2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

SORTZE PROZESUAZ

 

 

 

1. Antzerkia

 

      Antzerkia sormen ekintza kolektiboa da, oholtzan ikusten eta ikusten ez diren jakintzen eta ekintzen bilgunea. Izaera kolektibo hori oso agerikoa da oholtza gainekoari dagokionez: zuzendaritza, aktoreak, argiak, soinuak, jantziak… ez dira begiak zorroztu behar talde lana ikusteko. Lausoagoa geratzen da kontua oholtzatik kanpo garatzen diren beste alorretan, testuaren sorkuntza kasu, etxeko bakardade intimoan gauzatzen dena askotan.

      Testuaren sorkuntza, ordea, kolektiboa ere bada. Beti. Batzuetan, eta horrela izaten da egungo antzerkigintza berritzailearen kasu askotan, hautu estetiko eta ideologiko moduan planteatzen delako, zeinaren arabera printzipiozko erabakia izaten baita testuaren sortze prozesua taldean garatzea. Baina testuaren sorkuntza etxeko bakardade intimoan gertatzen denean ere, sortze hori kolektiboa da; pertsonala izateaz gain, jakina. Eta hau ez da antzerki testuen berezitasun bat, edozein testuren kasua ere bada, beste edozein sormen lanena: sorkuntza oro kolektiboa ere bada, osasuna, hezkuntza, zaintza… bizitza bera diren bezala.

      Ala, bolizko dorrearen sineskeria burgesari jarraituz, historiatik eta mundutik aparteko linbo batetik egiten da sorkuntza? Testu baten aurrean, ez al ditugu Brechtek irudikatu langilearen antzeko galderak luzatu behar? “Alejandro gazteak India bereganatu zuen. Berak bakarrik ote?”. Mintzoa, memoria, bizitza… ez dira konstruktu sozialak akaso? Ez dugu dena hortik abiatuta sortzen?

 

 

2. Mintzoa

 

      Mintzoa, adibidez. Antzerkia, kolektiboa den neurrian, dialektikoa da. Tesi-antitesia, galdera-erantzuna, hartu eta eman, gatazka, kontraesana… antzerkiaren muina da. Ez beti eta ez bakarrik, baina bai gehienetan, mintzoa du euskarri taula gainekoak. Mintzoaren aukeraketak berak du esanahi kolektiboa. Horrexek berak bolizko dorrearen kanpoaldean jartzen gaitu.

      Baina ez hori bakarrik. Mintzoa arnasaren bidelaguna da. Arnasak airea nola, hala pantailaren aurrean emandako sormen une bakartietan gizaldiz gizaldi ondutako mintzoa berritzen du testugileak, hitzari beste kolore bat ematen dio, beste zapore, beste doinu, beste esanahi bat. Mintzoa ez da bera horren ondoren. Gu ere ez gara berberak.

 

 

3. Memoria

 

      Memoriatik sortzen dugu, memoria kolektibotik eta pertsonaletik, urrunekotik eta hurbilekotik, historiak gure baitan pilatutako guztia presente baitago teklak sakatzeari ekiten diogunean. Horregatik, sorkuntzaren uneak historiaren ertzean kokatzen gaitu beti, etorkizunaren amildegia aurrean dugula. Eta salto egiten dugu. Berrogeita hamar urteko saltoa, adibidez. Zergatik ez?

 

 

4. Bizitza

 

 

      Zure bizitzak halako zilipurdia egiten du eta, goizetik gauera, bizi zaren herri txikian inguruko 70 herrialde desberdinetatik etorritako pertsonak bizi direla konturatzen zara. Zure herrikideak direla. Eta orduan galdera; zerk egiten gaitu komunitate? Zer gara gu? Nor gara gu?

