Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
PUTZU
Karlismo abertzale bat
Zenbait filosofo klasikoren antzekoa da Txillardegi, Platonen ezpalekoa, zentzu bitan bederen: egiaren bilatzea du joran nagusi («egiak izan behar du hautuan gidaria», dio [65]); eta aurkituriko egia zabaltzekotan politika darabil, baina baita alegia ere. Jadanik «Oraindik ere Karlismoa nagusi Euskal-Herrian» Huntaz eta hartaz-eko artikuluan adierazi egiak Putzu-ren bitartez herrian hezurmamitu daitezen ahalegindu da.
Historia ofizialak ezkutatu egin digu Putzu-k nabaritu duen egia: karlismoa ez zuten Jainkoa eta Erregea lehenesten zituztenek bakarrik osatu; karlismoan baziren XX. mendeko abertzaletasunaren aitzindariak, burujabetasunaz gainerakoa deus gutxi axola zitzaienak. Txillardegiren hitzetan: «Euskal Herria, ia osorik eta behingoan, Don Karlosen alde altxatu zenean, Euskal Herriaren alde altxatu uste zuen herriak. Sorterria iratzartu eta salbatu nahi zuen». [66]
Jakina, pedagogiaren arabera aritu behar izan du Txillardegik, kontakizuna ahalik eta argien taxutuz, egia egokiro hedatzeko asmoz. Hamaika pauso amaitzen den lekuan hasten da Putzu-n zalaparta, Endarlatsan: biak dira eleberri sendoak, biak ederrak; baita oso desberdinak ere, noski. Zenbait goi-argik Putzu-ren soiltasun formala mespretxuzko imintzio aristokratiko batez arbuiatu du, ez baitu ez-dakit-zer xilipurdi nouveau baliatu: idorreriak jotako gizajoa duzu hori, irakurle estua. Putzu-k badu giharra, maitasuna, herrimina, heriotza, bizi-bizia da, makina bat pasarte zirraragarrik hornitzen du. Azken orduko egitura-bitxikeria goitik behera betetzen duen hainbat eleberri postmodernok, berriz, iazko haizeak bezainbesteko zirrara eragiten du. Irakurle osasuntsuak ez dio zertan muzin egin ez Hamaika pauso-ri ez Putzu-ri.
Lan itzela egin du Txillardegik historia eta geografia xehetasunak ikertzen, XIX. mende amaierako Euskal Herrian barrena bidaiatzeko aukera paregabea eskaini digu; baina hori ez da eleberriaren azala baizik. Hauxe duzu Putzu abian jartzen duen kezka: zerk behartzen du berez baketsua den lagun bat «aski da!» aldarri egin eta fusila hartzera? Zergatik saiatzen da etnia bat aginte arrotzak ezarririkoa zulatzen?
Erantzuna ez da sozio-politika tratatu zentzudun bat, baizik bizitza baten kontaera; ez kontzeptu andana, sentimendua baino; ez teoria, garrasia. Indarkeriaz ezarririko estatu zentralista batuari, desberdinaren, ihesaren, askatasunaren aldarrikapenak dio ihardukiko. Halaxe mahaigaineratzen du Txillardegik auzia: guduan aurrez aurre ez daude, oroz lehen, gobernua eta herria, edo ekoizteko tresnen jabeak eta langileak; funtsezko gatazka etnia bakar baten zerbitzura dagoen aginte uniformizatzailearen eta mendean harturiko etnia hilduratuaren artekoa da.
Izan ere, Txillardegi ez da inoiz isil-gordeka ibili ideologia kontuekin, eleberrietan ere ez. Exkixu-ren eta Putzu-ren arteko bilakaera ideologikoa bat dator ETArenarekin (Labartzari agur-n nahasiagoa da auzia, aztertuko dugu): Exkixu-k egundoko gogoa sortzen zizun dozena bat txakur garbitzeko; Lizarra-Garaziko su-etenaren garaiko Putzu-n ostera erabakigarriak dituzu Lizarra eta Garazi. Bi-biotan ageri da, hori bai, guduari artez ekitekotan maitearen epeletik aldendu behar mingarria.
Zaldia
Putzuri pairagaitza zaio denboraren joanak birrinduriko herria galdu izana. Oinaze horixe nozitu dute Elsa Scheelenek, Haizeaz bestaldetik-eko protagonistak, Exkixuk eta baita, ikusiko dugunez, Labartzari agur-eko Anttonek ere.
