Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa
Iratxe Retolaza
Izan badira unean bertan astindu egiten gaituzten antzezpenak, baina gerora memorian urruneko oihartzun baino ez zaizkigunak (nahiz eta, ziur asko, gorputz-zirrikituren batean arrastorik utziko ziguten). Izan badira unean bertan astindu egiten gaituzten antzezpenak eta itzal luzeko inarrosaldia eragiten digutenak, memoriaren zoko batean kateatzen zaizkigunak. Halakoetan badute eraginik antzezpen-unera eta -gunera eraman genituen aldarteak eta gorputzaldiak, badute eraginik garaian garai zeharkatzen gaituzten kezkek. Zoko batean iltzaturik ditudan horien arteko bi dira Hika Teatroaren Hitzak eta Zorretan. Biak ala biak Donostian bizi izan nituen antzezpenak: bata, Antzoki Zaharrean 2013ko martxoan, duela hamarkada luze; bestea Gazteszenan, 2024ko urrian, duela hilabete zenbait. Bi-bietan gorpuzten ziren garai hartantxe kezkagai, gogoetagai eta bizigai nituen egoerak eta testuinguruak. Lehen hark, Hitzak antzezpenak, bortxa matxista psikologikoa zuen ardatz nagusi, neure lagun-min baten bizipenen ispilu bizi eta eraginkor egin zitzaidana garaitsu hartan. Bigarren honek, Zorretan antzezpenak, zaintza-hautuak eta dolu-egunak ditu ardatz nagusi, azken bost urteotan zeharkatu nauten barne-gatazka edota ezinegon ugariren iturri izan direnak. Akaso neure aldarte edo gorputzaldi horiekin gurutzatu zirelako zeharkatu ninduten hainbeste antzezpenek. Baina, ezbairik gabe, zeharkatu egin ninduten eraginkor gorpuztu zirelako auzi horiek antzezpenetan. Jakina, askotariko gorpuzteen emaitza izan ziren antzezpen horiek, jardun kolektibo baten emaitza (Hitzak eta Zorretan antzerki-testuetako fitxa artistikoek irudikatzen dute ezin hobeto aitortza kolektibo hori, jardun kolektibo hori). Nolanahi ere, bi antzezpen horiek Agurtzane Intxaurraga izan zuten lemazain nagusi, eta, are gehiago, bi-biek Agurtzane Intxaurragak idatzitako antzerki-testuak izan zituzten iparrorratz. Esku bakarrarekin idatzitakoak, bilduma honetara ekarritakoak.
Antzezpenen arrasto horiek lagun nituela abiatu nuen antzerki-testuen irakurraldia, jakin-minez, antzerki narratiba iradokitzaile haien gerizpean. Antzerki-testuko elkarrizketetan pausatu ahal izateak aukera eman dit hunkitu ninduten alderdietan arakatzeko, astindu ninduten emozioetan beste leku batetik murgiltzeko. Ohartu naiz bi antzerki-testuetan jorraturiko gaiak eta garaturiko narratibak oso bestelakoak izanda ere, izan badirela bietan antzekoak diren temak eta demak.
Afektu-harremanetan kateaturik
Hika Teatroaren beste hainbat lanetan egin bezala, bi antzezlanotan afektu-harremanak dira narrazioaren muin nagusi, eta harreman horiek zeharkatzen dituzten botere-egiturak, desorekak eta hersturak dira gogoetagai. Hitzak antzezlanak familia-egitura nuklearrean gorpuzturiko zapalkuntza jakin bat du ardatz: emakumeon kontrako bortxa psikologikoa. Zapalkuntza psikologiko eta emozionalaren bitartez, gutxiespen keinu errepikakorren bitartez, menderatze-prozesua nola eraikitzen den kontatzen digu Hitzak antzezlanak (autoestimuaren txikitzea, isilarazte-prozesuak, errudun sentiarazteko estrategiak…). Sotilagoak diren bortxa-keinu horiek zauri sakonak eragin ohi dituzte, nortasuna arrakalatzen dutelako, borondatea pitzatzen dutelako, eta halako zauriak isil-gordean eraman ohi dira sarritan. Min isildu horiek eta zauri gorde horiek hitz bihurtzeko prozesuaz dihardu antzezlanak.
Zorretan antzezlanean, aldiz, Lore eta Jonen arteko harreman orekatua irudikatzen da, elkarren konplize direnak, komunikazio eta truke bizia dutenak. Antzezlanean aurrera egitean, nolanahi ere, ohartzen gara baduela Lorek zauri bizi bat, Jonen heriotzak sorturikoa. Baina, badu beste ezinegon bat ere, antzezlanaren hasieratik kontatzen zaiguna, ama edadetuaren zaintzak sorturikoa: zer hautu hartu amarekiko harremanean? Ama hobeto zaindu ahal izateko etxe berean bizitzen jarri? Amak behar duen zaintza hori beste nolabait kudeatu? Ataka horretan dago protagonista, dolu-prozesu bizian dela. Besteak beste, ama-alaba arteko desoreketan, inkomunikazioetan, ezin ikusietan, gaizki ulertuetan… arakatzen du antzezlanak. Zaintza-hautuez aritzeko, zaintza-mandatuez gogoeta egiteko. Zaintza-mandatu bati iskin egiteko barne-zirrikituetan arakatzen du protagonistak, hildako bizikidearen ahots gorpuztuari eta gizarteko marmarrei aurre egin behar diela. Bi antzezlanotan, beraz, zauriei hitza eta gorputza jarrita, gorreria sozial jakin batzuk urratu nahi izan dira.
