2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

16.

 

(Gaua sartua da. Mokadu ondoko baretasunak harrapatu ditu pertsonaiak eta han-hemenka daude etzanda, loak hartuta batzuk, ez denak baina.)

 

ailem (errezitatuz):

      “Fwad taleh utait fjlagi mahi kasdi

      ela janfusa bel emnein utait

      luatia makanet mehsusa”[1].

 

abuela: Sorterriko kanta, ezta, maitea? Basamortua gogoan duzu oraindik?

 

ailem: “Akazien haranean harea zapaldu nuen, eta kakalardo txikiak aurkitu nituen. Zuhaitz enbor batetik oinatz batzuk ateratzen ziren, haiek ikustean nire arimaren lasaitasuna aurkitu nuen…”. Herriminak sortutako poema. Nik ere, basamortura bueltatuko banintz, kakalardo txiki baten oinatzak aurkituko nituen agian, eta lasaitasun apur bat emango nioke nire arimari.

 

txaldatxur: Kakalardoak…? Pepelerdoak ere franko aurkituko dituzu hemen! Txikiak, eta handiak ere bai. Eguna argitzean begiratu eta pepelerdo oinatz ugari eta larritasun oparoa topatuko duzu. Hau da gure kondena, dio!

 

abuela: Erretxin hori! Ixo! (ailemi) Egonezin handia kargatu behar du zure arimak basamortuko harean kakalardoek utzitako oinatz ņimiņoetan sosegu apur bat aurkitzeko, ezta?

 

ailem: Zer esplikatuko dizut zuri? Lehengo erromero eta olibondoen usainen memoria gordetzen duzula oraindik…

 

abuela: Basamortukoa zara oraindik?

 

ailem: Ni? Basamortukoentzat la vasca, hemengoentzat basamortukoa… (Isilunea) Basamortuan jaioa izanda ere ez naiz basamortukoa. Zirimiriaren lurrekoa izateko, aldiz, berandu iritsi nintzen, zirimiria ospa egina baitzen ordurako… Orduan, ez-munduak oinatzak uzteko baimentzen didan lurrekoa izango naiz agian? Jakiterik ba al dago?

 

abuela: Zirimiria joana zen ordurako…?

 

ailem: Hona iritsi nintzenerako, oso-oso gutxitan bueltatzen zen bisitan eta, neurez, apenas gogoratzen dut. Adinekoen memorian bizirik zegoen oraindik baina, eta hor zehar entzuna dut. (Bere bizitzaren kontakizunari ekiten dio) Zuri eta hemengo zaharrei entzunda, basamortuko hauts laino bat bezala imajinatzen dut zirimiria, baina urezko perla gris txiki-txikiak, airean geldi…

 

abuela: Ai, ama! Zu taxuz ulertzeko... lanak, e! “Urezko perla gris txiki-txikiak airean…”, “kakalardo txikiek nonbait utzitako oinatzak…”, poeta ematen duzula ez dizut inoiz esan?

 

ailem (irriņo gozoa egin eta jarraituz): Basamortuko harearen argitasuna utzita, hona iritsi eta… huraxe zaplaztekoa! Dena zen arrotza: zeru eta lurren kolorea, jendearen umorea, ohiturak eta hizkera… Abuela, badakizu leku batera iristea eta arrotza sentitzea zer den? Begirada zorrotzak sentitzea zer den?

 

abuela: Jakin banekien, bai horixe, baina… ai, ama, arrotza izana nintzela ahaztu eta zorrotza izatera pasatu nintzen akaso?

 

ailem: Leku guztietan saiatzen nintzen lan egiten, eta batzuetan lortzen nuen. Gutxitan irabazten nuen duin bizitzeko adina, hala ere. Toki batzuetan ez bakarrik nire lana, nire haragi gaztea ere nahi zuten; baina guztietan paseko hegazti moduan ikusten ninduten: pausatu bai, baina handik ez luzera berriro aireratzeko.

 

abuela: Zahar egoitzan ezagutu zintudan, garbitzailea zinen orduan… Lehenengo izurritean izan zen? Ala hurrengoetako batean?

 

ailem: Lehenengoan agian, bai. Edo hurrengo batean akaso, ez nago ziur. Bertan zineten Txaldatxur eta zu, egoiliar. Ordezkapen bat egiteko hartu ninduten lanean, izurritea hasi baino pixka bat lehenago.

 

 

 

[1] Ali Salem Iselmu poeta sahararraren Leyuad mendietan egin nuen lo poematik.