Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

17. eszena

 

emakumea 2 (umil): Beste kotxe bat? Daukagunak ez ditu bi urte oraindik.

gizona: Eta zer? Traste zahar hori saldu zidan egunean, nagusi kabroi horrek negozio ederra egin zuen nirekin.

emakumea 2: Ordaintzen ari gara oraindik.

gizona: Eta horrekin zer esan nahi duzu? Dirua alferrik gastatzen dudala?

emakumea 2: Ez, baina...

gizona: Ez didazu zuk kotxeei buruz leziorik emango. Falta zena! Hau saldu eta beste bat erosiko dugu.

emakumea 2: Orain izan behar al du? Umea zoratzen dago oporretako asmoarekin.

gizona: Umea! Umea! Umea ez da arazoa, zeu baino! Zeuk nahi duzu oporretara joan, eta ez umeak.

emakumea 2: Umeak ere bai.

gizona: Zer esan nahi duzu, gezurtia naizela?

emakumea 2: Ez. Nik ez dut horrelakorik esan.

gizona: Bai, esan duzu! Belarriokin entzun dut. Eta hori ez dizut onartzen. Entzun? hori ez dizut onartzen.

 

(gizona emakumearengana hurbiltzen hasten da. Tentsio handiko giroa.)

 

emakumea 2: Lasaitu, mesedez...

gizona: Ez dut lasaitzeko gogorik. Zuk esango al didazu noiz lasaitu eta noiz ez, inutil halakoa!