2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

14.

 

(Indarrak berritzeko ordua da. Mokadua egin bitartean, lurrean eserita edo erdi etzanda, han-hemenka daude sakabanatuta, deskantsuan.)

 

alpontso (paper puska batekin haizea emanez bere buruari): Ez dugu lo egingo, gaur ez dugu lo egingo, bero sapa honekin ez da lo egiteko modurik egongo…

 

abuela: Lo? Ez lo ez amets egiteko modurik gaur, ikusiko duzue.

 

alpontso: Ez ziren gauza bera, ala? Ametsa eta loa batera egiten ditut nik gauero. Gaur kale, baina.

 

santi (zeruari begira): Ez, ez da misila, oso motel dabil. Misila izan balitz helburua txikituta egongo litzateke honezkero. Salbu gaude honakoan.

 

alpontso (zeruari begira bera ere): Izarra izango da orduan. Edo satelite bat. (Begirada zorroztuz) Gero eta hurbilago dago, ezta?

 

alazne: Bai, lehen baino handiagoa ikusten da, hurbiltzen ari dela esango nuke…

 

ailem: Izarrak ezagutzen ditut, haien ibilkera eta ņir-ņir egiteko moduak ere, eta benetan diotsuet, goiko horrek unibertsoan ibiltzen ez daki…

 

abuela: Errege Magoak gidatu zituen Ekialdeko izarra izan daiteke! Zergatik ez? Berezia omen zen hura.

 

alazne: Erregezeer…? Pelikula batean agertzen ziren?

 

ailem: Egin kasu niri, Abuela, goiko horrek ez du inoren gidari izateko balio, unibertsoan ibiltzen ez daki eta!

 

abuela (temati): Ui, eta kasualitatez egia balitz, zer? Hain misteriotsua da munduan gertatzen den guztia… Jainkoak egindako mirari bat ere izan daiteke izar hori, guri bidean laguntzeko bidalitako aingerutxoren bat…

 

beste guztiak (kexuz): Abuela…!     

 

abuela: Zuek zer dakizue, e? Zer dakizue? Nik baino gehiago al dakizue, maiteak? Esan, bada, orduan, zein den hartu behar dugun bidea! (Isilunea) Hori erakutsi zidaten zaharrek txikitan Utreran, egia berdaderoa zen orduan, Jainkoak josten zituela gure joan-etorriak eta gure bizitzak. Eta guk, gure ezjakintasunean, patua, zoria, misterioa, miraria edo kasualitatea dela esaten diogula gero, baina berak josten zituela gure bizitzaren jostura guztiak…

 

txaldatxur: Hara… orduan, metxak ere josten zituen jainkoak? Jainkoa kamarada dugula, alegia? Avanti popolo?

 

abuela: Hori erakutsi zidaten, eta nik… bada, ez dakit, zer nahi duzue esatea, zuek baino gehiago ez dakit eta. Baina kasualitatez, agian…

 

santi: Kasualitatez! Eta kausalitateak? Ez al dira inoiz ematen? Kasualitateak bakarrik? Gure noraez honek… kausalitaterik ez du? Gure pausoen norabide falta hau jainkoren batek josia da? (Barre antzean bat-batean) Abuela, uste duzu botoiak josten ere jakingo duela?

 

txaldatxur (jostari): Kontuz zer esaten duzun! Metxak ere josten badakiela esan du Abuelak, badaezpada zalantza ez egin Jainko kamaradaz, dena entzuten du eta!

 

abuela: Bai, bai, egin barre zuek…

 

ailem: Dena da misterioa orduan? Ez dago gertaera guztiak josiko dituen hari logiko bat?

 

santi: Egon, egongo da! Ez dugu aurkitu, baina egon egongo da hariren bat… Ala ez da egon behar? Egongo da, ezta?

 

ailem: Orduan, dena ez da misterioa, ezta? Hariren bat badago, ez dago misteriorik unibertsoan, ezta?

 

santi: Ezezagutza bakarrik, ezezagutza handi, unibertsala, hori baino ez dago. Ala ez?

 

abuela: Benetan uste duzue? Jainkoa baino, zalantza dugula makulu sendoa munduko bideetan ibiltzeko?

 

alazne: Zalantza buruan eta ibili munduan? Munduan eta ez-munduan ere bai, ezta?

 

santi: Bidean ez galtzeko makulu seguruena zalantza da, zein bestela?

 

abuela (algaraz): Harrapatu hori! Makulu sendoa nahi… eta zein? Zalantza!!! Santi zu… capitán general! Amona Korok entzungo balizu…

 

alazne: Tira, zerbait ikasi dugu behintzat, ez zaizue iruditzen? Eta ikastea aurrerapena da beti, ezta? Ala ez da aurrerapena?

 

alpontso: Ikasi? Zer ikasi dugu, bada? Non dago aurrerapena? Aurrerapena ikusten duzue? Ez da pena bakarrik izango? Pena aurrean eta pena atzean, ez al da hori gure historia?

 

alazne (aurkikuntza handia balitz bezala): Gaur, gauzak misteriotsuak izatetik ezezagunak izatera pasatu dira. Ez zaizue aurrerapauso latza iruditzen?

 

alpontso (maltzur): Aupa Maurizia eta bere analisia! Lurrean erdi etzanda edo ipurdian eserita mokadutxoa egin bitartean… eta aurrerapauso latza eman dugula? Zer aurrerapauso, gainera, leku berean jarraitzeko? Bidean galduta eta betiko zalantzan dantzan? Hori pauso alferra ez al da?

 

abuela: Hori, hori! Dantza, dantza! Zalantzan edo balantzan, beti dantzan! Gora fandangoa eta dultzemeneoa! Edo hori ere dago zalantzan?

 

alpontso (kasurik egin gabe): Ala ez dugu bidean galduta jarraitzen betiko zalantzan dantzan?

 

ailem: Historiaren bide bazterrean ez gaude, behintzat, ezta? Ala bagaude?

 

santi: Zalantza izatea bera ere ez da gutxi, ezta?

 

alazne (baikortasun xume batez): Dena lotzen duen hari logikoa aurkituko bagenu… galdera egokiez josi eta topatuko genuke gure bidea, ezta? (Isilune baten ondoren, besteei begira) Zuek galdera egokirik egin duzue noizbait?

 

alpontso: Hain zuzen, badaukat nik bat…

 

abuela (aurrea hartuz): Ez, Alpontso, ez dugu abanikoa ikusi. Hari logikoa dagoen lekuan egongo da, agian?

 

(Isilunea.)