2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

17.

 

(Zahar egoitza bateko gela irudikatzen dute. Ohatilan txaldatxur zaharra eta gurpildun aulkian abuela egoiliarrak. ailem, maskara aurpegian, babeserako eskularruak, fregona eta garbiketarako materialak ondoan, garbitzailearen lanetan.)

 

ailem (lana egin bitartean, kantu gozoan):

      “Sahel mnu yeit shag andur etfl ati eftag

      duni matah le nyag segerat islaien”[1].

 

abuela: Hara, Txaldatxur, begira gure garbitzaile berria, begira zer gozo kantatzen duen… (txaldatxur zaharrari begiratuz) Gozo esan eta… ez zaigu, bada, lo gozoan geratu gure zaharra?

 

ailem: Lo kanta bat da. Txikitan, artega nengoenean, belarrira kantatzen zidan amak. Gauza ederrak kontatzen ditu kantak, lagunak umatzeko dagoen gamelu eme bat oparituko didala, gamelu zuria, kumea laster egingo duena…

 

abuela: Gameluak? A, badakit! Badakit, maitea! Egiptokoa zara orduan, piramideen lurraldekoa! (txaldatxur zaharrari) Aizu, adi! Esnatu! Errege Magoen lurraldekoa etorri zaigu bisitan! Alegría! Haien paje edo horrelako zerbait ez da izango?

 

ailem (irriñoz): Ez, emakume, Smaran jaiotakoa naiz, Saharako basamortuan ere, baina beste puntan.

 

abuela: Aaaa… Izan ere, guri, txikitan, Errege Magoena kontatzen zigun gure amak.

 

      (Lo seko dagoen txaldatxur zaharrarengana hurbiltzen da ailem.)

 

ailem (gizona esnatu nahian, gozo): Aizu, Txaldatxur, esnatu pixka bat! Ohatila desinfektatu behar dut eta.

 

abuela: Hara, gizon, egin kasu neskari, ederki kantatzen du eta entzun behar diozu. (ailem saiatu arren, gizona ez da mugitzen) Esnatu, bada! Desinfektatu behar du eta, ea birus edo zera madarikatu horrek ez gaituen eramaten… (Kezkatu egiten da abuela) Ai, ama! Ez da, zera… hotz egongo, ezta? Planta honetan, hiru joan dira azken astean! Joan, ez etxera…

 

ailem (berriz saiatuz, artegatsu): Txaldatxur…! Txaldatxur…! Esnatu, bada, gizon…

 

abuela: Aitaren… esperimentu bat egiten ari dira, gainera, berarekin… Badakizu, laborategiak diru kopurutxo polita eman bai, baina haien pilula-zopa hartu behar du trukean. Ikusiko bazenu zer potaje hartzen duen! Pertsonekin probatu baino lehen, seguru akuri mordoa joan direla aurretik, ez duzu uste? (Urduri) Esan nion nik, e! Loteriatan ez ibiltzeko, dirua jaso bai, baina ea kanposantuko zizareei ez zitzaien tokatuko gizentzeko saria! Eta begira orain, seko! Ea akurien bidetik joan ez ote den…

 

      (Gizona esnatu egiten da azkenean, nahasita hasieran.)

 

txaldatxur: Zizareak…? Zizareak…? Zizareek jango nautela? Non daude zizareak?

 

ailem: Lasai, gizon, ondo zaude; zahar etxean zaude, konpainia onean…

 

txaldatxur: Noren konpainia? Cayuelaren konpainia? (Altxa nahian) Dio! Ekarri dinamita, azkar! Lubakietara!

 

abuela: Ez da behar, maitea, ez da behar… Hilda dago Cayuela aspaldian, ez kezkatu, eta Franco ere bai. Ohean eta zahardadearen poderioz, baina hilda dago Franco ere bai.

 

txaldatxur: Nola zahardadearen poderioz hilda! Inork ez zion gure hodi haietako moduko bat ipurdian jarri eta… ieupala, zerura! Justua al da hori? Non zegoen makia? Redio!

 

ailem: Justua… (Ahotsa apalduz) Ez naiz ausartzen esatera, gizon, orain oso etikoak dira denak.

