Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Sarrera
Euskal eleberri modernoan ugaztuna izan da nagusi hasieratik beretik, zehazki ziminoa. Leturiaren egunkari ezkutua-k zakurraren eskutik nobelaren gaiak eraberritu bazituen, Peru Leartzako-k bortizki jarri zigun aurrean animaliaren ispilua, ziminoaren bidez batez ere.
Gerora euskal eleberriak usu erabili izan ditu zaldia, balea, tigrea, zerria, satorra eta behia.
Harkaitz Canok 1996an Beluna jazz argitaratuz zomorroaren gailentasunaren aroa abian jarri zuen. Sp-rako tranbia, Eulien bazka, Kolosala izango da, Larrepetit, Kilkerren hotsak, Van't Hoffen ilea... orduz geroztik dena bete zaigu kakalardoz, sitsez, erlez, matxinsaltoz, kilkerrez, sugandilez, labezomorroz, inurriz eta euliz. Gero eta ugariagoak dira euskal eleberrietan larrurik gabeko animaliak, edo larrua ilez estalirik ez dutenak behinik behin.
Esate baterako, Inazio Mujikaren Gerezi denbora-ko animalien errege, astoa izan genuen. Aitzina egin dugu Zomorroaren Aroan haatik, eta kilkerra gailendu da gerra zibilari buruzko eleberrietan azken urteotan.
(Bitxia: satorra protagonismo berezi batez jabetu da Zomorroaren Aroan, berez ugaztuna den arren. Ugaztunaren Aroan ez zioten jaramon handirik egin. Baleak zanpaturik apika. Zeren bai deigarria, balea eta satorra espezie berekoak izatea! Nekez bizi zitezkeen etiketa beraren pean, eta Euskal Eleberriaren Zoologia Kondairak garbi bereizi ditu.)
Esan beharrik ez dago, sailkapen horrek deus gutxi balio du. Joera orokor lauso bat adieraztera mugatzen da. Egitate larregi uzten du bazterrean.
Sailkapen honetatik at, berbarako: Joan Mari Irigoienek Babilonia-n etekin ederra atera zion bestek ere erabili izan duen baliabide bati: pertsonaiek animaliaren baten arketipoa dute barne-muinetan itsatsirik, pertsonaien eta errealitatearen arteko harremana baldintzatuko duena. Aurrerapenak ekarriko dien trenarengana proiektatuko dituzte herensugearenganako sentimenduak.
At halaber, Ramon Saizarbitoriaren eleberriek badute hainbat berezitasun: alde batetik, arras urriak dituzte animaliak; bestetik, biziari baino gehiago heriori lotuak dira (Ehun metro-ko protagonistaren odola miazkatzen duten usoak, Bihotz bi-ko Luxio muslaria, zezen disekatua gainera erori eta hila...); azkenik, animaliaren bat nabari baldin bada, sardina duzu latan, Egunero hasten delako-n jadanik ageri baitzen. Totem buruzagi, sardina latan. Ondorio psikoanalitikoak, inportanteak.
Zomorroaren Aroa noizbait bukatuko balitz, dena den, zein litzateke hurrengo Aroa?, zein ezustekoz txundituko gintuzke halabeharrak?
Zomorro azpi-espezie batez menturaz, Bizkarroiaren Aro batez. Itxuraz, bada belaki antzeko bat, aldi berean zomorroaren eta narrastiaren aitzindari. Baina ez du oso nobelistikoa ematen. Bai aitzitik zorriak, zomorrorik zaharrenetarikoak.
Izan ere, euskal eleberrietan, espezieen bilakaeraren alderantzizkoa izan baita gezia: hasierako Txillardegirenean primatea izan zen nagusi; 70, 80 eta 90eko hamarraldietan, berriz, askotariko ugaztunak. Harkaitz Canok Zomorroaren Aroa hasi zuen.
Nora goazen artez ikusi ahal izateko, nolanahi ere, ahal bezain zorrozki ikertu behar nondik gatozen.
Txillardegiren ziminoa dugu etorburu.
Txillardegiren obra ziminologia sakon bat da, besteak beste; polisemia handiko eleberriak dira harenak, baina orobat, Joan Mari Irigoienek dioenez, polisimio handikoak.
Liburuxka hau eskasegia da halako handitasunen berri emateko, baina espazioa erlatiboa da eta Eli Laztangurenek, aldiz, egundoko bloga du ziminoen gainean: Kixmi. [1]
[1] http://www.goiena.net/blogak/kixmi/