2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

21.

 

      (Gaua bere amaierara iristear dago. Iluna dago oraindik, baina ez da asko faltako egunsentia heltzeko. Nagiak hartuta dago taldea. alazne gaztea ez; antza, bidea abiatzeko gogoz dago.)

 

alazne (martxa egiteko gauzak prestatu bitartean): Tira, altxa! Zer uste duzue, bidea gure bila etorriko dela? Geuk bilatu beharko dugu bidea. Ala bideak gure pausoak bilatzen badakiela uste al duzue?

 

abuela: Egunsentia ikusten al da, maitea? Ilun ez al dago oraindik?

 

alazne: Ilun dago, bai, Abuela, eta zer? Guretzat ez al dira berdin eguna eta gaua? Eguzkia eta ilargia? Astea eta jaia? Zer dago berririk hor? Akaso ez al dugu bidea ilun ikusten beti? Altxa, bada! Altxa!

 

alpontso: Orduan, gaur ez dugu lo egin behar?

 

abuela (nagi baina altxatuz, alpontsori): Gaztea da, badakizu, eta gazteek ez al dute presa handia eduki behar beti?

 

alpontso: Baina ondo gaude hemen, mokadu bat hartu eta ondo samar gaude hemen. Ala ez gaude ondo samar? Okerrago egon gintezke, behintzat, ez? Orduan, merezi du? Merezi du, benetan, bidea bilatzea? Zertarako? Zapatak urratu eta bidean galduta ibiltzeko gero? Horretarako? Merezi du zapatak urratzea azkenean bidean galduta ibiltzeko?

 

alazne: Bidean galduta ibiltzeko? Ala nobio edo nobia bilatzeko, Alpontso, auskalo, zeinek daki! Ala ez zuen merezi zapatak urratzea nobio katxarro baten truke? Tradizio izan da beti, ezta? (Kantuan)

 

            “Urkiolara joanda

            zapatak urratu,

            Urkiolara joanda

            zapatak urratu…”.

            Aupa Alazne!

 

santi (alpontsori): Urratzeko ez badira zertarako dira zapatak, bada? Erakutsi eta elegantzietarako? Ibiltzea ez al da, kausalitatez, zapatak zapata egiten dituena?

 

alpontso (marmarrean baina ipurdia mugituz): Orduan, gaur ez dugu lo egin behar, ezta? Aitaren… Esan dizuet, e! Ametsa eta loa batera egiten ditut nik gauero... Baina, gaur… ez lo eta ez amets?

 

alazne: Batera egin, batera egin… Bidea egiteko ez al da hobe esna egonda amets egitea, eta ez lo zaudela? Ala zer? Txinpantzeak bezala bizitzeko jaio al gara? Jaio, jan, lo, kaka egin eta hil? (Gauzak jaso eta berriro martxan jartzeko prestatze lanetan dabil taldea) Zer, lagunak, prest?     

 

alpontso: Lagunak, lagunak… Lagunak garela esatea ere ez al da gehiegi esatea?

 

ailem: Bidelagunak bai, ezta? Kasualitateak eta, gehienetan, ezezagunak zaizkigun kausalitateek eginiko bidelagunak garela esatea ez da gezurra, ezta?

 

santi: Tira, bidean gaude gutxienez, ez? Ala gutxi da hori?

 

alpontso: Bidean… ala bidean galduta?

 

santi: Nora goazen jakingo bagenu sikiera… Bidean galduta egoteko, nora goazen jakin beharko genuke aurretik, ez duzue uste? Baina…

 

ailem: Hori, nonbaitera al goaz?

 

alazne (besteen hizketa moztuz): Aizue…! Berriro? Egindako galdera guztiak berriro errepikatu nahi dituzue?

 

santi: Hain ugariak dira ate joka ditugun galdera eta zalantzak…

 

ailem: Eta burgesak zalantzari etxean sartzen utziko balio…?

 

santi: Burgesak? Burgesak ez ziren aspaldian desagertu, ala? Esan nahi dut, Ahaide Nagusien garaian ez gaude, bada? Ala ez duzue Ahaide Nagusien garaian gaudenik uste?

