2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

13.

 

(Isilik egon den alpontsok ezin du ezinegona ezkutatu.)

 

alpontso: Gizatasunari bidea zabaltzen? Zer bide? Zai, zoi, bele, arma, tiro eta… (Eskuarekin pistola-tiro bat irudikatuz) Ikimilikiliklik egitea? Hori zen bidea? Edo bide horretan gizatasuna galtzeko bidea ez ote zen, akaso?

 

santi: Zein zen Melitonek torturatzeari uzteko gizatasunezko bidea? Bilera eskatu eta, mesedez, gehiago ez torturatzera gonbidatzea? Ez-gizatasunaren aurrean, bide bazterrean gizatasunezko egonean egotea?

 

alpontso: Ez didazu erantzun…

 

santi: Erantzun alferra nahi zenuen? Edo alferraren erantzun zinikoa nahiago?

 

alpontso: Erantzun gabe jarraitzen duzu…

 

santi: Ziur? Bidezko erantzuna ez al da bidezko galderak egitea?

 

alpontso: Ez duzu erantzuten…

 

santi: Eta zuk?

 

      (Isilunea.)

 

abuela (eztabaida moztuz, santiri): Zure bila etorri ziren eguna memorian daukat josita, zure amonak kontatuta.

 

santi: Amona Koro…

 

abuela: Zu umetxoa zinela, auzo berean bizi ginen, zuek ibai ondoko etxe zaharretan; Modesto eta biok, aspaldian ezkonduta ordurako, alboko bloke berrietan bizi ginen urtetan, gurasoekin, sukalde konpartitua utzi, hipotekatu eta bertara erosi baitzuten etxea. Asko ezagutzen nuen zure amona. Gure ama jostuna zen eta dezentetan etortzen zen arroparen baten konponketa edota ospakizun baterako zerbait egin nahi zuenean. Edo bisitan, besterik gabe, batzuetan. (Norbaitek atean jotzearen soinua entzuten da, irekitzera doa abuela) Egun hartan, ate joka entzun eta horrelako zerbait izango zela pentsatu nuen…

 

ailem (amona kororen paperean, artegatsu, barrura sartzen): Señora Laureana! Señora Laureana! Ai ene, qué desgracia, Señora Laureana, biloba eraman dute, Santi!

 

abuela (señora laureanaren paperean): Ay, mujé, zer suspirioak dira horiek, si parese que le tiene perdío el aire todo, que hasta el color de la cara se le tiembla! Zer gertatu da, Koro andrea?

 

ailem: Gertatu? Brigada politiko-sozialekoek Santi eraman dutela!

 

abuela: Lasai, mujé, ziur kalean utziko dutela laster.

 

ailem: Lasai? Ez da eramaten duten lehena, beste asko eraman dituzte aurretik, Melitonek eta horiek, eta izugarrikeriak egin gero, hartxintxarren gainean oinutsik ibiltzera behartu eta belauniko jarri, eta beraien gainean jarri gero, mokadurik probatu gabe… izugarrikeriak.

 

abuela: Lasaitu, Koro andrea, ya verá usté nola ez dioten ezer egingo zure bilobari…

 

santi: Egin, egin zizkidaten… Eta Carabanchelera eraman, eta Soriara gero, eta Segoviara azkenean.

 

abuela: Eta josteko lan gehiago ekartzen zion orduan gure amari.

 

ailem (amona kororen plantan, bisitan berriro): Ay, Señora Laureana, ez dakit nik zer maniak hartu dituen orain arroparekin, con lo narras que era antes. (Paperean bildutako praka bat luzatuz) Hartu, hartu praka hauek…

 

abuela: Y diga usté que sí. Ea, ekarri, ea nondik askatu zaion jostura orain… Ala zer da, ez zaiola gustatu egin nion praka-barrena?

 

ailem: ¡Pues no va y quiere ahora que le ponga un forro en la culera al pantalón! Neguan eta Segovian egiten duen hotzarekin, patioko harrian eseri eta ipurdia hozten zaiola esaten du orain…

 

abuela: ¡Virgen de la Macarena, pues no le ha salío señorito ni nada er muchacho!

 

ailem: Horixe egia berdaderoa. Baina saiatu txukun egiten markarik ez geratzeko, barre egingo diotela bestela beste kideek… hori esaten du.

 

santi (irriz): Gezurti halakoa, amona Koro!

 

ailem: Ui! Eta zer nahi zenuen? Egia esatea? Zuen paperak eta zuen gauzak ezkutuan sartu eta atera ahal izateko, lehen egindako azpiko tolestura txikiegia zela esan behar nuen?

 

      (Isilunea.)