2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

15.

 

 

      (alazne gazteak santiren konpainia bilatzen du galderak egiteko asmoz.)

 

alazne: Orduan, oraingo ez-mundu hau ez da buruan zenuten mundua, ezta?

 

santi: Zure adina genuenean? Ez dizut esan? Ez, ez buruan ez bihotzean. (Kantuan)

            “Inon ez inor menpekorikan

            nor bere buruaren jabe

            herri guztiok bat eginikan

            ez gabiltz gerorik gabe…”

 

alazne (kantua moztuz): Herri guztiok bat eginikan… tira, poz pixka bat ez al dizu ematen horrek? Ez al gaude denok bat eginda honezkero? Esango nuke bat eginda gaudela, ez? Munduan, esan nahi dut, denok bat eginda.

 

santi: Bat eginda? Denok bat eginda? Bai?

 

alpontso (besteen solasean muturra sartuz): Pott eginda, bai. Ala ez gaude pott-pott eginda? Bidean galduta eta porrot-porrot eginda; ez al da nabari?

 

alazne: Nazioak ez dira desagertu, ala? Halako batean, Artikoa ozeanoan bezala, merkatuan urtu ez al ziren nazioak? Administrazioa pribatizatu, gobernantza korporazioen eskura pasatu… Hori guztia ez al zen zuen muturren aurrean gertatu?

 

santi: Herritarrak izateari utzi eta bezero hutsak izatera pasatu ginen! Konturatzen zara zer den hori?

 

alazne: Nola konturatuko naiz? Oraingo hau ez den beste mundurik ez dut ezagutu. Inoiz ez naiz herritar izan, ulertzen? Nire bizitzan ez naiz inoiz beste nazioen menpe egon. Bezero izan naiz jaio nintzenetik, poltsikoan dudan dirua bukatzen denean akabo nire eskubideak. Horregatik galdetzen dut; herritarrak ez daude, herririk ez dago, ez al gaude denok bat eginda honezkero?

 

santi: Ez al da guztiok batera deseginda egotea izango?

 

alazne: Berdin zait orain, kontua da “herri guztiok bat eginikan” bagaude, horrek ez al digun zirrikitu bat utziko gerorik gabe ez ibiltzeko?

 

alpontso: Zirimiria galduta, abanikoa aurkitu ezinik… eta gerorik eduki bai?

 

txaldatxur (alpontsori, erretxin): Dedio! Hau matraka abanikoarekin! Ba al dakizu, erreketeen parean egon eta eskuan gaizki jositako metxa bat baino ez edukita, benetan gorriak pasatzea zer den? E? Eta zu abanikoan pentsatzen, dio!

 

alpontso: Abanikoa eskatzea gehiegi eskatzea al da? Bada, hori gehiegi eskatzea bada…

 

abuela: Jatorria ere ez badugu aurkitzen, zer du arraroa abanikoa ez aurkitzeak?

 

ailem: Bidea edota arnasa ez baditugu aurkitzen, garrantzia al du abanikoa ez aurkitzeak?

 

alazne (kexu): Kalaka, kalaka, kalaka… erantzun argirik ez baina kalakagintzan onenak zarete! Beti izan zarete horrelakoak? (Isilunea) Zuen begien aurrean, nola izan zen posible? Zergatik utzi zenuten herriak eta herritarrak merkatuan urtzen?

 

alpontso: Tontamentean akaso, abanikoa galdu dudan moduan akaso?

 

txaldatxur: Dio! Metxak josteari uzteagatik ez zen izango, ezta? Metxak josteari utzi geniolako? Kaguen la potrusia!

 

abuela (txaldatxur zaharrari): Maitea, alferrik ez nekatu, Cayuelak ez bazuen lortu zu akabatzea, ez du tentsio altuak lortuko!

 

ailem: Zuk zeuk ez al duzu esan? Beroak Artikoa ozeanoan urtzen utzi genuen moduan? Ezinezkoa zelakoan?

 

alazne: Uste usteletan entretenituta eta hori uste zenuten, ezinezkoa zela?

 

ailem: Begien aurrean, baina ez genuen arrapaladan zetorkiguna ikusi nahi? Ziurtzat genuena ez genuen kolokan jarri nahi? Hori izan da gure bekatua?

 

santi: Badakizu batek zer esan zuen? “Burgesak ez dio zalantzari bere etxera sartzen uzten”. Ez da egia osoa izango, baina oso egia borobila da, ala ez?

 

abuela: Zer nahi duzu nik esatea? Nik lana erruz egitea beste bekaturik ez dut egin. Olibondoa izan nahi izan dut beti, lur apur batean sustraitu eta munduan leku bat eduki… Burgesa izan naiz horregatik?

 

ailem: Basamortuko seme-alaba nomaden moduan, inoren menpeko izan gabe, ibiltzeko lur puska bat oinen azpian eta zeru izartsu bat gauean baino ez ditut amesten bizitzeko. Posible al da nomada burges izatea? Zalantza honi etxeko atea ireki behar nion?

 

alpontso: Tira, basamorturik gabe ahal dela, gainerako herriak bezala izan nahi genuen, ezta? Edo, ez?

 

santi: Gehiegi al zen? Besteak bezala, ez gehiago ez gutxiago, estatu bat, gobernu bat… libre antzean bizitzeko.

 

txaldatxur (beroaldian oldartuta): Te, te, te… Gobernua…? Geldi hor, Beltzebu! Ez jaungoikoa, ezta jaun behekorik ere nik, e! Ni dios ni diablo!

 

(Oldarraldiak arnasa estutu eta baretzen lagundu behar diote.)

 

santi: Ahaide Nagusien lekaioak izan ginen aspaldi urrun batean. Gero, munduaren bilakaeran, herritarrak bilakatu ginen. Orain, Korporazio Nagusien bezeroak baino ez gara…?

 

alazne: Zaharrak berri, beraz? Erdi Aro Berria? Zuen eldarnio zoroenetan ere ez zen hori agertzen?

 

      (Isilunea.)

 

txaldatxur (estualdia pasata): Aizue, historiaren edozein arotan egonda ere, aukeran, sabela ondo berdinduta ez al da hobe? Txorizo puntaren bat ez da hor nonbait sobratu kasualitatez? Edo kausalitatez esan behar dut?

 

abuela (irriņo bihurri batez): Alproja hori! Zeruak eta lurrak bukatuko dira eta zuk bertan jarraituko duzu, kondarrak biltzen?

 

(abuelak zerbait luzatzen dio mokadua egiteko. Isiltasuna. Deskantsua egiteko ordua da.)

 

ailem (isiltasuna apurtuz, zeruari begira): Izar hori… benetan diotsuet, ez da parte onekoa.