Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

13. eszena: Motxila

 

(ama kutxen artean, loredun soinekoa eta gorbata atontzen. gizonak eta emakumeak bi elkarrizketak batera daramatzate, tartekatuz.)

 

gizona: Hori da arazoa orduan? —Gorbatagatik galdetu dizut—. Zu izan beharrean ni izan naizela esan diona?

emakumea: Noski. —Bai, lasai, entzun dizut—. Nire ama da eta izatekotan niri zegokidan zerbait esatea. Ez zuri!

gizona: Nork gonbidatzen zuen nirea ostegunero afaltzera? —Behar dut—. Nork esaten zidan “Amari deitu diozu? Deitu diozu amari?” gau batean bai eta bestean ere bai? Nork esan zion etortzeko gaixotu zenean?

emakumea: Nik, nik, nik, baina zuk ez zenuelako ezer egiten eta gainera horrek ez dauka zerikusirik honekin.

gizona: Ya lo creo baietz! —behar dut, benetan—.

emakumea: —Ezetz ba—. Zenbateraino eragiten zizun zuri ama tarteka hemen egoteak? Esan. Zenbateraino?

gizona: Pentsatzen ari naiz...

 

(emakumea loreen aurrean dago orain. Ezinegonean.)

 

gizona: …pentsatzen ari naiz zuk ezkutatu didazula gorbata.

emakumea: Amaren territorioa ez da nirea. Ez da nire etxea. Ezin dut.

ama: Auuuuu!!!

gizona (gozo): Zu ulertzen saiatzen ari naiz, Lore. Egunero pasatzen zinen amarenetik bisita egitera.

        Emakumea (bat-batean gogoratuz): —han zegoen gorbata—.

gizona: …azken bi urteotan ez zenuen egun bakar batez hutsik egin eta bueltan, atea ireki orduko zera esaten zenidan: “Martxa honetan, ama laster izango dugu gurean. Etxe handiago bat bilatzen hasi beharko dugu”.

 

(emakumea telefonoan. Zerbait esan diote. Arnasa falta zaio.)

 

gizona (deia bitartean): Portzierto, deitu zenion?

 

(Isiltasuna. emakumea dena ulertu nahian.)

 

emakumea (galduta): Zergatik hitz egiten didazu iraganean?

gizona: E? Hauxe da etxea. Ez dugu seme-alabarik, ez dugu ilobarik. Ama, zure ama geratzen da... berak zainduko zaitu nik alde egitean.

emakumea (galduta): Nola zuk alde egitean?

gizona: Bai. Joan beharra daukat. Nik gorbata berdea jantzi orduko alde egingo dut.

 

(emakumeak lepo zintzurretik helduko dio gizonari.)

 

emakumea: Letxe txarrekoa naizela badakizu, ezta? Eta hau orainaldian esaten dizut.

gizona: Ondo da. Ondo da.

 

(gizonak telefonoa hartuko du.)

 

gizona: Deituko diot.

emakumea: Zertarako?

gizona: Esango diot ez etortzeko. Esango diot ez dela ideia ona izan. Esango diot dena.

emakumea: Zer? Nola esango diozu orain ezetz?! Badakizu zer disgustu hartuko duen?

gizona: Benetan, ez dago munduan zu ulertuko zaituen amarik!

 

(Kutxa handi bat bakarrik dator ibiliz. Barrutik esku bat agertu eta musika pizten du. Cariņito kanta entzuten da, Los Hijos del Sol-en ahotsean. ama ateratzen da bertatik, buruan lore sorta handi bat jantzita, pozez kantari. emakumeak eta gizonak, elkarrekin haserre, dantzan egingo dute. amak musika itzali eta denak bere horretan jarraituko du.)