2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

2.

 

(abuela isildu da eta bere bidea jarraitzen du segizioak, isilik denak, ibilian gelditu gabe beti. Zalantzati, albo batera eta bestera begira pausoa eman baino lehen, alazne gazteak irekitzen du bidea.)

 

alazne (isiltasuna apurtuz, pausoa gelditu gabe): Nora goaz? (Erantzunik ez) Ea nora goazen!

 

ailem (isilune baten ondoren): Nonbaitera goaz, ala?

 

alpontso: Ternuara ez, behintzat, ezta?

 

santi: Tira, bidean gaude gutxienez, ez? Ala gutxi da hori?

 

alpontso: Bidean… ala bidean galduta?

 

santi: Nora goazen jakingo bagenu sikiera… Bidean galduta egoteko nora goazen jakin beharko genuke aurretik, ez duzue uste? Zaila da galduta egotea bestela…

 

ailem: Hori, nonbaitera al goaz?

 

alazne: Horregatik, bada, nora goazen galdetzea… zalantza guztiak argituko genituzke arnasa batean.     

 

alpontso (haizemailearen faltan, gurdian orri zahar bat bilatu eta haizea emanez): Arnasa egitea ere, ez dago arnasa egiteko modurik. Hau beroa! Gogoratzen duzue zirimiria egiten zuen garaia?

 

alazne: Nik ez. Ezagutu ez dena ba al da gogoratzerik? Ez, ezta? Ezetz esango nuke nik behintzat…

 

ailem: Nik Abuelari eta hemengo zaharrei entzunda imajinatzen dut zirimiria. Basamortuko hauts laino baten moduan irudikatzen dut, hautsaren partez urezko perla gris txiki-txikiak airean geldi…

 

abuela (moztuz): Ai, ene, maitea! “Urrezko perla gris txiki-txikiak airean geldi…”, poeta ematen du honek! Taxuz ulertzeko, bertsolariak baino okerrago. Gainera, izatekotan, zilarrezko litzateke, ezta? Urrezkotik oso gutxi ikusten dut nik zirimirian… Ala poeta ez naizelako izango da?

 

ailem: Urezko, ez urrezko, urezko perlak esan dut nik…

 

alpontso: Zer, belarriak gastatuta, Abuela?

 

abuela: Nire Utreratik ailegatu eta zirimiria baino gauza tristeagorik ez zegoen munduan! Hiru hilabeteko Aste Santu bat baino tristeagoa zen hau, maitea!

 

alazne: Gazte antzu bat? Bai, triste izan behar du gazte eta ezer sortzeko gauza ez izatea, ezta? Zertarako gazte izan, orduan?

 

abuela: Zer gazte antzua eta zer demonio? Zeinek dauzka orain belarriak gastatuta? Aste Santua, maitea, Aste Santua. Han, Utreran, zer tristea zen…

 

alazne: Aaaa… Eta zer da Aste Santu bat?

 

santi (abuelari errietan): Bidean galduta eta horretan nekatu behar duzu burua, Abuela? Zer arraio inporta du Aste Santuak orain…

 

abuela: Txikitako garaiak dakarzkit burura… han, herrian, Utreran. Baina zirimiriaren errua izan da, e! Zer kuriosoa, ezta? Zirimiriak ekarri behar gogora nire jaioterria…

 

alpontso: Hau beroa, ez dago arnasa egiteko modurik… (Paperezko orria haizea emateko eskasa nonbait, lurrera botatzen du kexu) Non demonio utzi dut nik abanikoa?