Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

14. eszena: Nik, zuk

 

(Agurraren ataria, emakumea eta gizona sofan eserita, albo banatan.)

 

gizona: Medikuarengana joan nahi zuen.

emakumea: Neuk eraman behar nuen medikuarengana.

gizona: Deitu omen zizun, ba.

emakumea: Ez nion hartu. Gero deituko diot, pentsatu nuen. Delitua da hori?

gizona: Patua, besterik ez. Eguzkiak itsutu eta gainera zetorkidala ez nuen ikusi. Orain banoa. Aio.

emakumea: Aio.

gizona: Zaindu.

emakumea: Zaindu.

gizona: Elkar zaindu. Emaiozu etxeko giltza.

emakumea: Zurea inoiz ez.

 

(emakumeak lurra seinalatuko dio.)

 

emakumea: Soroan ez da satorrik geratzen. Zuloak besterik ez.

gizona: Ez da geratzen burua eguzkitara ateratzen ausartzen den satorrik, esan nahiko duzu. Gainontzean, soroa sator zuloz josita dago.

emakumea: Ezetz, ez daudela. Ihesi joan gara denak. Den-denak.

gizona: Nora?

emakumea: Urrutira. Beste lur batzuetara.

gizona: Lurra lur, han edo hemen. Baietz agertu berriro!

emakumea: Ez ateratzeko esango diet.

 

(emakumea zutitu eta mikrofonora doa.)

 

emakumea: Lur azpian egingo dugu bizimodua, zizare eta bakterioekin. Lurra maitatuz biziko gara. Zizareak, bakterioak, landareak, belar sustraiak, ura eta oxigenoa. Satorrak ez du gehiago behar bizitzeko, zorrik gabe bizi da, lurra astintzetik.