Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo

 

Lehenbiziko oinordekoa Arantxa Iturbe duzu. Txarli txinpantze tabakozalearen gaineko artikulu bat idatzi zuen Berria-n 2005eko apirilaren 24an. [91]

        Bertan aitortu zigun osasun erakundeek eragin beldurra eta poltsikoko zuloa gorabehera, ezin izan duela tabakoa utzi. Edozer probatuko zuen ziur aski Iturbek: partxeak, hipnosia, pilulak...

        Halako batean, telebistan, Rosset-ek «le miroir animal» deritzona: Txarli txinpantzea zigarreta esku-ezpainetan estilo handiz erabiliz.

        Iturbe luzaro gelditu zaio begira, harriturik. Badirudi azkenik nikotina partxeek eta autosugestioak lortu ez zutena eskura duela, Iturbek bere buruari erretzeko orduan Txarlirekin sumatu dion antzaren kezkagarriak drogamendetasunetik askatuko duela.

        Iturbek ilunki uste baitu zigarretak pertsonago egiten gaituela, ziminoagandik bereizi, animalia gainditu, gizatasunera igo.

        Baina horra Txarlik telebista ispilu bihurtu. Eta Iturberen lehenbiziko erreakzioa: baldin erretzeak ziminoarekin berdintzen banau, utzi egingo dut.

        Adikzioa ikaragarria da ordea. Iturberen defentsa mekanismo guztiak alerta gorrian jarriko ditu, abante arrazoimena eta irudimena. Atxikia atxiki beharrak, alegiarra ikerlari, detektibe eta filosofo bilakaraziko du.

        Iturberen galdara dardaratiaren arrazoibideen ondorioetako bat izango da, Txarlik ezin duela erre ez bada gizakiaren bitartez. Erabateko aberetasunarekin parekatuko balu erretzeak, Iturbek utziko bide omen luke. Baina gizakiak nolabait esku hartu behar duenez, Iturbek erretzen jarraituko du.

        Txillardegirengan eta bere hainbat pertsonaiarengan animaliatasunaren nostalgia nabari den bitartean, giza konplikaziotik atseden hartuta aberearen patxada sinplera itzultzeko jorana, Arantxa Iturbek urduri aldenduko du txinpantzearekin identifikatzeko aukera, amesgaiztotzat joko du.

        Halatan, Txarli-ren ostean Orain Congo eman digu. [92]

        Congo txinpantze pintorearen hiru margolan enkantean jarri dituzte. Aldi berean, Iturbek berak eta hainbat adituk giza jendearen ziminotze orokor bat diagnostikatu dute.

        Eta berriro ere Iturberi gizatasuna galtzeko aukera gogorregi egin zaio nonbait, eta artikulua burutuko du eskatuz, jendea eta ziminoa nahastuko liratekeen etorkizunean, bezatzaileak berari banana luzatzean, eskuan haginka egiteko aski buru argitasun.

        Zentzu honetan, eta animaliarekiko harremanari dagokionez, Arantxa Iturbek Max, mon amour-eko Margareten antz handiagoa du Elsa Scheelenena baino. Margareten zein Iturberen mugimendua honelakoa baita: aurrena erakarpen xarmatua, giza arazoentzako zimino konponbidearen ametsa. Baina ondoren bereiztea, haginkada eta bihotz-bihotzeko hilketa.

 

        [91] Hona Iturberen «Txarli»:

        «Txarlik lortuko du azkenean osasun erakundeek, beldurrak, lankide petralek edo poltsikoko zuloak ezin izan dutena. Txinpantze tzarrari begira geratu naiz ke artetik. Ez dakit nongo zootan dagoen eta ze bizimodu egiten duen. Dakidan bakarra da zigarroa eskutan erakutsi didala telebistak, kamerari begira kea dariola, eta kazetariak txiste txarren bat edo beste egin duela tabakoaz eta tabakoa utziz gero tximuak izango lukeen tximua-z.

        Txarli du izena. Horrekin geratu naiz. Gutako edozein ematen du Txarlik. Imitatzaile onak dira tximuak. Erretzen ikusi eta erretzen hasi. Estiloarekin, gainera. Bai kea zupatzerakoan, bai botatzerakoan. Interesgarria Txarli. Ezagun bat baino gehiagoren antza eman diot. Baita neure buruarena ere. Horixe izan da unerik kritikoena, jakina. Segundo gutxiko irudi batek eragin gehiago izan dezake garunean hamaika lelo beldurgarrik eta beste hainbeste debeku barregarrik baino. Tximua erretzen ikusi eta tximuarena egiteko zorian egon naiz. Txarlik bezala erretzen dudalako Txarlik bezala pentsatu behar banu bezala. Zer markatako zigarroak erretzen ote dituen bururatu zaidan arte. Eta zerekin pizten dituen. Hortik aurrerakoa erraza izan da. Zigarroak nola ordaintzen ote dituen eta gauza horiek. Montajea argi ikusi dut. Ez naiz Txarli izango. Ez dut tximuarena gehiago egingo. Ahalegin berezia egingo dut garuna sutan jartzeko. Kea dariola bukatu behar badu ere».

 

        [92] «Berria», 2005eko maiatzaren 15a.