2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

7.

 

(ailemek txaldatxur zaharra gurdian egokitzen lagundu eta bidean jartzen dira, pauso motelean, isilean. Pausoa laguntzeko esku bat gurdian bermatuta eta beste eskuan itzala egiten dion guardasola daramala, oinez doa abuela. Guztien atzetik alpontso dator azkena, izerdia garbitzeko zapia eskuan.)

 

alpontso (inguruan miaka): Ez al duzue nire abanikoa ikusten? (Erantzunik ez) Abanikoa galdu dudala esan al dizuet? Banuen bat eta ez dut aurkitzen… Nirea zen, badakizue?

 

abuela: Jatorria ez badugu aurkitzen, zer du arraroa abanikoa ere ez aurkitzeak?

 

alazne: Eta bidea? Bidea bera ere ez badugu aurkitzen, zer garrantzi du abanikoa ez aurkitzeak?

 

alpontso: Hau bero sapa… eta abanikorik gabe.

 

abuela: Umea nintzela, Utrerako bazkalondoetako bero itogarri berbera da hau… Arrotza zait orain, ez dut hau nirea sentitzen.

 

alpontso: Gogoratzen duzue zirimiria egiten zuen garaia? Aaaa… paisaia berde batean zirimiriaren freskura bezalakorik ez dago.

 

santi (marmarrean): Zirimiria, zirimiria… gaur egun nork gogoratzen du zirimiria?

 

alazne: Aerosol moduko bat ez al zen? Baina, horrela, oso handia… (Besoak irekita, zerbait handia irudikatzen) Aerosol ikaragarri handia esan nahi dut, fiski-fiski ari zena etengabe...

 

alpontso (kexati, marmarrean): Fiski-fiski, fiski-fiski… Bai, egin barre tradiziozko gauzei, bai, egin barre, fiski-fiski…

 

alazne: Tradiziozkoei egingo diet, noski, zeri bestela? Etorkizunekoei egiteko etorkizuna eduki behar da aurretik, ezta? Barre egiteko etorkizun puskatxo bat izango bagenu sikiera…

 

ailem: Zirimiria? Basamortuko hauts laino fina daukat nik tradiziozkoa, horixe gogoratzen dute nire begiek… (Isilunea) Pentsatu al duzue basamortuko hautsa izango dela agian gure ondorengoen tradizioa? Zergatik ez duzue pentsatu?

 

abuela: Nola ez dut gogoratuko zirimiria, bada, maiteak! Utrerako argitasun urdina atzean utzita, hona etorri eta… hura zirimiriaren tristurak eman zidan zaplaztekoa…

 

santi: Hara, Abuela, berriro? (abuelaren hizkera imitatuz) “Hiru hilabeteko Aste Santu bat baino tristeagoa, maiteak…”, berriro matraka horrekin hasi behar al duzu?

 

abuela: Bada, bai, Aste Santu batekoa bazen tristura nahikoa eta sobera… Baina hemen? Ai, ama, hemen, urte santu osoan zirimiria hemen! Atera kontu…

 

santi: Bada, hemen geratu zinen, badaezpada, hain tristea eta grisa ez zen izango!!

 

abuela: Grisa zen, bai, eta dena arrotza. Baina, tira, sugarra piztu zen bat-batean.

 

txaldatxur: Horren guztiaren lekukoa izan nintzen ni, bai horixe.

 

abuela: Neskatxa nintzela, jornalarien bizimodua utzi eta lan bila etorri ziren gurasoak hona, fabrikara. Lehenengoetarikoak izan ginen. Etxerik ez zegoenez, “con derecho a cocina” jarri ginen bizitzen, horrela esaten zen orduan, sukalde konpartituarekin. Dena zen arrotza, zeru eta lurren kolorea, jendearen umorea, ohiturak eta hizkera… Badakizu leku batera iritsi eta dena arrotza sentitzea zer den?

 

txaldatxur: Ez, ez dakit hori. Nik geure etxean bertan arrotza sentitzea zer den dakit. Gerra bukatuta eta hiru urte langile batailoian eman eta gero, Brunet oihal lantegira bueltatu nintzen lanera. Soldata eskasa, etxean zorretan beti, diru guztia gutxi zen eta sukaldea konpartitzeko hartu zintuztegun etxean apopilo. Arrotza sentitu? Pentsa, ez kalean eta fabrikan bakarrik, belarrimotzak sukaldean bertan ere…!

 

alazne: Hara kasualitatea, Abuela! Honen etxean bizi izan zinen? Ez nekien…

 

santi: Kasualitatea…? Ba al dakizu zenbat kausalitate, gerra eta miseria beharko ziren kasualitate hori gertatzeko?

 

abuela: Bai, Txaldatxur, zuek cashero boronoak, eta gu belarrimotzak, denak sukalde berean. Baina sugarra piztu zen bat-batean!

 

txaldatxur: Bat-batean, bat-batean… Baina ez sukalde ekonomikoaren bueltan; fabrikan piztu zen, bertan lanean hasi zinenean. Modestok piztu zizun txispa…

 

abuela: Zuk kapatazarekin hitz egin eta berehala hasi nintzen lanean, “Gran Compañía de Hilados y Tejidos Finos de Algodón” jartzen zuen fatxadan. Hamabost urte nituen lanean hasi nintzenean, eta hasiera-hasieratik jarri nion begia kotoizko fardoak makina ondora ekartzen zizkigun mutil gaztetxoari. Hura morrosko puska, Modesto! Eta hain lotsatia… Nola ez zen piztuko sugarra, bada!

 

txaldatxur: Fardoekin horrenbeste joan-etorri… sugarra piztu azkenean. Eskerrak ez zuela fabrika hartu!

 

abuela: Ai, maiteak, haiek oroitzapenak!