Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

5. eszena: Satorra

 

(amaren aitzurkada.)

 

emakumea: Umetan beldurra nion iluntasunari, izugarrizkoa. Zulo beltz-beltz hura nire amesgaiztorik okerrena zen. Argia itzaltzean ezer ikusten ez dela esaten duena oker dabil. Iluntasuna pareta txuri bat izan daiteke edo egurrezko mahai bat beltzez margotuta, edo argi zuria belztuta. Dena beltzez margotuta: beltzak oheak, beltzak nire eskuak, beltzak ateak eta leihoak. Eta bat-batean, mamu beltzak nire gelan sartzen saiatzen dira. Sei urte ditut. Eta beldurra uxatzeko mamu bakoitza zuriz pintatzen saiatzen naiz, baina orduan kontrakoa gertatzen da! Zuriz pintatuta mamuak hobeto ikusten dira eta handiagoak egiten dira, eta beldurra izu bihurtzen da. Orduan amari deitzen diot: —Ama, etorri, beldur naiz… ama!

 

(ama sukaldera doa.)

 

        Eta emakume hura logelara sartzen da eta eskua ematen dit, baina ikara ez da desagertzen. Eta badakit orain gauza bera gertatuko zaidala, bere eskuek ez didate kenduko gainean dudan ezinegona, ulertzen?

gizona: Bai. Hartu nirea, nire eskua.

 

(emakumea kutxan babestuko da berriro.)

 

emakumea: Elkarrekin egoteko hitza eman genion elkarri.

gizona: Irten hortik mesedez, ezin zara ilunpetan bizi.

emakumea: Zergatik ez? Eguzkiak itsutzea okerragoa dela ikasi dut. Nire erabakia da.

gizona: Atera egin zait! Bere bi begi txiki horiekin begiratu dit eta galdetzen ari zitzaidala iruditu zait. Eta iruditu zait esanda zu poztu egingo zinela. Horixe nahi zenuela uste nuen... Zuregatik egin dut.

emakumea: Venga, ya! Eta nik sinetsi!

 

(ama sofan, bazkaltzen.)

 

gizona: Ez dut zu bakarrik egoterik nahi.

emakumea: Ez dut zaintzailerik behar. Aski naiz neu.

gizona: Ados. Orduan banoa.

emakumea: Ausartuko zara?

 

(emakumeak ez du espazioa errekonozitzen, harrituta begiratzen du.)

 

emakumea: Zergatik daude kaxa hauek guztiak etxea betetzen?

gizona: Gure trasteak dira. Etxez aldatu ginen, ez duzu gogoratzen?

emakumea: Ez.

gizona: Bai, etxe handiago bat, gela bat gehiago izateko badaezpada, zure...

emakumea: Gure ama?

gizona: Bai. Zure amari tokia egiteko.

emakumea: Ez! Ez! Ez!

 

(emakumea kaxan sartzen saiatuko da berriro. gizonak ez dio utziko.)

 

gizona: Et, et, et! Nahikoa da kutxatxoen jolasarekin!

emakumea: Baina hau gure etxea da… Ez duzu ulertzen?!

gizona: Egunero deitzen diozu! Ez dago egunik hori egiten ez duzunik. Eta zerorrek diozun bezala, gehienetan ezer ez esateko, baina egunero! “Ordu honetan eta ni oraindik amari deitu gabe!”... Egunero! Esan ez dela egia.

 

(ama, platera eskuetan, sofan eseri da patxadan bazkaltzeko asmoarekin.)

 

emakumea: Ez gaitzazu elkarren kontra jarri.

gizona: Lore, gorbata berdea topatu orduko joan egin beharko dugu. Ui! Gose naiz. Hau ez al da orain arraroa?

gizona: Zure ama kroketak egiten eta loreak zaintzen onena da... Gorbata eta banoa!

emakumea: Jantziko naiz! Baina ez joan oraindik, mesedez.

gizona: Ados. Pertsona normalak bezala portatzea proposatzen dizut. Hitz egin dezakegu pertsona normalen moduan?

emakumea: Ezin dut! Badakizu zenbat kosta zaigun ama eta bioi normalak izatea? Ama-alaba normalak, esan nahi dut.

gizona: Hemen kanpotik denok gara normalak eta gero barrutik denok gaude izorratuta.

emakumea: Ez dakizu zenbat kosta zaidan “ama” hitza, hitzak duen zentzu guztiarekin, ahoskatzea. Ezin nuen! Urteak behar izan ditut berari buruz estresatu gabe hitz egiteko, ama miresteko gai nintzela konturatzeko, haren gainean kakarik ez egiteko!

gizona: Makarra hutsa zarela ematen du eta nik gutxi ikusi ditut zuk beste euren ama errespetatzen.

emakumea: Errespetua eta beldurra hurbilegi daude elkarrengandik.

ama: Auuu!

 

(gizona ere altxatu da.)

 

emakumea: Gainera ni beste zerbaitez ari naiz. Ilusioaz ari naiz, berarekin arratsalde bat pasatzeko ilusioaz, edo nik zer dakit, bi musu emateko ilusioaz. Behin moztuta, zilbor hesteak ez du beti dena lotzen, ulertzen? Akojonatuta nago.

gizona: Nahikoa da. Zu ez zara beldurtia.

emakumea: Amarekin bai. Berriz bihurtuko naiz beldurtia, eta badakit! Beldurrez arituko gara batak bestearen gogoa bete nahian eta desastre hutsa izango da. Nik kontra egingo diot, uneoro, eta lore bat beharrean kardua aurkituko du aurrean. Kardu lehorra.

gizona: “Karduak lur lehorrean lore miresgarriak dira”, Harkaitz Cano.

emakumea: Ze tontoa zaren!

 

(emakumea, barre egin ondoren, pentsakor geratuko da.)

 

emakumea: Ez diot behar baino irribarre gehiago egingo, ez dut den modukoa onartuko eta ez dut konplizetzat hartuko!

gizona: Ni naiz zure konplizea. Lagunduko dizut.

 

(emakumeak musu ematen dio, baina amorruz hozka egiten dio.)

 

emakumea: Amarik gabe utzi nauzu!

gizona: Ez al duzu uste gauzak bere onetik ateratzen ari zarela? Ez dituzu hamahiru urte, jode!

 

(emakumea, entzungor, aulkira doa.)