 

 

5. Herri txikia. Komunitatea

 

      Elkarren ondoan egoteak edo jarduteak ez du komunitatea sortzen. Bakoitza bere autobusean joateak, leihoak altxatuta eta alboetara begiratu gabe, ez du komunitatea egiten. Konplizitateak sortzen du komunitatea. Gure herri txikian, adibidez, komunitatea sortzen da Semblante Andaluz autobusekoek eta Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako autobusekoek leihoak jaitsi, elkarri begiratu eta, andaluziar gunekoek luzatutako erronkari helduz, dramagile andaluziar baten testua euskaraz taularatzeko autobusa elkarrekin hartzea erabakitzen dutenean. Elkarren ondoan bizitzetik elkarrekin bizitzera eta konpartitzera eramaten duen autobusa hartzen dutenean, alegia. Egitasmo xumea eta asmo ez txikia, Lasartoria dei diezaiokegun komunitate batentzat.

 

 

6. Herri txikia. Bilaketa

 

      Eta orduan, andaluziar antzerkiaren nahiko azaleko ezagutzatik abiatuta, hango aspaldiko eta garaiko abangoardien hainbat testuren miaketa hasten da: Lorca, Salvador Tavora, La Zaranda… testu eta proposamen handiak, handiegiak, asmo ez txikiko egitasmo hain xumearentzat.

      Lehenengo bilaketa honetatik, Lorcaren Así que pasen cinco años, halako atenporalitatea iradokitzen duen antzezlanean agertzen den poema geratzen da memorian, surrealismotik gertu dagoena. “Ametsa Denboran doa, uretan belaontzia nola…”.

 

 

7. Herri txikia. Bigarren bilaketa

 

      Egitasmo xumearentzat testu xumeago baten bigarren bilaketa hasten da orduan; eta duela laurogei urteko Utrerako Rosita eta Romualdoren arteko ligoteo jostari eta kostunbrista kontatzen duen Alvarez Quintero anaien entremesa agertzen da. Bukatu da bilaketa. Hauxe da taularatu behar den andaluziar jatorrizko testua.

      Xumeegia ez al da, baina? Eta, batez ere, betiko estereotipoen errepikapenak komunitatea sortzen du? Nire herri txikiko andaluziarrak islatuta sentituko dira taula gaineko horretan? Ezen, hamaika aldiz entzuna duzu, Andaluziatik etorri edo munduko beste edozein txokotatik etorri, barneko kilkerra ez baita isiltzen: “Hemengoentzat hangoa naiz beti, eta hangoentzat hemengoa naiz dagoeneko”. Hau da, erroak beste lurretan dauzkatenak ere, “nor gara gu”ka eta “zer gara gu”ka ari dira. Halako noraezean ere, alegia.

 

 

8. Herri txikia. La Zaranda

 

      Kausalitateak lotzen dituzten hariak kasualak izan daitezke. Testu xume baten sorkuntza lotzen dituztenak ere bai. Izan ere, kasualitate hutsa baita gure herri txikiko Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako helduen taldeak Dantzarina izeneko kale koreografia sortua izana ordurako, noraez distopiko batean harrapatuta dagoen gizatalde baten ibilera mutua irudikatzen zuena. Ez al zitekeen giza talde hori gure etorkizuneko komunitatea irudika zezakeena? Ez al zitekeen hori gure herri txikia eta Utrera lotzen zituen haria izan?

      Modu horretan, Kukukako dantza taldearen eskutik, hasiera batean alboratutako La Zarandaren dramaturgia fisiko eta estetikoa errekuperatzen da. La Zarandaren antzerkiak, beste ezeren gainetik, errealitatearen gaineko gogoeta proposatzen digu, etorkizunaren eta, memoriaren bidez, beti presente dagoen iraganaren arteko elkargune den errealitateaz. Eta, gogoeta den aldetik, erantzunak baino, galderak planteatzen dituen antzerkia da, modu errepikakorrean planteatu ere, modu nekaezinean, etsigaitzean, esperantzarako zirrikitu gutxi uzten duten espazio eszeniko ilun eta dekadenteetan askotan.

      Semblante Andaluzeko lagunek luzatutako erronkari erantzuteko osagaiak bilduta zeuden, beraz: iraganeko Rosita eta Romualdok segizio bat osatuko zuen korua izango zuten bidelagun zain dugun ez-mundu batean kokatutako etorkizuneko Lasartoria izeneko komunitatean. Ite misa est.

