Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Sar hitza
ehaze
Agurtzane Intxaurragak idatzitako bi testu dakartzagu liburu honetan Ganbilara. Aurretik ere jasoa genuen Hika Teatroaren ibilbidearen lagin bat Bidaideak liburuan. Kasu hartan, Arantxa Iturberekin lau eskutara idatzitako testuak ziren guztiak; liburu berri honetan, Intxaurragak bakarka idatzitakoak dira bildutakoak.
Liburu honetako antzezlanek nolabaiteko diptikoa osatzen dute, hari komun asko dakartzatenak: Hitzak 2012an estreinatu zen, Zorretan 2024an. Esan gabe doa, Hika konpainiaren oraina askoz ere zabalagoa da; azken urteetako proiektuak lurralde eszeniko ezberdinetan murgiltzeko arriskuaren isla ere izan dira, Tonbola, Tarara edo Bidaia bezalako lanak horren adibide.
Lerro hauek idazteko unean Zorretan obra Euskal Herriko oholtzak zeharkatzen ari da arrakasta handiz, eta badu gaztelerazko bertsioa ere. Zorretan lanarekin zabala izaten ari da aitortza, Donostia Saria jaso berri du kasu, eta baita Max sarietarako zenbait izendapen ere. Segur aski, urteetan pilatutako eskarmentuak dirdira egiten du oholtzaratze berri honetan: testuaren eraginkortasuna, aktore lanaren zuzendaritza eta dramaturgia mota askotarikoekin gurutzatzeko ahalegina. Bestetik, aurkezten ditugun bi obrak hamabi urteko tartean eginak diren arren, badituzte puntu komunak ere: emakumeari historikoki lotu izan zaizkion rolen zama eta hartaz askatzeko tentsio kontzientea, oihartzun egiten duena egun jendartean bizi ditugun kezka ugariekin; bi obrak publikoaren tripak eta bihotzak zeharkatzen dituen gizatasun zorrotz batek lotzen ditu, hunkidura edonoren bizitzaren oihartzunekin lotzeko abileziarekin. Horiez gain, Intxaurragaren egile ahotsa errekonozitu daiteke bietan, denboran gertuago idatzita baleude bezala, eta bada istorioa egituratzeko eta bertan umore zipriztinak dramarekin harilkatzeko joera komun bat.
Ibilbide luze eta oparoa izan da Hika konpainiarena, berriki aurkeztu duten 35 urte eszenara begira dokumentalak ondo islatzen duen moduan euskal teatroaren bilakaeraren isla ere badena. Hika Teatroa bezalako konpainia batek merezi du jasotzen ari den aitortza, liburu honekin ere partekatu nahi genukeena. Agurtzane Intxaurragaren belaunaldiari bidegile izatea tokatu zaio zentzu askotan; egun hainbat gai eta jarreraren inguruko presio soziala nabarmena eta, ausartuko gara esaten, ezinbestekoa izanik ere, berak hori horrela izan ez den garai oso bat dakar bere eskarmentuan pilatuta. Hitzek egiten gaituzte, hitzek sortzen dute nahi genukeen mundua, eta bi obra hauek mundu hobeago bat egiten laguntzen digutelakoan gaude.