emakumea 1: Berrogeigarren egunean oheratu ginen. Eta ordurako, kateatua nengoen bere hitzen xuxurlan. “Baditut beste ehun kilo maitasun oraindik zuretzat gordeak”, esan zidan.

gizona (off, xuxurlan): Horren leuna, horren zuria zure bizkarra, bertatik irrist egiten dut izterretaraino. Eta irrist oin-puntetaraino... Hamar, gehi hamar, hogei eta beste hogei, berrogei... guztira, zuretzat oso-osorik, laurogeita zazpi kilo maitasun.

        (Pausa) Erantzun al dizut?

emakumea 1: Maite zaitut.