2074
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
Pablo Barrio
1958, Agurain
 
2074
Pablo Barrio
Azaleko irudia: Maite Caballero
Diseinua: Metrokoadroka
2024, antzerkia
102 orrialde
978-84-19570-23-9
aurkibidea
 

 

20.

 

(Zerutik eroritako satelite puska metalikoa eskuan, pentsakor dago alazne gaztea hari begira.)

 

alazne (zeru aldera seinalatuz): Elkarri tiroka ari dira hor, goian?

 

santi: Orbitan dauden estazio militarrak? Auskalo... Kantuan, behintzat, ez, elkarri kantuan? Ala elkarri kantuan arituko direla uste duzue?

 

alpontso: Kantuan espazioan? Zentzurik ba al du espazioan kantuan aritzeak? Ez du zentzurik, ez? Soinurik ez dago espazioan, ala bai?

 

santi: Konstelazioen arteko talkak ere ez dira entzuten espazioan, pentsa. Horrela da, ezta? Ez dira entzuten. Ala entzuten dira?

 

alpontso: Zer esan dut nik, bada? Entzuten ez bada ez du zentzurik. Espazio ilunean kantuan? Ala bai?

 

ailem: Misilen leherketak izango dira, orduan? Zeruan bat-batean loratzen eta berehala zimeltzen diren suzko geranioak bezalakoak, ezta? Isil-isilean, inor aztoratu gabe…

 

santi: Inor aztoratu gabe…? (Puska metalikoari begira) Buruan jotzen ez bazaituzte, ezta?

 

alazne: Hori al da gerra orduan? Urrutiko jardin ilun batean lore-buruek egiten duten eztanda isila, margolan eder horietako baten irudiak balira bezala? Aurrerapenaren gorenera iritsiak gara orduan, ederra dugu gerra ez-munduan?

 

ailem: Tira, lore-buruen eztanda ez al da isila beti? Kakalardoen pausoak bezala…

 

txaldatxur: Gerra? Zeinek esan du gerra? (“Gerra” hitza entzun eta aztoratuta, alboetara begira) Ez duzue gerra usaintzen? Eta ez da arrosa edota geranioen usaina… gerra kiratsa dario aireari! Benetako gerraz ari naiz ni, e! Ez lore edota kakalardoen gerra poetikoez… Odolezko gerraz…

 

abuela (agurea lasaituz): Egon, egon… egon, maitea, ez al duzu gerra inoiz bukatu behar? Kondena latza zurea, ez duzu uste?

 

txaldatxur: Nirea al da errua? (Baretzeko bidean, kexu hala ere) Ez dut inoiz bakea ezagutu behar? Nirea al da errua?

 

abuela (lehengo hariari helduz): Arrosak eta geranioak ditut nik gogoan Utrerako patioetan. Kantu gozoa egiten genuen, fandangoa eta buleria, eta cante jondoa ere bai, gau epeletan… (Isilunea) Alpontso, zergatik ez duzu zuk kantatzen? Kantatu zerbait guretzat, ederra litzateke… Ala ez litzateke ederra izango?

 

alpontso (marmarti): Kantuetarako giroa al dago? Girorik ez dagoela esango nuke nik… Goiko zeruan elkarri misilka eta kantuetarako giroa hemen? To, to, to… (Satelitearen puska metalikoa seinalatuz) Horrelako puska metalikoak buruan ia jo eta gu kantu gozoan hemen, Abuela? Hori al da giro? To, to, to…

 

alazne: Kantu gozoa ez, Alpontso, zure garaiko kantu gogor horietakoa nahiago, eskuan duzun puska hori bezain metalikoa. Heavya, rocka, punka… tradiziozko musika horietako bat. Ez al ziren horiek zure gustukoak?

 

alpontso: Heavya eta rocka eta punka tradiziozko musikak al ziren? Traiziozko ez al ziren askorentzat?

 

alazne: Nola ez direla tradiziozkoak izango? Jaio nintzenerako zahar baino zaharragoak ez al ziren?

 

alpontso: Bo, bo, bo… Entzun diozue? Gure tradiziozkoak ez al dira izan beti trikitia eta erromeria?

 

santi: Erromeria, erromeria…

 

alpontso: Bai, erromeria. Erromeria ez al da izan herri batek bere arimarekin topo eta dantza egiteko zirrikitua?

 

abuela: Ai, ama, zirrikitua zen? Herriaren arimarekin dantza egiteko zirrikitua al zen? Ez al zen, bada, gorputzari zirri ukituak egiteko kantxa orduan? (Irriņo lotsatu antzean bat-batean) Gaizki ulertu genuen, bada! Ene, bada, Modesto, lotsati hori, bekatu egin zenuen! Askotan eta askotan, gainera, zirri eta ukitu ugari egin zenituen. Bekatua, larria gainera, zure herriaren arimari egin baitzenion bete-betean! Ene, Modesto…!

 

santi: Tradizioa, tradizioa… Zein da gure tradizioa? Nonbaitetik baten batek ekarritako trikitiak ez al zion traizio egin dultzainari, bada?

 

abuela: Nire tradizioa? Txikitako patioetako fandangoak eta buleriak agian? Gaztetako erromerietako fandangoak eta arin-arinak, bestela? Biak ez al dira?

 

alpontso: Orduan, zer? Tradiziorik ez dugu orduan? Dena da traizioa? Horixe baino ez gara?

 

txaldatxur: Hau hizketa alferra. Ala hau ez da hizketa alferra? Hau hizketa alferra da!

 

abuela: Ez, maitea, hau ez da hizketa alferra. Ala hau hizketa alferra da? Hau ez da hizketa alferra! Nor garen galdetzea alferra al da?

 

ailem: Zer dakit nik…? Azkenerako, ba al dago alferrikakoa ez den hizketarik, akaso? Ba al dago, akaso, alferrikakoa ez den zerbait?

 

alpontso: Bizitza bera ere ez al da, akaso, alferrikakoa azkenerako?

 

(Isilunea.)

 

alazne: Eta zer nahi duzue, ni konforme egotea?

 

(Isilunea.)