Txillardegiren zazpi eleberriak aztertu eta zazpiak bat eginik, bistan da haren pasio eta zauririk eragingarri eta oparoena, literaturaz denaz bezainbatean bederen, denboraren joana ezin onartzea dela. Leartzako Peru: «Aurrera zihoan denbora, eta nire pozak atzera» [67]; putzu beltzean datzan Elsa: «Joandako guztia bilakatzen zen amets zoragarri». [68] Baina ez dirudi Txillardegiren eleberrietako gai soil, Jose Luis Alvarez Enparantza bera ere iltze berak urratu du, hainbat testu autobiografikok erakusten dutenez, nerabezaroko oporretako Igantzira berrogei urteren buruan itzulita sentiturikoa kontatzen digunak kasu: Igantzi hura bezala «ni neu ere banoa. Banekien. Badakit. Gaurtxe ikasi dut sekula baino garbikiago». [69]
Putzuk eromen leun baten hasiera sumatu du bere baitan, ezin baititu bereizi ametsetako Donostia, betirako iragana, eta oraingoa, zuzenean hauteman dezakeen bakarra.
Eta zer da funtsean galduriko Donostia hori Putzurentzat? Animaliak, animalien eragina Putzuren zentzumenetan zehazki: koloreak, usainak, zaratak. Protagonistari ezizena ematen dion Putzu karrika astoz mukuru esaterako, edo arrain-ustel kiratsa, edota zezenen etorrera, eta zezenek jasan beharko duten sufrikarioagatiko Putzuren pena sakona, adiskideengandik bereiziko duena, Txillardegi haurra jendartetik bereiziko zuen bezalaxe Igeldoko hartzaren, ziminoen eta astoaren oinazeak (Haizeaz bestaldetik-en kontatua, lehenbiziko atalean ikusi dugu).
Badira hegaztiak Putzu-n: kaioek eta antxetek arriskua eta heriotza igartzen dituzte, Labartzari agur-en legetxe: «Inguru hartantsu ari baitziren jiraka Donostiatik aldegindako antxetak eta kaioak, goiztiriarekin erotu bailiran. Eta halako patu-seinale kutsua hartzen nion ikuskariari. Eta laztu ere egin nintzen lipar batez, harrigarriro...» (52).
Enarak berriz bozkarioaren zantzu dira.
Iparraldean antzarak haziko dituzte foie gras egiteko eta edredoiak prestatzeko lumak erdiesteko.
Eta Alfonso XII.a eta beste buruzagi karlistak Donostiako kaleetatik Santa Maria elizara doazela «loreak jaurti eta usoak jaregin egin dituzte puntuzkoen andereek» (283).
Azkenik, beleen eta putreen bazka geldituko dira gerra karlistaren gorpuak Jurramendiko mazeletan nahiz Abartzuza inguruetan.
Dena den, animaliei gagozkiela, zaldiaren liburua duzu Putzu.
Txillardegik ederki nabaritu du XIX. mendetik XX.era gertatu den aldaketarik ikusgarriena animaliei dagokienez: zaldiaren desagertzea gerratik zein eguneroko bizimodutik. Putzuren garaian zaldia nonahi zebilen, [70] ezusteko irrintziak edonoiz (behorrarena eta zaldiarena, kasurako, Lizarrako isiltasuna hautsiz...), soroan uztarripean, bidaian, dilijentzian (denborak eramaniko Donostiaz Putzuk maitasun bereziz oroitzen ditu dilijentziak).
Dena den, bizimodu zibilean ia beti jauntxoena zenuen zaldia; herri xeheak astoa zerabilen, edota oinak.
Eta guduan berdin, zaldiak bereizten zuen goikoa eta behekoa.
Eguneroko zibilean baino are erabakigarriagoa baitzenuen zaldia guduan, Karlos Setimo eta beste buruzagi karlistak gainean zeramatzana, edota Margarita erregina, txapel zuriz eta amazona beltzez jantzia. Eta, Putzuk zaldiak eta zaldieri-errejimentuak kanoiekin, batailoiekin eta bolondresekin batera zerrendatzen dituen arren («16.000 infante, 1.000tik gora zaldi, eta 24 kanoi astun», ohiko kopuru bat), karlistadetan malda nekagarri eta erpinak gerrako jauntxoek igoko dituzte zaldiz; gainerakoek, Putzu barne, oinez.
