2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

6.

 

(Lubakia desmuntatuta, segizioak bere bidea jarraitu ahal izateko lehenengo gurdiak bideko zuloan estropezu egitean askatutako gurpila berriro jartzea baino ez da falta. Konpontzeko ahaleginean, gurpiltxoarekin borrokan ari da santi, ardatzari lotu nahi eta ezinean. Gutxi-asko hari begira, sakabanatuta daude besteak inguruan.)

 

ailem: Ardatza apurtu da? Bideko zuloan jo eta apurtu da? Ai ama, nola jarraitu behar dugu orain?

 

alpontso (zapia eskuan, izerdia garbitzen): Ardatza apurtuta, absurdoa ez al da bidean jarraitzea?

 

santi (burua altxatu gabe, lanean): Apurtu, apurtu… Ez al dugu konponduko, bada? Aurrekoetan ez dugu konpondu?

 

alpontso: Merezi du? Bidea zuloz beteta egonda, berehala lurrera jo eta berriro apurtzeko? Zergatik ez hementxe bertan geratu?

 

ailem: Gogoratzen duzue? Bazegoen garai bat non gobernuak errepideko zuloak konpontzen zituen.

 

alazne (arreta piztuta bat-batean): Gobernua? Zer da hori?

 

abuela: Koitadua, ez duzu hori ezagutu? Oraindik gogoratzen dut nola, alkatearen aginduz, kaleak asfaltatu eta garbitu egiten ziren. Zuek ez?

 

ailem: Kale garbitzaileak pribatizatu aurrenik, alkatetza bera pribatizatu zuten azkenean… Zeinek estaliko ditu orain ordainpekoak ez diren bideetako zuloak?

 

alpontso: Horrexegatik, ardatza apurtuko bada berriro, absurdoa ez al da jarraitzea? Ala zer, Txaldatxur eta Abuela bizkarrean hartu eta segi aurrera? Hori da etorkizuneko plana?

 

txaldatxur (bizi bat-batean): Bizkarrean hartu ni? Ezta azken zulora joateko ere, e! Ulertzen?

 

santi (gurpila eta ardatza lotuz azkenean): Listo, konponduta!

 

(Proba egin eta gurdia ondo samar dabilela ematen du, berriro abiatzeko moduan gutxienez.)

 

santi: Tira! Tira! Goazen, bideari eutsi behar! Ala ez diogu eutsi behar?

 

alpontso: Eutsi? Utzi ez al genuen egin beharko?

 

(Inork ez du erantzuten, baina, konbentzimendurik gabe ere, martxan jartzeko prestatzen dira.)

 

alpontso: Orduan, bideari eutsi behar? Zein bideri?

 

alazne: Horrek badu zerbait egiatik, ezta? Nola eutsi zeri eusterik ez badaukagu?

 

santi: Zeri eutsi ez badaukagu, ez daukagunari eutsi beharko diogu orduan, zeri bestela?

 

alazne: Biderik ez badago, nola eutsi?

 

alpontso: Horixe bera esan ez dut nik, bada! Biderik ba al dago?

 

santi: Geldi geratuta nola egongo da biderik? Bidean jarrita bideren bat egingo dugu behintzat, ez duzue uste?

 

alazne: Usteak ere, zerbaitetarako balio al du usteak?

 

ailem: Usteak uste izateko balioko du gutxienez, ezta? Bada zerbait, ezta? Ala ezta horretarako ere?

 

santi: Usteak uste izateko balio du, noski. Eta eusteko ere. Eztabaidatzeari utzi, demonio, eta goazen! Ala ez?

 

(Elkarri begira geratzen dira, elkarri galdezka, inor ez da mugitzen. Gero, alazne gazteak soka hartu eta lehenengo gurdiaren aurrean jartzen da.)

 

alpontso: Eta nire abanikoa? Bidean aurkituko dudala uste duzue?