Gaur-atzo-biharretan
Bi antzezlanetan denborak gainezarri eta gurutzatu egiten dira, protagonistaren orainean txirikordatu egiten baitira iragana eta etorkizuna, eta iraganeko eta etorkizuneko geure beste ni edo nortasun horiekin ditugun elkarrizketek geure nortasunaren eraikuntzan zer-nola eragiten duten irudikatzen da. Geure iraganarekin eta etorkizunarekin egiten ditugun negoziazio-ariketa horiek dira gogoetagai. Hitzak antzezlanean garai ezberdinetako nortasun edo posizio horien arteko elkarrizketa irudikatzen dute protagonista nagusiek, horietariko bakoitzak bizi-ibilbidearen aro bat irudikatzen baitu: lehenak, maitemintze-aldia irudikatzen du; bigarrenak, biolentziaren kontzientzia-hartzea gorpuzten du; hirugarrenak, askatze-aldia du aipagai. Zorretan antzezlanak, aldiz, dolu-prozesu bat du kontagai, bizikidearen heriotzak eragindakoa, eta dolu-aldi horretan protagonistak iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko (balizko) elkarrizketak gorpuzten ditu, bizikidea galdu izanak bizi-ibilbidearen errelato berriak sortzera behartzen duelako. Alegia, geure bizitza-errelatoak etengabe josi, desjosi eta birjosi beharraz dihardute antzezlanek, bizirauteko eta aurrera egiteko ariketa existentziala, soziala eta politikoa dena.
Geruza sinboliko-poetikoak
Hika Teatroaren dramaturgiak, besteak beste, izan badu bereizgarri jakin bat: narrazio-egituran askotarikoak izan ohi dira geruza sinboliko-poetikoak, narrazio-katean zentzu berriak eraikitzen dituztenak, lotura eta sentsazio berriak sortzen dituztenak. Bi antzezlan hauetan ere geruza sinboliko-poetiko hori garatu da, Hitzak antzezlanean tonu poetikoagoa eta dramatikoagoa hartu duena, eta Zorretan antzezlanean tonu sinbolikoagoa eta jostariagoa hartu duena. Alde batetik, Hitzak antzezlanean itzalaren poetika iradokitzaile bat eraiki da: hiru protagonistek elkarri itzal egiten diotelako, senarrak itzal luze modura jokatzen duelako, eta izan badelako emakume kolpatu guztien itzal gorpuztua (laugarren emakume baten bitartez eraikitzen dena espazio eszenikoan), eta itzalaren inguruko eszenak, irudiak eta elkarrizketak etengabeak dira (protagonistaren itzalaldiak, ume hilaren itzal bizia, off ahotsaren itzala…).
Beste alde batetik, Zorretan antzezlanean hainbat osagai sinbolikoren bitartez josi da protagonistaren zauria, guztiak ere norberaren lurraren (nortasunaren) zaintzaz dihardutenak, guztiak ere norbera sostengatzen duen lurraren (komunitatearen) zaintzaz dihardutenak. Lore protagonistak hazteko edo bizirauteko behar duen lurraren nolakotasuna du gogoetagai, hainbat geruza edo osagai sinboliko gurutzatzen direla: satorrek zulaturiko lur ezegonkorrak, sator izateko desirak eta lur azpian bizitzeko gogoa, etxeko espazioa nork bere burua babesteko lur modura irudikatua, zintzilikaturiko telefono ezegonkorrean zabalduriko ahots-oihartzun urrunak (besteekiko komunikazioa hauskortzat irudikatzen dutenak), amak lorezaintzarako duen zaletasuna… Jolasaren bidetik ere eraiki dira sinbolo horietariko asko, absurdo kutsu batetik, lur zulatu eta ezegonkorraren irudi hori adarkatuz, dolu-egunetako min-ziztadek sorturiko dantzak trebetasunez irudikatuz.
Tema jakin bati egiten zaio tira bi antzezlanotan: nola egin iskin genero-menderakuntzaren rol batzuei, nola egin iskin genero-mandatuei. Dema jakin bat dute bi antzezlanon protagonistek: genero-mandatuetara kateatu nahi dituzten pertsonen sareetatik askatzea. Genero-zorrik ez sentitzeko teman, nork bere buruarekiko zor feminista horiek kitatzeko deman. Esaera zaharrak berri bihurtzeko sokatiran dabiltza protagonistak: zor-hitzak, zuhur hitzak. Afektu-egitura eta zaintza-egitura bizigarriagoen xerka dabiltza protagonistak, nork, nori, zor-egituraren gramatika azalberritzeko sokadantzan.