 

txaldatxur: Etika?! (Barre sarkastikoaz, ohatilan eserita) Hori zer da? Eskularru marka berri bat? Prezio merkean kotizatzen du etikak egun merkatuetan…!

 

abuela (errieta eginez): Baina, baina… etzan eta isildu oraintxe bertan! Eta kasu egin andereñoari. Tentsioa igo eta odola aldrebestuko dizu medikazioak!

 

txaldatxur (protestaka, ailemek etzaten lagundu bitartean): Zergatik isildu? Nik ere merke saldu diet nire burua laborategiei! (ailemi) Etikaren prezioan, zuk dena jakitearren.

 

ailem (albo batera begiratuz, ikara aurpegiaz bat-batean): Ai, ama, beste bat…!

 

abuela (ikara aurpegiaz ere): Virgen de la Macarena… Ez begiratu, Txaldatxur!

 

(Gorputegirako bidean, maindire batez estalia dagoen gorpu bat daramatela, santi eta alpontso azaltzen dira zahar etxeko bi langileren plantan, plastikoz egindako hala moduzko babes jantziak soinean jarrita.)

 

ailem (langileei): Kontuz, ez hurbildu.

 

santi (etsita): Beste bat. Kontua galdu dut…

 

alpontso (leher eginda): Errefortzuak behar ditugu, egoiliarrak zaintzeko eta gu geu ez infektatzeko babes material gehiago behar dugu, deskantsua, testak egin, protokoloak ez dira aplikatzen…

 

santi: Nagusiarekin hitz egin eta berak ezin duela gehiago egin, horixe esaten du, bere esku dagoen guztia egiten ari dela. Zuzendaritza Nagusitik eredugarriak garela esaten omen diote, harro daudela gure lanaz, kontuan izango dutela, eta bat egiten dutela jendearen txaloekin.

 

ailem: Kontuan hartuko dutela? Kutsatu eta hil ondoren?

 

alpontso: Egoiliarrak edo gu hiltzen bagara, gu hiltzen gara, enpresa ez da hiltzen, ez da misterioa. Ala misterioa da?

 

santi: Ondo ikasi zuten poetarena, ezta? Aitaren etxeak iraun behar du zutik, etxekoak… ez dira ezinbestekoak.

 

ailem: Poetek horixe daukate txarra, ez? Traizionatzen oso errazak direla…

 

abuela: Ai, ez esan hori, maitea, nik ez dizut traiziorik egingo. Nola egingo diet traizioa kakalardo txikien oinatzei? Ezta pentsatu ere…

 

santi: Osasunaren kontra eta lukurreriaren alde, enpresak iraun behar du zutik, horixe baino ez da. Ez dago misteriorik.

 

ailem: Ez, ez misteriorik ezta ezezagutzarik ere ez dago horretan, hari oso logiko batek ederki josten du dena.

 

santi: Pribatizatu zutenetik, langileok, egoiliarrak… merkantzia baino ez gara, diru iturria. Adinekoak hiltzen badira, lasai, itxaron zerrenda luzea dago zain. Langileok hiltzen bagara, arazorik ez, langabetuen batailoia hortxe dago, prest, ordezkoez hornitzeko.

 

txaldatxur: Nahigabetuen batailoia? Dio! Eta makia? Non dago makia? Makirik ez al dago, ala zer mundu demonio da hau?

 

(Bat-batean, eszena moztuz, txistu moduko bat entzuten da airean, nondik datorren inork ez dakiena, fin-fina hasieran, apurka-apurka biziagotu egiten dena. Zer gertatzen ari den ez dakitela, elkarri begira geratzen dira pertsonaiak.)

 

alazne (gorpuarena egiten ari zela, maindirea gainetik kendu eta zeru aldera seinalatuz, kezkaz): Aizue, begira hor! Izar zikin hori! Erortzen ari da, ezta?

 

(Bukatu da zahar etxeko antzezpena, maskarak, eskularruak eta bestelakoak bazterrera botatzen dituzte.)

 

 

 

[1] Emhamed Hadar poeta sahararraren poema baten zatia.