2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

Inora bidean goaz beti

 

Mikel Antza

 

      Ilargi ia betea izan dugu bart.

      Egun osoa neraman iristen ez zen zerbaiten esperoan, neure buruari aitortu nahi ez banion ere. Etxean egiten dudan yoga saio bakartiaren ostean afaltzeko gogorik gabe, oheratuz gero lorik ezak hartuko ninduen susmoa neukanez, sutondoko besaulkian eroso jarrita Annie Ernauxen Emakume izoztua irakurtzeari lotu nintzaion.

      Ernauxen liburua utzi eta beste zigarro bat gehiegi erretzera atera nintzen etxaurreko bankura, ilargiaren argitan izoztera.

      Ondoren jaso nuen ustekabean Pablo Barrioren 2074 antzezlana e-postaz.

      Eta segituan, ohera sartuta loari alferrik deika batera eta bestera burkoa zapaltzen ibili ordez, ekin nion antzezlanaren irakurketari.

      Irakurtzen hasi orduko egin zitzaizkidan pertsonaiak gertuko, beren izaeragatik baino Barriok kokatu dituen lekuagatik, ezlekuagatik esan beharko nuke. “Travelling” hitzaren itzulpen zehatza bilatzekotan egon nintzen antzezlana irakurtzen amaitu nuenean. Pirandelloren antzezlan ezaguneko sei pertsonaiak bezala, hauek ere bila dabiltza, ez ordea egile baten, baizik eta bidaian inora eramango ez dituen bidearen bila, travelling luze eta amaigabe batean, iragana eta etorkizunaren artean zintzilik legokeen baina oraindik ez dagoen bide batean.

      Hain maiztua dagoen Machadoren “bidea ibiliz egiten da” horri egindako emendakina proposatzen digu Barriok: “Bidea galderak eginez egiten da”. Halabeharraren bi zentzuekin (kasualitatea eta kausalitatea) jolas egiten dute agertokiaren erdian noraezean; norarik ezean eta umezurtz agertzen zaizkigun pertsonaiek. Eta galderak pausatzen dizkigute, galdetzea bera balitz bezala giza indarrez ibilarazten dituzten tramankuluen energia berriztagarria. Galdera eta zalantza, nondik eta nora, zergatik eta zertarako. Etorkizunari buruzko misterioaren eta ezjakintasunaren behe-lainoak inguratzen ditu pertsonaiak, eta baita iraganarenak eta orainarenak ere. Bertan daudela da ziur dakiten bakarra; eskaintzen diguten ziurtasun bakarra.

      Galderak egitea beti da arriskutsua, baina are arriskutsuagoa desgaraiz egitea. Beren buruei egiten dizkieten galdera horiek ez ote dira etorkizunetik igortzen dizkiguten galderak, guk orain geure buruei egin beharko genizkienak, hain zuzen ere Barriok irudikatu dituen pertsonaia hain egiantzeko horiek beranduegi denean egin ez ditzaten?

      Baina, hala ere, Abuela, Txaldatxur eta bere segiziokoak ez daude Godoten esperoan, maiz haien elkarrizketek Vladimirrek eta Estragonek haien artean dauzkatenen oihartzunak ekartzen badizkigute ere. Haiek bezala hauek ere egoera absurdoan dabiltza, eta 2074 antzezlanak absurdoaren antzerkiaren urrina badauka, bizitzaren zentzu absolutua aurkitzeko saiakeraren absurdoa azaleratzen duen neurrian dauka.

      Euskal Herrian norabiderik gabe irudikatu ditudan antzezlaneko pertsonaiek Euskal Herriaren iragan hurbilari begirada botatzen diote, galderak pausatuz, ia etenik gabe. Pertsonaiak beren bidaldi galduan agertokitik desagertzen direnean, irakurle-ikusleok utziko gaituzte umezurtz, gure iragan hurbilarekin eta presente honekin zer etorkizun eraikiko dugun edo eraiki dezakegun gogoetatzen.

      Azken orrialdeak irakurtzen ari nintzela otu zait idatzizko bertsioan antzezlan futurista honetako pertsonaiek ez daukatela mugikorrik. Pozgarria iruditu zait. Iruditzen zait gaur egungoa izatera ez luketela hainbeste hitz egingo haien artean Alazne gazteak, Txaldatxur zaharrak, Abuelak, Alpontsok, Santik eta Ailemek. Begiak pantailari itsatsita leudeke. Ez ote daude etorkizuneko pertsonaia horiek hain galduta oraingo gure egunerokotasunean norberari bere mugikorrak zabaltzen dion munduan murgilduta gaudelako? Ez ote den etorkizunean zirimiria oroitzapen urruna besterik izango gure eguneroko zentzugabetuan “Mundua Aldatzeko eta Justizia Lortzeko” ideia handiek porrot egin eta borroka egiteari utzi diogulako? Herritar izateari utzi eta Bezero bihurtzen gaituen egunerokotasunean murgilduta gaudelako?

      Hala ere, Barriok irudikatzen duen etorkizun distopiko horretan bada esperantza poxi bat izateko zirrikiturik: bidean galduta ibiltzera kondenatuta daude Sisifo bidaiariok, bai, baina bidearen bila dabiltza. Eta Alazne gazteak amaieran irakurle-ikusleari pausatzen dion galderari erantzunez, ni bederen ez naiz antzezlanetik sartu nintzen bezala irten.

      Gainera, goiz eguzkitsua daukagunez, gaur ez daukat sua piztu beharrik izango, eta esperoan nengoena iritsi ez den arren bidean aurrera egiteko indarrak batu ditut gosari oparo bat egin ostean.

      Aldaketa handiekin amets egindakoak aldaketa txikiekin inurri lanean ikusten ditut inguruan, eta horri lotu natzaio ni ere, Txaldatxurrek irentsitako pilula miragarriaren antzeko baten probak arrakasta eduki ezean, berrogeita hamar urte barru nire lekukotza ezingo dudanez eman, egin beharrekoa orain egin behar dudala jakitun.