Hala ere denboragarrenean, armadan goiti eginik, Putzuk zaldiz ikasi beharko du: «Nik, kaletar honek, zaldiei buruz ez bainekien deusik, berentzako pentsu saltzen besterik... Eta gainean jarri eta itzegoten, are gutxiago. Beldur galantak pasa nituen Zugarramurdira begira! Baina zaldiak oso otzanak dira» (149), eta azkenik txukun ibiliko da.
Soldadu arrunta soilik zaurituz gero eramango dute zalgurdi dotoreren batean sendatzera. Baina hori gerra betean. Behin gerra galduta, ostera, erien garraioa zaldiz barik mandoz egin beharko dute karlistek.
Bestalde, Garazi maitearen bidez nabarituko du Putzuk klase arteko borroka Euskal Herrian XIX. mendean zaldiari eta astoari eta oinei loturik gertatu zela besteak beste.
Putzuk Garazi ezagutu zuen Milafrangako bere baserritik Baionako azokara astoz zetorrela.
Eta Putzuk Miarritze ezagutzera gonbidatzen duelarik, Garazik arrapostu: «Dena errege, erregina, printzes, jauregi... zertara joanen hara baserritar xume hau?» (310). Izan ere, Miarritzen zalgurdi hanpurusetan joaten dira ostatu dotoreenetara handikiak, «zaldietako txilin-koilareek airea kariloi-hotsez betetzen zutelarik» (313). Eta Garazi lako Milafranga eta Gotaineko baserritar xumeei astoa dagokie. Edota zangoa.
Tren geltokitik Miarritze erdira joateko, Putzuk Garaziri kakoletan joatea eskainiko dio, handikiak karrozan bezala. Garaziren erantzuna:
«Tira, tira! Pentsatu ere ez!
Begirada tristeko zaldi argalaren gainean, orekan emana, bi kartolak osatzen zuten kakoleta, erosoki bikote bat esertzeko atonduak.
Asto gainean gaur ere? Bo, bo...
Ez duzu astoa, Garazi. Zaldia dela.
Badakit, bai. Baina... tira, tira! Zamariak hurbil ez dituzten jauntxoen zozokeriak dira hauek. Ezetz! Ez naizela kakoletan joanen!
Bego, beraz. Baina Miarritze urrunsko dago errepikatu nion. Ordu erdi bat bai, oinez.
Eta zergatik ez oinez joanen? Ibiltzeko bikain dago. Abia gaitezen!» (314).
Bestalde, Bretxatik Ondarretara XIX. mende bukaeran zaldi-tranbiaz joan zitezkeen kristauak; jenero hutsa eramateko, berriz, mando-tranbia erabiltzen zen. Baina aurki jarriko zuten tranbia elektrikoa, erreginak Miramar bere jauregi berrira aziendaren zikinkeriarik sumatu ere gabe heldu nahi baitzuen.
Dena den, Putzu-ren amaierak ederki iradokitzen du karlismoa zaldiz bezala nazionalismoa beribilez ibiliko dela.
Zaldia desagertu ondoren, astoak iraungo du eguneroko bizitzan hogeigarren mendean.
Orain ordea, mende berri honetan, astoa gero eta gutxiago ikusten da karrikan, baserrian gorde zaigu.
Edonola ere, goikoek zaldia erabiltzen zuten; behekoek berriz astoa, mandoa edota zangoa. Txillardegirenean, ungulatu perisodaktilo desberdinek botere maila (ekonomikoa, politikoa zein militarra) edota botere gabezia adierazten dute. Aldiz, zimino mota desberdinak ez dira agintaritza edo menpekotasun ikur, baizik, mota guztiak aldi berean, berez zimino huts den gizakia oraindik gehiago nahasteko ezten.
[65] Gertakarien lekuko, Haranburu, Donostia, 1985, 18 or.
[66] Huntaz eta hartaz, Elkar, Donostia, 1983, 17 or.
[67] Peru Leartzako, 31 or.
[68] Elsa Scheelen, 57 or.
[69] «Hita ostatura bisita», Plazara aldizkaria, 5. alea, 1986. Sarean «Literatur Aldizkarien Gordailua»n dago, hementxe:
http://andima.armiarma.eus/plaz/plaz0530.htm
[70] Dostoievskik, Nietzschek eta Nijinskik negar egin zuten zaldia karrikan hiltzen ikusirik, zama ezin garraiatzeagatiko zaharo zigorrada gogorregien ondorioz (Deleuze eta Guattari, Mille Plateaux, Minuit, Paris, 1980, 315 or.).