Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzei zor, zauriei gor.
Isil-gordeek gorputz hartu zutenekoa, Iratxe Retolaza
8. eszena
(gizona itzuli da. emakumea 1ek ongietorri adeitsua egin eta mahaira esertzera gonbidatuko du. gizona umore txarrez dator.)
emakumea 1: Egun osoan, une hau noiz iritsiko.
emakumea 2 (platera jartzen dio aurrean): Zer moduz eguna?
gizona: Tira, utzi bakean. Nekatuta nator.
emakumea 1 (emakumea 2ri): Alde hemendik, ez al duzu ikusten nekatuta dagoela?
gizona: Lan madarikatua, gero eta izorratuago nauka. Azken putza, azken putza naiz ni nagusiarentzat. “Hi, Andoni, mingaina zulora eta gogoa lanera. Hemen ez gaudek denbora galtzeko, ostia! Ojangurenen Mercedesak iluntzerako listo egon behar dik!”. Kabroia! Potroetatik heldu eta Mercedesaren tuboeskapean sartzeko zorian egon naiz. Aspaldi bidali behar nuen pikutara kabroi hori.
emakumea 2: Tira, ez zen horrenbesterako izango.
emakumea 1 (emakumea 2ri): Zuk zer jakingo duzu.
(emakumea 2k izututa begiratuko dio. emakumea 1 altxa eta masaje bat ematen hasiko zaio gizonari sorbaldako giharretan.)
gizona (emakumea 2ri): Noski, zuk zer esango duzu. Zuk eskuak zikindu gabe egiten duzu lan, lau txorrada idatzi eta eguerdirako etxera.
emakumea 1: Ahaztu lanarekin, maitea. Orain etxean zaude, nirekin...
(emakumea 1ek erdeinuz begiratuko dio emakumea 2ri. Honek begirada jaitsiko du. gizonak, aldiz, ez du zirkinik egingo eta jaten jarraituko du.)
gizona: Zer dago telebistan?
(gizona zutitu eta plataforma borobilera joango da telebista ikustera. emakumea 2k telebista pizten dio.)
emakumea 1 (telebista itzaltzen du; irriz): Ez al duzu oheratu nahi?
gizona (moztuz; telebista piztera doa): Telebista ikusi nahi dudala esan dut, jode! Ala gorra zara?!
emakumea 1: Barkatu...
emakumea 2: Formula 1eko karrera dagoela iruditu zait.
gizona: Formula 1eko karrera ematen dute 3. katean...
emakumea 1: Gaur ere bai?
gizona: Bai, gaur ere bai... arazoren bat?
emakumea 2: Ez. Batere. Nik irakurri egingo dut pixka bat.
emakumea 1: Zer duzu? Haserre al zaude nirekin?
gizona: Halakorik esan al dut nik?
emakumea 1 (laztanak eginez): Orduan, zergatik hitz egiten didazu horrela?
emakumea 2 (emakumea 1i, xuxurlatuz): Uztazu bakean.
gizona: Horrela nola?
emakumea 1: Ez dakit... haserre moduan. Egidazu irribarretxo bat...
gizona: Esan dizut nekatuta nagoela, baina zuk ezin duzu hori ulertu. Zuk ez dakizu zer den hori, printzesa.
emakumea 1: Zergatik esaten didazu hori? Neuk ere egun konplikatua izan dut. Lehen orduan lanetik irten behar izan dut amari medikutara laguntzeko, eta gero nagusiak gutun batzuk idazteko eskatu dit eta bazkaltzeko astirik ez dut izan.
gizona: Zeure errua, amari laguntzeagatik. Halakoetan non egoten da zure ahizpa, e? Zergatik joan behar duzu beti zuk amarekin?
emakumea 1: Elenak ezin du nahi duenean dendatik atera.
gizona: Eta zuk aldiz...
emakumea 1: Nire ordutegia malguagoa da. Ondo dakizu.
gizona: Malguagoa… Malguagoa.. zer esan nahi du horrek? Zure lana hobea dela? Hori esan nahi al didazu?
emakumea 1: Ez, mesedez! Inoiz ez dut hori esan.
gizona: Esan, esan... pentsatu zenbat alditan?
emakumea 1: Ezetz! (emakumeei) zer gertatzen zaio? Zer egin dut gaizki?
emakumea 2: Lan egin...
emakumea 3: ...ondo eta gustura.
(gizona zutitu eta trapu batekin eskuak trakets igurtziko ditu garbitzeko asmoz.)
gizona: Aurpegian antzematen zaizu, begiratzeko moduan. Pena ematen dizu zure senartxoak. Mekanikari gizajoa, beti olio artean, beti eskuak zikin. Lehen gustatzen zitzaizun ba...
emakumea 1: Andoni, mesedez. Nik zaren bezala maite zaitut, eskuak beltz eta olio usain sarkor horrekin. Ez nirekin haserretu, bale?
gizona: Enkargatu egingo nauten eguna noiz iritsiko zain nago guztioi nor naizen erakusteko.
emakumea 1: Esan dizute berriro zerbait horretaz?
gizona: Ez, baina postu hori ezin da beste inorentzat izan. Neuk daramat urte gehien bertan.
(gizonak emakumea helduko du gerritik.)
gizona: Orduan dezentez gehiago irabaziko dut eta ez duzu zertan lanean jarraitu beharko.
(emakumea 3 gantxilloa egiten ari da.)
emakumea 3: “Armiarmak ez dauka presarik harrapakinera iristeko. Badaki ez diola ihes egingo, eta pixkanaka, oso pixkanaka inguratzen zaio”.
emakumea 1 (emakumea 3ri): Ixo... (gizonari) Zer? Nik ez dut lana utziko, nik lan egin nahi dut.
gizona: Zertarako? Igualeko biziko zinateke etxeko erregina gisa.
emakumea 1: Ez dut erregina izan nahi, ezta etxekoandrea ere.
gizona: Eta ama?
emakumea 1, 2, 3: Bai.
emakumea 1: Baina batak ez du bestea kentzen. Bi gauzak egingo ditut, lan egin eta ama izan... eta are gehiago oposizioak gainditzen baditut.
gizona: Oposizioak eta ikasketak. Denbora alferrik galdu nahi baduzu, allakuidaos!
emakumea 1: Ez esan hori. Oposizioetara aurkeztearekin konforme zeundela uste nuen.
gizona: Hemendik gutxira tailerreko kontuak eramateko beharko zaitut.
emakumea 1: Ze? Ze tailer?
gizona: Neure tailer propioa. Planak ditut. Enkargatu bezala denbora gutxian neure tailerra irekitzeko adina diru izango dut. Zer iruditzen?
emakumea 1: Hori zoragarria izango litzateke! Benetan! Baina nik kazetari izateko ikasi dut, badakizu, nik...
gizona: Jode! Zu, zu, eta zu... zuk ezin duzu besteongan pentsatu, ala zer?
emakumea 1 (beste emakumeei): Ez dut ulertzen zer gertatzen zaion...
emakumea 3: Beldurra die zure ametsei.
(gizonak ez du ezer esango.)
emakumea 1: Tira.... Hau gero jaso eta orain telebista ikusiko dut zurekin. Lasai.
(Isiltasuna.)
emakumea 1 (beste emakumeei egonezinez): Ez esan ezer, mesedez. Urduri dabil lanarekin eta egun txarra izan du. Gizon zoragarria da.
(Isiltasuna. Hiru emakumeak eta gizona, denak plataforman eserita daude azkenean. beltzezko emakumeak plataforma jiratuko du denboraren igaroaren adierazgarri.)