Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
8. eszena: Argi
(ama lorategian loreak landatzen. emakumea lorategian, loreak lurrez estaltzen. gizona kutxen artean trasteak begiratzen.)
ama (off): Baina hau zer da?
emakumea (off): Zer, ama?
ama (off): Loreak. Ura behar dutela.
emakumea (off): Atzo bota nien.
ama (off): Atzo? Nahikoa ez. Ez duzu ikusten nola dauden?
emakumea (off): Ba ez. Zer dute?
ama (off): Kariņo falta, horixe baino ez. Etxe honetan kariņoa falta da. Ez duzu ikusten nola dagoen hau?
emakumea (off): Ez dut loreetarako eskurik.
ama (off): Interes pixka bat jartzea da. Niri asko gustatzen zaizkit, badakizu. Poza ematen didate.
emakumea (off): Eraman etxera. Oparitu egiten dizkizut.
ama (off): Bai zera, zuk badakizu zenbat lore ditudan nik? Handiena eta politena, zeu gainera.
emakumea (off): Ama...
ama (off): Badakit zer esango didazun esan aurretik, eta barkaidazu, baina beste ume bat, horixe da zuk behar zenuena.
emakumea (off): Ez dago umerik. Kito.
ama (off): Kito, kito, halaxe amaitzen dituzu zuk elkarrizketa guztiak. Jontxu non dago? Berari esango diot loreak zaintzeko.
emakumea (off): Ez nuke asmatuko.
ama (off): Zuk esateko ez da asko. Lore ordez, Dolores izena jarri behar nizun.
emakumea (off): Dolores zure izena da ama.
ama (off): Barkatu, baina batzuetan…
emakumea (off): Min bat naiz. Kronikoa. Badakit.
(ama lorategian loreak zaintzen. gizonak hartz panpina bat atera du kutxetako batetik eta emakumeari erakutsi dio.)
gizona: Argi... Argik hamar urte izango zituen orain.
(emakumea adi geratu zaio. Urduri, gizonari panpina eskuetatik kendu eta ausaz kutxa batera jaurtiko du.)
emakumea: Ixo!
(Isiltasun laburra.)
gizona: Zuk zergatik ez duzu izen hori inoiz berriro aipatu, Lore? Zergatik ez duzu inoiz saiatu nahi izan berriro?
(emakumea gelako kutxak jasotzen eta tokiz aldatzen hasiko da, entzungor.)
gizona: Nik bai, nik beste ume bat izan nahi nuen berriz. Lore, mesedez, utzidazu esaten: nik nahi nuen, ume bat izan nahi nuen zurekin. Lore…
(emakumea garagardo batekin agertu da. Trago bat eman ondoren, gizonari eskainiko dio.)
emakumea: Urteak dira txakur bat hartzeko esan nizula.
gizona: Txakur bat? Nik ez dut txakurrik nahi etxean.
emakumea: Ezta nik ere ama gure teilatupean!
(ama kutxa baten barruan eserita. Burua urruti. emakumea mikrofonoaren azpian, lurrarekin jolasten. gizona aulkian mikrofonoa eskuetan.)
gizona narratzailea: Neska gaztea haurdun dago. Hemezortzi urte ditu.
emakumea: Hemeretzi urte nituen.
gizona narratzailea: Hemeretzi urte ditu.
emakumea: Zergatik gogoratzen dut hau orain?
gizona narratzailea: Mutil guapoak harrituta begiratu dio. “Zer gertatu da?”, “Ez dakit”, esan dio neskak.
emakumea: Desio handiarekin egin nuen, baina beste ezer sortzeko desiorik gabe.
gizona narratzailea: “Ez genuen kondoirik erabili, gogoratzen?”, esan dio neskak. Mutila isildu egin da.
emakumea: Bederatzi asterekin egin nuen.
gizona narratzailea: Neska isildu egin da.
emakumea: Lur azpian satorrik antzematen ote nuen entzuteko isildu nintzen.
gizona narratzailea: Satorrak itsusiak iruditzen zaizkio...
emakumea: Oraindik ez nituelako ezagutzen.
gizona narratzailea: ...hilda ikusi dituelako beti. Aitak hilda.
emakumea: Eta hildakoek ez dute itxura onik izaten, nahiz eta satorrak izan.
gizona narratzailea: “Abortatu nahi dut”, esan dio neskak bat-batean. Eta zazt! Aitaren aitzurrak satorraren burua jo du seko. Emakumeak mina sentitu du.
emakumea: Orain ere mina sentitzen dut, maitasunarekin nahastuta.
gizona narratzailea: “Ostia!”, esan dio mutilak, “Ez dakit zer esan”. Neskak ordea hainbat gauza esan nahi dizkio. Esan nahi dio bere ama ere ezkondu aurretik geratu zela haurdun...
emakumea: Ama, lasai, satorrak baino ez dira.
gizona narratzailea: ...baina amari, berari ez bezala, nahiz eta lurra oinetan mugitzen ari zitzaiola sentitu, ez zitzaion inoiz abortatzea burutik pasa. Hemeretzi urteko neska gazteak hainbat gauza esan nahi dizkie, esan nahi die satorrak direla zuloak egiten. Baina ez du egingo mutil guapoa, horrezkero, urruti dagoelako eta amak loreak izorratzen dizkioten satorrak gorroto dituelako.
emakumea: Orain ohitu egin naiz haien azal beltz eta lodira.
gizona narratzailea: Neska gaztea sator bihurtzen hasia da.
(emakumea kutxa barruan. Giro iluna eta onirikoa.)
emakumea (off): Nik lurra jaten nuen umetan, ume-umetatik. Ume askok jaten dute lurra, esan dizut halakorik noizbait? Esaten dute lasaitu egiten duela, gorputzean falta omen zaiguna lurretik hartu nahi dugulako jaten omen dugu lurra. Baina nik uste alderantziz dela, lurrak jaten gaituela haren parte garelako. Amak ez ikusteko moduan egiten nuen, ezkutuan egiten nuen. Behar nuen, egiatan, hobeto sentiarazten ninduen. Agian horregatik ari naiz orain nire lurraldea lurrez osatzen, maite ditudanekin. Pozik egongo naiz lur azpian tokia eginda.