2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Pablo Barrio antzerkirako jaio den idazlea da. Euskaraz gutxitan ezagutu ditugu beren idazle ibilbidea ia soilik teatroan eman duten egileak; horregatik, plazer handia da bere obra Ganbilara ekartzea. 2074 izenburuak iradokitzen duenez, distopiaren ildotik idatzitako testua da esku artean duguna. Era horretako testuek ohi duten gisan, balizko etorkizunera luzatutako begirada gaurko gizartearen ispilu bilakatzen da, orainerako gogoetagai.

      Barrio dagoeneko bidea egin duen egilea da, nahiz eta gutxitan ikusi izan ditugun bere testuak oholtza gainean. Helduentzako antzerkigintzan, kasu, zenbait sari irabazi ostean Armiarmategian testuarekin harritu gintuen behinola: esaldien erritmoa, esamoldeen ebakera, absurdoaren neurria, hitz jolasak… dramagintzaren ofizioa ondo ezagutzen duen egile bat topatu genuen bertan. Testu hura aurkikuntza izan zen zaleentzat, batez ere, ohiko bideetatik at zetorkigulako idazlea: ez genuen ezagutu talde baten baitan, ez zetorren beste literatura genero batzuk lantzetik, bete-betean antzerkiaren idazketatik baizik. Helduentzakoez gain bere testuak saritu eta antzeztu izan dituzte Nafarroako Antzerki Eskolak bultzatutako haur antzerki testu lehiaketaren testuinguruan, eta gazteleraz ere ezagutu diogu beste obra bat, El sitio del fin del mundo, nobela izan arren moduetan berehala antzerkigintza gogora ekartzen diguna.

      2074 obran antzerkizaleok oso maite dugun erreferentzia bat izan du, besteak beste, gogoan: Euskal Herrian sarritan bisitan eduki dugun La Zaranda teatro konpainiarena. Ez kasualitatez, Andaluziakoa da taldea, azken garaietan “inongoa ez den teatroa” egiten duena. 2074ko pertsonaien artean suma daiteke sustrai anitzekiko gogoeta, hain zuzen ere. Erraza da gustuen bidetik eraginak aitortzea, baina ez hainbeste estilo eta korronte oso bat sortzeko gai izan den taldearen moduak barneratu eta gaitegi propio batera ekartzea. Lerro artean bikain jaso ditu Barriok dialogoen erritmoak, aktoreen etengabeko mugimendua, gorputzen ezinegona dakarren dardara, La Zarandakoek ere Tadeusz Kantorri aitortzen dioten panpinatasuna. Oholtzara eramatea mereziko lukeen testua, zalantza izpirik gabe.

      Teatro testuarekin batera, Barriok antzerkiaz duen ikuspegia jaso du Sortze prozesuaz izeneko testuan. Antzerki idazketan literaturaren eta idazkera fisikoagoaren artean sarritan muga bat marrazten den garaiotan, Barriok antzerki idazlearen ikuspegia zehaztearen alde egiten du bertan: “Testuaren sorkuntza etxeko bakardadean gertatzen denean ere, sortze hori kolektiboa da”. Alfonso Sastrek hizkuntza mailan parlatura deitu izan zuenaren baitan bilaketa egiten zuen moduan, Barriok idazlearen gorputzeraino darama idazkera, euskal teatrura oso baten bila.

      Umorez, antzerkiarekiko pasioz eta kritika sozialez lepo dagoen testua uzten dugu orain irakurle zein antzerkigileen esku, bertako pertsonaien bizi-dardara kutsatzeko prest.