Zorretan
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Azaleko irudia: Santos Bregaņa
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
148 orrialde
978-84-19570-43-7
Agurtzane Intxaurraga
1966, Orozko
 
2020, antzerkia
 

 

0. eszena

 

(Oihal itxiarekin off bat entzuten hasi gara. Hitz maitagarriak dira, beste hitz mota batzuekin nahasiak: zauritzen duten hitzak, gutxiesten dutenak, min ematen dutenak. Eta, bitartean, oihala irekitzen hasten da. Plataforma borobilaren gainean, beltzez jantzitako emakumea ageri da. Makurtuta, gutun bat idazten ari da. offaren une jakin batean, gutuna amaitzen duela dirudi. Orduan lurrean dagoen lore gorria heldu eta gutuna harekin batera jarriko du. Ondoren, altxatu eta lurrean iltzatuta geratzen dira biak, gutuna eta arrosa. beltzez jantzitako emakumea, kapela jantzitakoan atzeko tarimara erretiratzen da. Han denbora izarrei begira igarotzen duen umea-panpina ikus dezakegu. Aldi berean, hiru emakumeak agertzen dira eszenan. beltzez jantzitako emakumea panpinarengana hurbildu eta manipulatzen hasiko da. umea zerua igarotzen duten izar uxoei begira jartzen da.

 

emakumea 1 plataforma borobilera igotzen da.)

 

emakumea 1: Nire izena Mari da. 24 urte ditut. Maitemindu egin naiz. Bete da nire txikitako ametsa. Ametsak... Bakarka eginez gero amets; bik egindakoa denean, errealitate. Nerabezaroan eguneroko bat idazten nuen. Maitasun gutunak, maiteari, letra larriz. Bat, eguneko. Oraindik aurpegirik ez zuen hari: Manu, Imanol, Peru, Mikel, Ramon, Xabi... denak ziren garaiak, segailak, guapoak. Irribarre egiten zidaten. Denek. Eta ikaragarri maite ninduten. Denek. Ipuineko printzesa ni nintzen. Egunero gutun bat hogeita bi urte bete nituen arte. Orduan utzi nion idazteari. Maitea errealitate bihurtu zen egunean utzi nion idazteari.

 

(emakumea 1 erretiratu eta emakumea 2 da plataforma borobilera datorrena.)

 

emakumea 2: Nire izena Mari da eta 40 urte ditut. Maiteminez nago. Ahaztu egin dut ze amets egiten nuen txikitan. Baina orain ere egiten dut amets. Egunero: bakearekin, arnasa sakon hartzearekin, gizon gaiztoekin… Amets guztien gainetik badaukat bat loa galarazten didana: nire umea. Ume zoragarri baten ama naiz. Badaukat berriz ere gutunak nori idatzia. Gaur bertan idatziko diot lehenengoa. Kaixo, Antton...

 

(emakumea 1 eta emakumea 2 plataforma borobilaren albo banatan jarri dira, makurtuta. emakumea 3 da orain plataformara igoko dena. Beste biak eskuz, plataforma jiratzen hasiko dira.)

 

emakumea 3: Mari ni naiz.

emakumea 1 eta 2: Zer moduz zaude, Mari?

emakumea 3: Ondo. Jada ez dut amets egin beharrik.

emakumea 1 eta 2: Mari etengabeko ametsean bizi da orain.

emakumea 3: Zoriontsu naiz.

emakumea 1 eta 2: Azkenean, bai.