Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
12. eszena: Otsoa
emakumea (off): Kaixo, ama, zer moduz?
ama (off): Betiko legez. Zu ondo?
emakumea (off): Bai. Dena ondo.
ama (off): Lanean egongo zinen. Deitu dizut eta ez duzu hartu.
emakumea (off): Ezin nuen hartu.
ama (off): Eskerrak hil behar nuela esateko izan ez den.
emakumea (off): Medaila bat ekarri dizut botoi batekin; horixe ekiditeko, hain zuzen ere.
ama (off): Medaila bat niri? Zertarako?
emakumea (off): Hil aurretik hiltzen ari zarela jakinarazteko.
ama (off): Jesus umea, hainbeste hil eta hilondo, ni hiltzea nahi duzula ematen du.
emakumea (off): Medaila berezia da. Zerbait gertatuz gero eta bakarrik egonda, botoi honi eman eta segituan norbait jarriko da zurekin kontaktuan.
ama (off): Eman egingo diot.
emakumea (off): Ez ba, ez eman.
ama (off): Emango diot.
emakumea (off): Ezetz, hau ez da jolasteko.
ama (off): Zertarako den ikusi nahi dut.
emakumea (off): Ama, gogoan duzu Pedro eta otsoaren ipuina? Umetan kontatzen zenidana eta nik hainbeste maite nuena? Berriro entzun nahiko nuke.
(emakumea eta ama-otsoa, sofan eserita. gizona aulkian.)
gizona narratzailea: Bazen behin ama otso bat.
ama: Auuuu!
gizona narratzailea: Dolores zen bere izena. Munduan nagusiak egin diren milioika otso-pertsona horietako bat zen Dolores. Eta tarteka ohore egiten zion bere izenari.
ama: Auuu!
gizona narratzailea: Errua telefonoarena da. Ez du askorik jotzen. Gaur telefonoak jo du, ordea: “Gaur ere ezingo zarela etorri?”.
ama: Auuu!
gizona narratzailea: “Ez naiz ba ondo sentitzen”. Doloresek halaxe esan dio alabari, eta alaba bisitan doakio. Medaila bat eramango dio. Medaila berezia da: benetan gaizki sentitzen denean erabiltzeko.
(emakumeak sofatik irrist eginda, lau hankan, geldo, animalia gisa, eszenaren aurrean dagoen lur multzoarekin bat egingo du.)
ama: Auuuu!
gizona narratzailea: Bigarren egun batez, Dolores otsoak minaren botoiari eman dio eta telefonoa joka hasi da. Bestaldean mutil baten ahotsak ea ondo dagoen galdetu dio gozo. “Ez, laztana, ez nago batere ondo. Mina sentitzen dut, bihotzean hasi eta tripetaraino. Zer ote da hau?”. Mutilak ez arduratzeko esan dio, lasaitzen saiatzeko. Alaba, lana utzita, korrika doa. Deitu egin diote. “Ama! Ondo zaude, ama? Erori egin zara? Non duzu mina?”.
ama: Auuuuu!
gizona narratzailea: Alabak errieta egin dio eta korrika itzuli da lanera. Hirugarren egun batez, Doloresek medailoiari eman dio berriro. Oraingoan bestaldean neska gazte batek atendituko du. Hauxe kasualitatea: bere alabaren izen berbera dauka! “Lore, ez naiz ondo sentitzen”. Bitartean, Lore alaba, ziztuan dator berriro. “Ama! Non zaude? Zer gertatu da oraingoan?”. Dolores otsoa sukaldean da. Afari goxoa prestatu dio. Alaba mutu dago. Alaba sututa dago.
emakumea (basati): Auuuu!
gizona narratzailea: Alabak oihu egin dio otsoari. Eta otsoa isildu. Alabak atea kolpe batez itxi eta korrika alde egin du. Korrika ari da. Korrika dabil kolpetik gaizki sentitzen hasi eta gelditzen den arte. Amari deitu dio minez itota. Ur falta duela esan nahi dio. Dena esan nahi dio, baina aurretik beste ahots batek esango dio telefono hori itzalita edo koberturarik gabe dagoela.