Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
7. eszena: Natillak
(amaren eta emakumearen arteko elkarrizketak aurrera egin ahala, gero eta gehiago tenkatuko da. gizonak bitartean natilla batzuk atera eta jan egingo ditu. Amaitutakoan emakumeari hurbilduko zaio.)
emakumea: Esan ama. Bai, ama, bai, bai, ama… bai, ama…
ama: Auu, auuuu, auuuuu.
gizona: Esaiozu natillak zoragarriak zeudela.
emakumea: Ama… gorroto ditut zure natillak.
(Aitormena mikrofonotik egingo du.)
emakumea: Nik ez dut inoiz inor askorik zaindu, eta are gutxiago zu. Hala ere, azken urteetan zuentzat onena izaten saiatu naiz; zuretzat ere bai, ama, nire ama zarelako eta hori baino gehiago zor nizula uste nuelako. Zaintza zer den ikasten ere banabil eta apunteak hartu ditut eta buruz dakizkit! Adibidez: goserik ez pasatzeko barazkiak prestatu eta bazkaltzen ematea, zaintza hutsa da. Txukun ibiltzeko arropak plantxatzea, zaintza egokia. Goxo sentitzeko etxeko loreak ureztatzea eta etxea garbi mantentzea, zaintza garbia. Ezer ez faltatzeko erosketak egitea, zaintza prebentiboa. Eta eztarriko mina duenari eztia limoiarekin ematea, zaintza intentsiboa.
Baina, aldiz, “laztana, ez da ezer gertatzen emakume moldakaitza, tarteka lehorra, isila eta bakartia bazara; ez da ezer gertatzen gona berdea beharrean bakeroak nahiago badituzu; ez da ezer gertatzen zure erabakia umerik ez izatea izan bada; ez da ezer gertatzen sukaldatu beharrean bokatak jatea nahiago baduzu; loreak gaur bai eta bihar ere bai lehortzen bazaizkizu; nire natillak gustuko ez badituzu; nirekin bizi nahi ez baduzu ez da ezer gertatzen, laztana”. Hori hil ala biziko zaintza da, ama.
(Mikrofonoa utzi eta sofan eseriko da. ama sofan dago kapela gorria soinean, lo.)
emakumea: Ez zait zu zaintzea ateratzen. Ez dakit egiten. Errieta egingo nizuke. Ez daukat pazientziarik besteen erritmora egokitzeko, eta gutxiago zurera. Ez ditut zure itxaropenak beteko eta zuk ere ez nireak. Ez dakit zergatik. Ez da maitasun falta, argi dago ez naizela egiten saiatu zaren alaba.
gizona: Lore...
emakumea: Egia da, Jon... ez naiz emakume sentsiblea, xamurra eta enpatikoa. Ez naiz! Eta zuekin zorretan nagoela sentitzen dut!
gizona: Zorretan? Nirekin ez.
(emakumea zutitu eta publikoari mintzatuko zaio.)
emakumea: Bai. Banago. Zorretan nago.
gizona: Berriro! Norekin ari zinen?
emakumea: Inorekin ez.
gizona: Ba egon lasai. Etxea ordainduta dago, ez daukagu zorrik... (Publikoari) Portzierto, norbaitek koadrodun gorbata bat topatzen badu, nirea da, bale?
emakumea: Eta zu? Norekin ari zara?
gizona: Inorekin ez... Hara, izorrai!
(Isiltasuna.)
emakumea: Galduta nago.
gizona: Ni ere bai. Noiz jantziko duzu loredun soinekoa?
emakumea: Eta zuk noiz ulertuko duzu lore guztiak zimeltzen ari zaizkidala?
(Isiltasuna berriro. Segundo batzuk geroago gizona, aspaldiko garai onak gogoan, kantuan hasiko da.)
gizona:
“Tiemblas amor mío, como una gota de rocío, agapimú”.
Entras en mi cuerpo, como la rubia entra en el tuerto, agapimú.
Nombras tú mi nombre, como Jonás lo dijo en Londres, agapimú.
(emakumea lotuko zaio.)
gizona / emakumea:
Tocas mi cintura, como la mierda toca al cura, agapimú
Eres el viento que no cesa, eres un queso de Oropesa.
Eres fuego y frío, me voy a lavar el coño al río, agapimú.
O, o, o, o, agapimú. O, o, o, o, agapimú.
Agapimú, agapimú.
Agapimú, agapimú, agapimú.
gizona: Lore...
emakumea: Ez esan ezer!
gizona: Ez, zuk esan behar diozu.
emakumea: Esan?
gizona: Bai, esaiozu. Argi esaiozu.
emakumea: Ados.
gizona: Hor doa nire agapimú!
emakumea: Ama…