Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Hibridazioaren ondorioak
Eli Laztangurenek Kixmi blogean idatzia: «Genetika azterketetatik ondorioztatu dutenez, uste baino askoz beranduago bereizi ziren txinpantzeen eta gizakien arbasoak, eta lau milioi urtez haurrak izan zituzten elkarrekin». [26]
Egia da badirela gizakiaren eta txinpantzearen genometan duela zazpi milioi urte bereizi ziren geneak, baina beste batzuk ez ziren bereizi orain dela 5,4 milioi urte baizik. Gizakiaren eta txinpantzearen arteko azken bereizketa uste baino askoz berriagoa da.
Laztanguren: «Gizakiak eta txinpantzeak duela 5,4 milioi urte bereizi baziren, nola da posible giza ezaugarriak dituen Toumaik zazpi milioi urte izatea? 'Hibridazioa', hona zientzialariok ematen duten erantzuna. Honela laburbiltzen dute eboluzioaren historia: bi espezieak duela 11 milioi urte hasi ziren bereizten, baina gero berriz elkartu eta elkarrekin izan zituzten umeak. Azkenean, behin betiko banandu ziren, duela 5,4 milioi urte inguru».
David Reich Harvardeko genetistak esan berri du: «Gizakien eta txinpantzeen arbasoen arteko hibridazioak lagunduko luke azaltzen zergatik dauden gure genometan halako adin ezberdinak dituzten guneak, eta zergatik diren gizakien eta txinpantzeen X kromosomak horren antzekoak». Dirudienez, hibridazio-prozesuak aldaketa gehiago eragiten dizkio X kromosomari beste kromosomei baino, eta baliteke beraz hibridazioa izatea hain zuzen X kromosomaren eboluzio bitxiaren zergatia.
Laztangurenen esanetan, «nahasketak landare espezie berriak sor ditzakeela jakina zen aspaldi, baina orain arte ez da pentsatu hibridazioa animalia espezieak sortzeko modu aproposa izan zitekeela, are gutxiago eginkizun handia izan zezakeela txinpantzearen eta gizakiaren eboluzioan. Reichek adierazi duenez, animalia espezieen artean orain arte ez bada halako eboluzio mekanismorik ikusi, halakorik bilatu ez dugulako izan daiteke».
Eman dezagun hortaz, genetista horiekin batera, gizakien eta txinpantzeen arbasoak elkarrekin nahasi zirela. Inkognita txundigarri bat loratzen zaigu orduan: zein ote da harreman haien ondorengoa: gizakia ala txinpantzea?
Laztangurenek «geneen detektibe» izendatu duen Nik Pattersonek azpimarratu du, gizakiaren eta txinpantzearen arteko harremanen ondorioa bietako bat izan litekeela, gizakia ala txinpantzea, baina bietako bat bakarrik. Hala ere, genetistek gaurdaino lortu dituzten datuen bidez ezin dugu erabaki bietako zein den oinordeko hori. Pattersonek bederen aitortu du, arazo horren inguruan luzaro hausnartuta ere ez duela erantzunera hurbiltzeko biderik aurkitu.
Txillardegiren intuizioak orain dela mende erdi korapilo hauek sumatu eta literaturaz jorratu zituen, eta orain genetistak korapilo horiek zientziaren mintzairaz askatzen ahalegintzen ari dira.
Gizakiaren eta ziminoaren arteko nahasketen eta mugen edo mugarik ezaren gaineko ardura horrek ez du Txillardegi egundo utzi.
[26] http://www.goiena.net/blogak/kixmi/51