Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
10. eszena: Musuak
(gizonak emakumeak esandakoa beteko du eta antzerkitxoa egiten hasiko da.)
gizona: Tira, tira, ez zaizu iruditzen esajeratzen ari zarela?
emakumea (publikoari pozez): Banekien hori esango zidala!
gizona: Ondo esan dut?
emakumea: Bai, oso ondo! Segi!
gizona (publikoari): Banekien horixe esango zizuela. Baina hemen ez dago inor! (emakumeari) Hor ez dago inor!
(ama sofan eseriko da telebista ikusi eta puntua egiten. emakumea eta gizona, ama erdian dutela, sofan eseriko dira.)
emakumea: Ezetz? Gaurtik aurrera ama izango dugu erdian, eta nik berarekin egon beharko dut gau eta egun.
(amak eta gizonak telebista pizten dute batera.)
gizona: Tira, tira. Gauetan behintzat elkarrekin eseriko gara sofan eta zuk oinak hotz dituzula esanda, nire oinetan bilduko dituzu, eta nik pelikula ikusten lo hartuko dut eta zuk “tira, goazen ohera, lotan zaude eta” esango didazu. Ala ez?
emakumea: Zer gertatuko zaigun esango dizut. Ostiralero bezala… Gaur ostirala da?
gizona: Larunbata.
emakumea (sentsazio arraroz): Larunbatak ez zaizkit gustatzen. Ostiralero bezala zuk nire ondoan eseri nahiko duzu sofan, baina ezin, ze ama erdian izango dugu erdi-erdian pozez zoratzen.
(amak telebistari begira barre algara egingo du.)
emakumea (aztoratuta, sofatik salto egin eta ahopeka hitz egingo du): Jon… bertan ikusten dut.
gizona: Tematuta zaude berarekin.
emakumea: Ez diot musu gehiago emango.
gizona: Bai zera! Zu, musuen jonkia?
emakumea: Hogeita hamar urte kostatu zitzaidan amari musu ematea eta egun bakarra beharko dut gehiago ez emateko. Nola emango diot musu etxe berean bizi bagara?
gizona: Erraza. Bere ondoan eseriko zara, hurbilduko zara disimuluz, burua jiratuko duzu, aurreratu, ezpainak luzatu...
(amari puntuko orratza erori eta makurtu egingo da. emakumeak eta gizonak elkar musukatuko dute.)
gizona: …eta listo. Gogoa besterik ez da behar.
emakumea: Goazen larrutan egitera, orain!
gizona: Zer?
emakumea: Baaai! Kristoren gogoa sartu zait, eta gainera lasaitzen lagunduko digu.
gizona: Orain?
emakumea: Bai, orain. Azkar, biluztu!
(ama gustura telebistako filma ikusten. Gozatzen. Ondoan emakumea eta gizona larrutan saiatzen.)
gizona: Hemen, ti-ta baten?
emakumea: Bai! Ti-ta batean! Ama etorri baino lehen.
gizona: Ez! Eta harrapatzen bagaitu?
emakumea: Ea horrela alde egiten duen.
gizona: Ezin diogu hori egin.
emakumea: Ikusten? Oraindik ez da etorri eta jada gure erdian dago, puntua egiten, ea zertan gabiltzan galdezka.
gizona (amari zuzenduz): Ni ezertan ez! Bera izan da!
emakumea: Baina disimulatu, ez begiratu berari!
gizona: Nori begiratzea nahi duzu?
emakumea: Begiratu nire titiei, jode!
gizona: Ezin dut. Ezin naiz kontzentratu.
emakumea: Hemen ez dago inor.
gizona: Fijo? Zure ama ere ez?
emakumea: Lasaitu eta kontzentratu pixka bat.
gizona: Ez! Ez da hobe izango gauean saiatzea? Koltxoi epelean?
emakumea: Ahaztu hori!
gizona: Lo berarekin? Zertarako?
emakumea: Nire ama oso insistentea da. Ura ez bada, pixa egin nahiko du!
gizona: Biak ahalko ditu egin, nahi duenean, gu lotan edo larrutan gauden bitartean.
emakumea: Ezetz ba! Gaizki sentituko da eta deitu egingo dit. Berak atea gurutzatu orduko amaitu da gure arteko sexua. Amaitu da!
gizona: Ez da hainbesterako izango! Ama besterik ez da.
emakumea: Horixe da arazoa, nire ama dela. Jon, edo orain edo akabo. Titiei!
(emakumeak bere titien gainera ekarriko du gizona.)
gizona: Amak harrapatuko gaitu, jode!
(Elkar askatuz.)
emakumea: Ama, ama, ama... Zertara dator hainbeste ama? Argi dago amarekin ezin dugula, ni banoa! Geratu zu berarekin.
gizona: Ni? Ez, ez, zuk geratu behar duzu.
emakumea: Zuk gonbidatu duzu!
gizona: Zeure ama da.
emakumea: Horregatik! Utzi niri joaten eta horrela bisitan etortzen naizenetan, etortzen banaiz, musu emango diot.
gizona: Eta niri ez didazu emango?
emakumea: Zuri? Zuri burua hartu eta komun zuloan sartuko dizut, gero bonbari emateko. Ahohandi halakoa!
gizona: Ederki.
emakumea: A! Eta elkarrekin biziko zaretenez...
gizona: Lore...
emakumea: Ez Lore ez Loreondo. Hartu bere pastillen ardura. Goizetan, diabetes eta tentsioarena. Eguerdian, sintrom eta gauetan lorazepam.
gizona: Diabetesa, tentsioa, sintrom eta lorazepam.
emakumea: Eta jarri marka bat telebistako mandoan, badakizu euskal telebista maite duela.
gizona: ETB1. Eta goizetan irratia ohean eta igande arratsetan txokolate beroa...
biak batera: ...txurroekin. Lau txurro.
(gizonak ama bertan balego bezala egingo du. emakumeak maitasunez begiratuko ditu, gozatuz egoerarekin.)
gizona: Gustura, e, Dolores? Eta orain... briska partidatxoa! A cara de perro! Tira, zuk? Nik triunfu!! Toma! (Jolasean jarraitzen dute)
emakumea: Jon, ez izan umea eta utziozu tarteka irabazten.
gizona: Bale, bale, baina tranpetan harrapatzen banau, haserretu egingo zait. Ederra da ba zure ama!
emakumea: Eta lagundu loreak ureztatzen.
(emakumeak inbidia eta miresmena sentitzen ditu, biak batera. ama, telebista itzali ondoren, badoa pastillak atontzera.)
emakumea: Primeran moldatuko zinateke, ziur nago.
gizona: Ba bai. Nire txorradekin barre egiten du, zer nahi duzu esatea?
emakumea: Zurea balitz bezala zainduko zenuke. Igual hobeto. Egingo zenuke hori nigatik?
gizona: Zugatik? Bai zera! Bere natillengatik. Zuri ez zaizkizu gustatzen, baina niretzat munduko onenak dira.
emakumea: Zergatik zara horren maitagarria guztiokin?
(Isiltasuna.)
gizona: Musu bat ere ez didazu emango?
(emakumea gizonari hurbildu, eta gozo musu emango dio.)