 

ailem: Korporazio Nagusien garaian, gizon…

 

santi: Ez dut hori esan?

 

alazne: Azkenean, zalantzan dantzan ibiltzea dugu bizitzaren funtsa, ez duzue uste? Ala ezustean harrapatzen gaitu horrek?

 

santi: Zalantzen eta galderen dantza horrexek egiten gaitu pertsona, ezta? Egiten gaitu herria. Nor gara gu…? Zer gara gu…?

 

alpontso: Baina ba al gara gu? Zerbait al gara gu?

 

abuela: Ni olibondoa naizela esango nuke, ezta? Baina sagarrondoa ere bai, eta belarrimotz ohia… Eta zuek?

 

santi: Fandangoa eta buleria eta arin-arin…? Heavy metala, txalaparta, punka, vallenatoa, habanera…

 

ailem: Vallenatoa eta balearen bertsoak… A, eta akazia!

 

alpontso: Basamortuko kakalardoa eta zirimiria al naiz? Eta abanikoa galdu zuena… Hain zuzen, ez duzue nire abanikoa ikusi?

 

alazne (moztuz): Ez dut enplastu izan nahi, baina… hori baino ez gara?

 

santi: Hemen gaude, behintzat, ezta? Memoriak gogoratzen ez dituen urteak daramatzagu mundu eta ez-mundu honetako bideetan barrena… Zerbait esan nahiko al du horrek?

 

(Isilunea. Erantzunik ez segizioaren muntaketari azken ukituak eman bitartean.)

 

alazne: Niri erantzun bakarra bururatzen zait… hemen jaio edo tokitan jaio, nor gara gu? zer gara gu...? Euskaradunak gara gu, ezta? Ez munduan, ezta ez-munduan ere, beste inork ez duena, ala bai?

 

abuela: Euskara dugunak...? (Bat-bateko pozak hartuta) Arsa! (Bat-bateko zalantzak hartuta) Edo altxa porru? Ai, ama…

 

santi: Poetak esan zuena, agian? Ozeano handian ari diren olatu modukoak al gara? Inongo hondartzara iristeko esperantzarik gabe, baina ekin eta ekin, hala ere. Horiexek ez al gara?

 

ailem: Algara? Algara al gara? Bai? Eta negarra…? Negarra ez?

 

alpontso: Orduan, olatu bat naiz, azkenerako? Tira, ez dago gaizki jakitea… Aizu, baina ziur al dakigu hori?

 

abuela: Auskalo, poetaren batek esan omen zuen…

 

      (Dena dago prest martxan hasteko. Hasieran bezala, metalezko masta moduko batetik, loredun oihal zahar koloretsua dago zabalduta, belaontzia irudikatuz. txaldatxur zaharra eta abuela doaz gainean, eskifaia moduan. Beste pertsonaiek bultza eta bidean hasten dira.)

 

txaldatxur (zutik, kapitainaren plantan, aginduak ozen oihukatuz): Eutsi arraunei, marinelak, eta aurrera! Ieup…! Boga…! Ieup…! Ieup…! Boga…! Ternuara goaz!

 

alazne (harriduraz): Baina, Ternuara al goaz?

 

santi: Zarrakaztelura agian?

 

abuela (kantuan hasiz, tonu samurrean. Haizemailerik ezean, paper edo kartulina zahar bati eraginez):

      “El Sueño va por el Tiempo

      flotando como un velero,

      flotando como un velero.

      Nadie puede abrir semillas

      en el corazón del Sueño,

      en el corazón del Sueño…”.

 

alazne (abuelaren kantua moztuz): Orduan, Abuela, hasieran bezala gaude? Sartu garen moduan aterako gara? Honek guztiak ez du ezertarako balio, akaso?

 

abuela (sorbaldak jasoz): Zer nahi duzu nik esatea, maitea… (Kantuari ekinez berriro)

      “El Tiempo va sobre el Sueño

      hundido hasta los cabellos,

      hundido hasta los cabellos.

      Ayer y mañana comen

      oscuras flores de duelo,

      oscuras flores de duelo…”.

 

      (Segizioa albotik ateratzen da.)

 

 

amaiera