Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

9. eszena

 

(emakumea 3k beste biak animatu nahi ditu hitz egitera.)

 

emakumea 3: Esaiozue zerbait.

emakumea 1 eta 2: Ez... orain ez.

emakumea 3: Noiz bestela?

 

(emakumea 3 mahaira doa beste biak gizonarekin utzita. Isiltasuna.)

 

emakumea 1: Haurdun nago.

gizona: Zer???

emakumea 2: Ikasten hastea pentsatu dut.

emakumea 1: Bai. Haurdun nago.

gizona: Haurdun?! Baina noiz jakin duzu?

emakumea 1: Duela astebete. Gaur izan naiz ginekologoarenean.

gizona: Astebete dakizula eta ez didazu ezertxo ere esan?

emakumea 2: Ikasten hasiko naiz berriz. Oposizioetarako.

emakumea 1: Ziur egon nahi nuen. Pozik zaude?

gizona: Nola ez naiz ba egongo! (Besarkatu eta airetik igotzen du) Antton deituko diogu.

emakumea 1: Eta neska bada?

gizona: Mutila izango da. Antton! Maite zaitut! Maite zaitut!

emakumea 2: Ez dit entzun nahi.

 

(emakumea 1ek beste emakumeei begiratuko die eta barrez hitz egingo die. Zorionez gainezka.)

 

emakumea 1: Niri bai, eta oso pozik jarri da.

emakumea 2: Ez dit entzun nahi izan.

 

(gizona eszena paraleloan, pozez zoratzen telefonoz deika hasiko da.)

 

gizona: Ei, ume bat izango dudala!

emakumea 1: Egun zoragarria izan dugu. Ikusi bazenute familiari deika; lagun guztiei banan-banan esaten… Nagusiari ere hots egin dio, pentsa.

gizona: (…) Hombre, Antton deituko diogu. (…) Noski!

 

(gizona emakumearengana itzuliko da.)

 

gizona: Ume bat! Jode, ume bat... nire odoleko odol. Antton...

emakumea 1 (sabelari hitz eginez, barrez): Amaia bazara, zuk ez egin kasurik aitatxori. Erotuta dago.

gizona: Zuekin erotuta. (Sabelari hitz eginez) Antton, aitatxo naiz. Biok zainduko zaituztet, zu eta amatxo. Inoiz baino gehiago lan egingo dut denetarik izan dezazuen, etxe on bat, kotxe ederra... harro egongo zarete nirekin.

emakumea 1: Harro gaude orain ere bai, ezta, laztana?

gizona: Pixka bat handitzen zarenean, amatxok bokatak prestatuko dizkigu eta Anoetara joango gara biok. Txuri-urdin, Txuri-urdin maitea…

emakumea 1: Ei, ei... nik ere joan nahi dut zuekin, baina zinemara nahiago.

gizona: Eta gauez, kotxe karrerak ikusiko ditugu telebistan... zu ezagutzeko irrikaz nago. Nire umea...

emakumea 1: Gure umea.