Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
10. eszena
gizona: Esan didazula? Noiz?
emakumea 2: Lehengoan, baina ez zenidan entzungo.
gizona: Esan bazenit entzungo nuen. Ez naiz gorra!
emakumea 2: Igual arrazoi izango duzu. Beharbada ez nizun esango.
gizona: Banengoen ni!
emakumea 2: Orain hitz egin dezakegu?
gizona: Non da umea?
emakumea 2: Kalean. Lagunekin.
gizona: Berarekin telebista ikusteko gogoa neukan.
emakumea 2: Laster etorriko da. Oposizioak egingo dituzte berriz eta saiatu egin nahi dut.
gizona: Lehen ere esan didazu. Ez naiz gorra.
emakumea 2: Antton handia egin da eta orain asti gehiago daukat niretzat.
gizona: Jode, astia! Ez duzu zorte makala! Pasaidazu mandoa.
emakumea 2 (mandoa ematen dio): Arratsaldetan ikasiko dut. Umeak beti dauka zerbait eta ezin denetan, gauez.
gizona (entzungor): Zer ostia gertatzen zaio telebista puta honi?
emakumea 2: Lehen bazebilen. Utzidazu.
gizona: Imajinatzen nuena, arratsalde osoa telebista ikusten pasatu duzu! Kasuen!
emakumea 2: Akademia baten apuntatu naiz eta bihar hasiko naiz.
(Isiltasun latza.)
emakumea 2: Umea etxeratu orduko bueltan egongo naiz.
(gizonak telebistaren mandoa hortik zehar jaurtiko du. Sukaldera doaz berriro.
umea gelara dator, plataforma borobilean, eta handik urduri, gurasoen elkarrizketa entzuten duen bitartean, oheratu egingo da.)
gizona: Eta nik ez dut inporta? Astean birritan etxean jaten dut.
emakumea 2: Bazkaria prest utziko dizut, mikroondasean berotu eta jateko listo.
gizona: Ezetz esan dut!
emakumea 2: Zergatik ez? Zuri ez dizu eragingo. Ateraz gero, postuz hobetuko dut.
gizona: Eta zuk sinetsi, ergel horrek! Ez zara gogoratzen zer egin zuten nirekin, ala? Ez, zu ez zaituzte engainatuko.
emakumea 2: Mesedez, Andoni, oraindik horrekin? Gainera, honek ez dauka zurearekin zerikusirik. Egia da baditudala aukerak.
gizona: Ezetz esan dut! Ez duzu denbora alferrik galduko. Eta burua berotzen aritu zaizun horri esaiozu gure bizitzan ez sartzeko.
emakumea 2: Baina zer esaten ari zara? Inork ez dit burua berotu...
gizona: Ezetz? Ezagutuko ez banitu...
emakumea 2: Noiz ulertuko duzu nik neure iritzi propioak ditudala.
gizona: Zuk, zera izango duzu zuk! Gaixoa! Ama edo ahizpa ez direnean, Ainhoa da eta bestela laneko norbait. Nor izan da, Patxi?
emakumea 2: Zer?
gizona: Horrek beretzat nahi zaitu...
emakumea 2: Baina zer diozu? Patxi eta nire artean ez dago ezer, lankidetza on bat besterik ez... Gauzak bere onetik ateratzen ari zara.
gizona: Ez niri horrela hitz egin, entzun?
emakumea 2: Zuk ere ez ni horrela tratatu. Ikasteko erabakia neurea izan da, neurea bakar bakarrik.
gizona (sututa): Ez duzu denbora alferrik galduko, ez behintzat niri zeinen azkarra zaren aurpegiratzeko!
(Isiltasuna.)
emakumea 2: Ohera noa.
umea: Ama...
(umeak pixa egin du. Lurrean putzu bat ageri da. emakumea 2k ohea garbitu eta laztandu egingo du.)