2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

8.

 

(Atzeratuta geratu den alpontsorengana egiten du abuelak eta, modesto balitz moduan, mutiletan ari den neskatxaren tonuan hurbiltzen zaio, fresko-fresko, irriño pikaroaz, andaluziar doinuz eta graziaz beti. Pauso motelean, segizioak aurrera jarraitzen du.)

 

abuela: ¡Ay, Modezto, qué dezaborío ére!

 

alpontso (modestoren paperean, herabe): ¿Desaborío?

 

abuela: Dezaborío, sí, zozo. ¡Qué zozo ére!

 

alpontso: Zozo? (Irriño lotsatiaz) Ui…! ¡Pues tú birigarro!

 

txaldatxur: Txistea zaharra izango zen ordurako, baina funtzionatu zuen, sugarra piztu zen. Handik ez luzera…

 

abuela: Aizu, Modezto, mi arma, gauza bat te tengo que decí…

 

alpontso: Zertaz egiten duzu barre?

 

abuela: Gauza bat que se me ha pasao por la burua

 

alpontso: Zuk esan…

 

abuela: Ez, que como que pué paeser una guasa edo…

 

alpontso: Zer, zozoa eta birigarroa berriro…?

 

abuela: No seas malaje, Modezto. (Zalantzati) Bada, pues que como que argún día zu eta biok… adibidez, é una suposizió… zu eta biok, Modezto, por poné un kasua… zu eta biok…

 

alpontso: Urduri jartzen nauzu, bukatu bada. Zu eta biok… zer?

 

abuela: Modezto, como que si zu eta biok, por un desir, que por qué no… por qué no nos casamo, digo.

 

txaldatxur (pozak hartuta): Aupa! Aupa! Aupa! Festa eta jaia dugu, andaluziarren alaba ezkontzen zaigu!

 

alazne (lehenengo gurditik tiraka, bere baitan sartuta, ez du atzean geratu den bikotearen solasa entzun): Jaia eta festa? Jaia eta festa dugula?

 

txaldatxur: Apopiloaren alaba ezkontzen zaigula, ez duzu entzun? Aupa! Aupa! Aupa! Festa eta jaia egin behar dugu!

 

santi: Nonbaitera al goazen ez dakigu, hau guztia alferrikakoa ez ote den ez dakigu, eta ezkontza kontuekin hasi behar orain?

 

ailem: Jaia eta festa ondo dago, ezta? Bizitzak ez du jarraitzen akaso? Bizitzak jarraitzen du. Ala hilda gaude dagoeneko?

 

alazne (apur bat animatzen): Jarraitu, jarraitu egiten du. Ez dakigu nola eta zergatik baina, jarraitu, jarraitu egiten du. Tira, nire ustez…

 

santi: Jarraitu… baina kasualitatez jarraitzen du? Ala kausaren bat dago, arrazoiren bat, jarraitzeko?

 

alazne: Utzi! Utzi hizketa alferra, behingoz! Ezkontza eta dantza esan du Txaldatxurrek! Noiz hasiko da dantza?

 

txaldatxur: Hori, hori, dultzemeneo! Dultzemeneo, non dago dultzemeneoa? Dultzemeneorik ez dago? Gora dultzemeneoa eta lege zaharra!

 

abuela (pozarren): Olé! Gora fandango eta bulería pal baile de boda!

 

alpontso (modestoren paperean oraindik): Tira, nik fandango eta arin-arinak nahiago, aukeran.

 

txaldatxur (dantzatzeari ekinez): Ez zurea, ez nirea: erdibidea! Arin-arin eta buleriak!

 

alazne (gurditik tiratzeko soka lurrera bota eta dantzarako prest): Utzi hizketa alferra, bizitzak jarraitzen du eta! Goazen, dantzara!

 

(Gurdian dauden trasteen artean alazne gazteak gailu bat hartu eta piztu egiten du. Garai bateko ezkontzetan bezala, dantzaldiari hasiera emateko jazban batek jotako bals baten soinua entzuten da.)

 

txaldatxur: Gora ezkonberriak! (abuela eta modesto eskutik heldu, oholtza erdira eraman eta dantzara gonbidatuz) Has dadila dantza!!

 

abuela (iniziatiba hartuz eta dantzari hasiera emanez, pozarren): ¡Ay, Modezto, pero que zozongo eres! ¡Pues no te vía tené que enseñá yo a bailá!

 

(Bikotearen atzetik dantza alaian hasten dira denak. Jira eta buelta, txantxa eta barre. Tarte batez, zalantzak eta noraeza desagertu eta festak hartzen du dena. Eromena da nagusi. Halako batean, bat-batean, musika gelditu eta ahots neutro bat entzuten da gailutik.)

 

ahotsa: Adi! Zerbitzariaren mezua duzue hau. Arren, zuen kontuko saldoa agortu dela jakinarazten dizuegu. Mesedez, Korporazio Nagusiak ematen dizkizuen zerbitzuekin jarraitu ahal izateko, ezinbestekoa da dagokion ordainketa burutzea. Eskerrik asko. (Seinale akustiko labur bat entzun eta mezuaren errepika hasten da berriro) Adi! Zerbitzariaren mezua duzue hau. Arren, zuen kontuko…

 

(Elkarri begiratu eta dantzatzeari uzten diote. Bukatu da festa, errealitatea bueltatu da.)

 

alpontso: Hau bero sapa… eta abanikorik gabe. Zirimiriaren freskura berdea dagoen lekuan…

 

(Isilunea.)