2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

5.

 

      (Egindako esfortzua, adina, nekea… makal dago txaldatxur zaharra. Besteek lubakiak desmuntatu eta gauzak bere lehengora bueltatzen saiatu bitartean, albo batera eraman eta arnasa hartzen laguntzen dio alazne gazteak.)

 

alazne: Zu, Txaldatxur, esan egia, hainbeste urte, hainbeste gerra, hainbeste anemia eta pandemia kolkoan, zu… zu hilda zaude dagoeneko, ezta?

 

txaldatxur: Eta zu? Hilda zaude zu?

 

alazne: Gaztea naiz, hemen nago.

 

txaldatxur: Zaharra naiz, eta hemen nago ni ere, ez duzu ikusten? Biok gaude hemen.

 

alazne: Orduan, hildako batekin ari naiz hizketan?

 

txaldatxur: Ziur? Mundua mundu denetik, hildakoen eta bizirik daudenen arteko hizketarik ez da sekula ezagutu. Lehenengoak izaten ari gara? Ala hildako batekin ari naiz hizketan, bestela?

 

alazne: Auskalo, zuei entzunda, ezer ez dago ziur munduan mundua mundu denetik; pentsa, orduan, ez-mundu denetik. (Isilunea) Baina zu oso zaharra zara, Abuela baino askoz zaharragoa, eta Abuela…

 

txaldatxur: Eta? Zientziak asko aurreratu du, gaur ia dena da posible.

 

alazne: Dena da posible, zientziaren onuren banaketa salbu. Horretan, ezinezkoa da aurrerapena, ezta? Hala ere, zu…

 

txaldatxur (aurrea hartuz galderari): Urte asko pasatu dira… Zahartzea atzeratzeko botiken ikerketetan jo eta su ari ziren laborategiak, eta agure benetan zahar-zaharren bila ari ziren akuri moduan erabiltzeko; dirutxo bat ematen zuten trukean. Pentsioak kendu gabe zeuden oraindik garai hartan. Inoiz ez zituztela kenduko esaten zuten, baina nik fidatu ez eta dirua hartu nuen badaezpada. Akuria izan nintzen, bai, kobaia, eta ikerlariek eman zizkidaten pilula guztiak jan nituen. Zortea izan nuen nonbait, eraginkorrak gertatu ziren nire kasuan; jasotako dirutxoa bukatu zen baina ni hemen nago. Ez zen gehienen kasua izango; egongo ziren minetan pasatutako aste gutxiren bueltan betirako joango zirenak dirutxoa gastatu gabe... Zortea izan nuen? Batek daki…

 

      (Isilunea.)

 

alazne (pentsakor): Ez dakit… Agian zu ere zulora joan zinen besteekin batera, eta orain… Noizbait gertatutako zerbaiten memoria besterik ez bazina? Ahaztutako garai bateko memoriarekin ari naiz hizketan agian?

 

txaldatxur (zalantzak hartuta bat-batean): Eta ero baten asmakizuna besterik ez bagina? Algoritmo batena, hemen, funtsik gabeko kalaka alferrean?

 

alazne: Asmakizuna? Memoriak berak ez al du asmakizunetik dezente? Gauza ahula da, irauteko asmazioa erabili behar du makulu gisa derrigorrez, ez duzu uste?

 

txaldatxur: Ez aldrebestu nik esandakoa; ganorabako baten asmakizun burugabea izan gintezkeela baino ez dut esan. Edo beste zerbait esan dut?

 

alazne: Fikzio absurdo baten protagonistak? (Lehenik bere gorputza eta gero txaldatxur zaharrarena haztatuz) Hala ere, haragia eta neke hau errealak dira, ezta? Errealak direla esango nuke, ez direla asmatuak, alegia. Ukitu, ukitu…

 

txaldatxur (bere burua eta inguruan dituenak ukitu, zalantzak uxatu eta menderakaitz bat-batean): Horixe erreala naizela! Zergatik ez naiz erreala izango? Ukigarria denak erreala izan behar du derrigorrez! Beti! Zergatik galdetu didazu ea hilda nagoen, e?

 

alazne: Izan ere…

 

txaldatxur: Hilda? Hilda? Ni ez nago hilda, e! Ni, hilda? Ezta ametsetan ere! Zer uste! Bizi-bizirik nago ni!

 

alazne: Esan dizut, hain absurdoa ematen du denak…

 

txaldatxur: Absurdoa? Horixe alferraren erantzuna! Absurdoa ez al da dena absurdoa dela esatea? Zintzoa izan eta ulertzen ez duzula esan, dio! Baina ez absurdo esan.

 

alazne: Tira, hau guztia absurdoa ez bada, orduan zer da? Menturazko zerbait? Kasualitatezko zerbait?

 

txaldatxur: Segi, segi alferkerietan plisti-plasta! (Isilune bat eta gero) Eta, kasualitatez, kausalitate kontua izango balitz?

 

(Beroaldiak eragindako nekeak hartu txaldatxur zaharra, arnasa estutu eta eztulka hasten da. alazne gazteak artatzen du. Isilunea.)