 

 

9. Herri txikitik herri handira

 

      Gainditutako erronkak ederragoak dira erronka berri baten haziak badira. Horregatik galdera: gure Lasartoria komunitate txikiarentzat egokiak izan daitezkeen galderak eta gogoetak ez al dira bidezkoak izan behar, baita gure komunitate handiarentzat ere? Zerk egiten gaitu komunitate? Nor gara gu? Zer gara gu? Ala zalantzari ez diogu sartzen utzi behar gure etxe handian?

      Markoa, estetika eta kezkak definituta zeuden. Pertsonaia berriak baino ez ziren sortu behar. Abuela, Santi, Alazne, Ailem, Alpontso, Txaldatxur…

 

 

10. Txaldatxur

 

      Memoriak ez-memoria darama beti bere baitan. Memoria kolektiboak eta norbanako memoriak. Kontua da mota bateko eta besteko ez-memoriek elkar ez elikatzea. Batzuetan ez da gertatzen. Adibideak badaude.

      Jose Zato, 50eko hamarkadan hogeita bat urte zituela, bere Salamancatik gurera etorri zenean ondoko Zubietako goi parajeetan hasi zen mendi lanetan. Egun batean, Txaldatxur mendixkan lanean ari zela, inguruko baserritar batek, lurrera seinalatuz, “hemen hogei bat gorpu daude lurperatuta” esan zion. Memoria horretatik tiraka, Islada Ezkutatuak elkarte memorialistak ez-memoria kolektiboan ezkutatuta zegoen gure herriko historiaren zati bat argira ekarri zuen.

      1936ko irailaren 5ean, Cayuela teniente koronelaren agindupean, erreketeen sei konpainiak eraso egin zioten Txaldatxur mendixkari. Borrokarako egoki prestatutako errekete haiei gaizki armatutako miliziano eta gudariek egin zieten aurre. Borrokak hamabi egunez luzatu ziren. Erresistenteen armamentuaren eskasiaren lekuko dira bertan topatutako esku-granada inprobisatuak, iturgintzako hodi-ukondoekin eginak, Oriako Brunet ehun-fabrikan granada gisa prestatuak ziurrenik, Txaldatxurren oinean.

      Hogei gorpuren hilobia ez da agertu oraindik, ez-memoria kolektiboak ezkutatuta zuen zuloa bai. Beste asko geratzen dira.

 

 

Txaldatxurren aurkitutako artisautzazko granadak, edozein dendatan eros zitezkeen Arrasateko Elma SA enpresak ekoiztutako iturgintzako hodiekin eginak ziren. Hodien barruan dinamita eta eskura zeukaten metraila sartu, metxa jarri eta horrela egiten zituzten. Manuel Chiapuso anarkistak La comuna de San Sebastián bere liburuan kontatzen duenez, Oria ibaiaren beste aldeko Brunet fabrikako tailerretako batean elkartzen ziren lehergailuak egin eta progatzeko. Handik igoko zituzten Txaldatxurrera.

 

 

11. Ez-mundua

 

      Txinatarren antzinako jakinduriak aurreratzen zuenez, tximeleta baten hegaldiak ekaitza sor dezake munduaren beste puntan. Motz geratzen omen zen, ordea, are sinesgaitzagoak berresten baititu egungo mekanika kuantikoak katuak adibidetzat hartuta; eta ontzat ematen ditugu. Nola zalantzan jarri, orduan, gure herri handia ez dagoela mundutik aparte? Ez garela irla, inguratzen gaituenaren isla baizik. Hasierakora bueltatzen gaitu horrek. Berriro ere, Ametsaren modura, “Mundua Denboran doa, uretan belaontzia nola”… itsaspeko nuklearrez inguratuta oraingoan. Horregatik, gizateria islatzen dugun aldetik, hasierako galderetara bueltatzen gara: Zer gara gu? Nor gara gu? Sakonean, komunitate al gara mundua?

      Susmoa dut hitzordua jarrita dugula Erdi Aro Berriarekin eta ez dakigula nola iskin egin horri.

 

 

12. Amaiera

 

      Aipatu diren eta aipatu ez diren guztiak kontuan hartu gabe sorkuntza-lan hau ez zatekeen existituko. Edo, existitzekotan, desberdina izango zatekeen.