Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Piztia hiltegira legez
Haizeaz bestaldetik-en bezala, obra osoan sumatzen zaio Txillardegiri ugaztunenganako enpatia bizia. Bere eleberrietako abere batzuk zentzudunagoak dira hainbat giza protagonista baino. Aise igar liteke abereak industrialki eta hormonaz hazi eta ondoren zuzenean pilatuta hiltegira bidaltzen dituen jarreraz Txillardegik senti dezakeena, edota giza jaia apaintzeko animaliaren aurkako krudelkeriaz. Txillardegirentzat arazoa ez baita ziurrenik animaliak pentsatzen ote duen, baizik sentitzen ote duen, eta begien bistakoa zaio sentitzen duela. [7]
Txillardegik berez bezala eta bihotzez baztertzen du arima eta gorputza, gizatasuna eta animaliatasuna fanatismoz bereizi dituen tradizio erlijioso eta filosofikoa, gizakien eta ugaztunen kidetasun ebidentea amorruz ukatzen duena. Izan ere, monoteismoek gizaki guztiak funtsean bat direla diote eta gizakia animalia ez bezalakoa dela zeharo.
Clément Rosset-en ustez, animaliaren aurreko izu hori, animalia ostrazismora bidaltze hori, giza izaera espiritualaren baieste fanatikoari dago lotua, eta animaliarekin dugun antzak izaera espiritual hori zalantzan jar ote lezakeen beldurrari. Giza munduaren eta animalien munduaren artean artifizialki ezarri den burdinazko muga horrek garrantzi estrategikoa izan omen du ideologia zanpatzaile gehienak osatzeko orduan. [8]
Arrotz zaio Txillardegiri bereizketaren azpimarratze amaigabe hori. Aristoteles: animalia kosmosaren ordena betierekoan dago, oharkabean; guk ostera ulertu egiten dugu kosmosaren ordena betierekoa, jarduera teoriko kontenplalariari esker. Tomas Akinokoa: Jainkoaren sorkari soil dira animaliak; baina Jainkoak Haren Antzeko egin gintuen gu. Descartes: bere burua mugitzen duen makina duzu animalia; aldiz, arimadunak gara gu, eta arimak pentsatu egiten du. Kant: gauza da animalia, patataren berdina, nahi bezala erabil dezakeguna; gu ordea pertsonak gara, eta pertsona ez da inoiz bitarteko huts gisa erabili behar. Hegel: animalia naturari dagokio; gu berriz askatasunari. Marx: animaliak ez dezake naturaren forma itxuraldatu baino; gizakiok lanaren bidez geure helburu kontzienteak gauzatzen ditugu, natura funtsean aldatuz. Heidegger: animalia mundubakoa da; gu, aldiz, mundu-eratzaile. Lévinas: animaliak muturra du; aurpegia guk. [9]
Dirudienez, batez ere Errenazimenduaz geroztik, Descartes eta Malebranche abiaburu, ezaugarritu izan da gizatasunaren funtsa oroz lehen animaliatasunari kontrajarririk.
Humanista progresista horien iritziz, bizidunok piramide bat eratzen dugu, gailurrean subirano gizakia. Eta honela zuritzen dute bortxakeria: baldin giza ongizatea nahi bada, ez dago animaliaren hildura, bibisekzioa-eta, onartu beste erremediorik.
Bestalde, Elisabeth de Fontenayk nabaritu duenez, animalien aldeko jarrera erakutsi eta animalien eta gizakien arteko kidetasuna azpimarratu duten filosofo batzuek ezin izan dute eragotzi gizakiak hierarkizatzea eta animaliak hutsik utziriko mespretxulekuan giza talde zenbait paratzea: Herderrek gormutuak, Schopenhauerrek juduak, Husserl-ek Europatik landakoak. [10]
Fontenayk jakinarazi du halaber joan den mendean franko izan zirela animalien erabilera makurrarekin obsesionaturiko idazle juduak: Kafka, Singer, Canetti, Horkheimer, Adorno, Döblin... [11]
Alfred Döblinen Berlin Alexanderplatz 1929koa da. Hona laugarren liburuko izenburu bi, jarraian datozenak: «Franzek despedidako martxa jotzen die juduei», «Zeren abereari bezala gertatzen baitzaio gizakiari; bata hil, eta bestea ere hil». [12]
Katastrofe historikoen zenbait giza biktimak kide sumatu izan baitu animalia, biktima izate horretan. Animalien hiltegi industrialek badute antzik kontzentrazio eta esterminazio esparruekin. Izugarri zabaldu zen «ardia hiltegira legez» esaera, judua edo ijitoa gas ganberara nola zeramaten adierazteko.
Theodor Adornok berak Immanuel Kanten kontzeptu erabakigarri batzuk aztertu ditu: giza autonomia eta duintasuna, autodeterminazio morala... Eta antzeman die ez soilik naturaren gaineko nagusitasuna eta jabetza, baizik animaliaren aurkako etsaikeria eta gorroto krudela. Adornorentzat, animalien aurkako iraina, edota gizakiaren aurkakoa animalia den heinean, idealismoaren egiazko bereizgarria litzateke: animaliaren eginbeharra sistema idealistan bat letorke juduarenarekin sistema faxistan. Jacques Derridak erantsiko du logika horren arabera animaliak eta juduak bat egiten dutela andrearekin eta umearekin, are atzeratu eta elbarriarekin... [13]
Honen harira, irudi luke animalienganako Txillardegiren maitasunak baduela zerikusirik Euskal Herriaren aldeko haren borrokarekin.
Txillardegik sentiarazten du, giza arrazoia goretsi eta abereen isiltasuna arbuiatu duen metafisika bat datorrela, nolabait, herri eta hizkuntza txikiak irentsi eta desagerrarazteko grinarekin.
Esan liteke, Txillardegirentzat animaliek Lurrean patxadaz bizitzeko eskubidea dutela, potentzia handiei deseroso zaizkien herriek legetxe.
[7] Gizakiak eraginiko oinazetik animalia babesteko mugimenduek gero eta indar handiagoa dute. «Zimino Handia Proiektua» deritzonak Nazio Batuak behartu nahi ditu antropoideak (txinpantzea, gorila, orangutana eta bonoboa) oinarrizko eskubide batzuen bidez babestera, funtsean bizitzeko eskubidea, torturaren debekua eta askatasun indibiduala. Animalien eskubideen aldeko libururik ospetsuena Peter Singer-en Animal liberation izango da ziur aski (Harper Collins, 2002). Jarrera horren aurka, Roger Scruton kritiko agertu da animaliei edozein eskubide aitortzeko orduan: animaliek ez dutenez gaitasunik gizarte hitzarmenik edo aukera etikorik mamitzeko, ezin dira inongo eskubideren jabe izan. Soilik gizakiak ditu betebeharrak; ondorioz, gizakia baizik ez da eskubideen merezient (Roger Scruton, Animal Rights and Wrongs, Claridge Press, 2003).
[8] Michel Polac eta Clément Rosset, Franchisse postale, PUF, Paris, 2003, 124 or.
[9] Jean Yves Goffi, «Les animaux et nous», Magazine littéraire, 361 alea, 1998ko urtarrila.
[10] Elisabeth de Fontenay, Le silence des bêtes, Fayard, Paris, 1998, 512, 592, 635-6 orr., hurrenez hurren.
[11] Ibidem., 729-748 orr.
[12] Alfred Döblin, Berlin Alexanderplatz, Ibaizabal, Euba, 1996, 510 or. Anton Garikanoren itzulpena.
[13] Adorno, Beethoven, Philosophie der Musik, Frankfurt, Suhrkamp, 1993, 123-124 orr. (Jacques Derridak aipatua: Derrida eta Roudinesco, De quoi demain..., Flammarion, Paris, 2001, 116 or.).