Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
PERU LEARTZAKO
Urduri, asper; asper, urduri
Leturiaren egunkari ezkutua-n eta Haizeaz bestaldetik-en denbora biribila bada, Peru Leartzako-n, aldiz, Elsa Scheelen-en bezala, pertsonaiak, hasieran nozituriko zartako baten ondorioz, denborak alderrai darabiltza, nora ezean, boxeolari jipoitua nola, harik eta Peru eromenera eta Elsa heriotzara daramatzan arte.
Txillardegiren pertsonaiei mingarri zaie munduaren eta biziaren funtsezko zentzurik eza. Horrek bultzatu zuen Leturia absolutuak zoro legez asmatzera: Natura (Zerubide), Maitea (Miren), eta, amaieran, ingurukoenganako zakurraren joputza ahalbidetuko dion Jainko absurdo bat, beranduegi izan arren Leturiaren zein Mirenen bizia salbatzeko...
Leturia eta gero, berriz, Jainkoa eta Jainkoaren ordezkoak hil egingo zaizkio Txillardegiri. Bere eleberrietako protagonistek Jainkoaren tronua hutsik dela nabarituko dute. Ohartzen baitira gure nahiak ezerezaren nagusitasunak sorturiko ezinegonetik ihesi bilatzen duela lilura dezaten, helburuak jartzen dizkiola bere buruari, maitemindu egiten dela. Bai baitakite, bestalde, xedea lortu bitartean urduritasuna dela gailen, eta xedea erdietsirikoan, ostera, gogaikarri bilakatzen zaigula nahi izan genuena, eta asper nazkatu bat nagusitzen zaigula. Badakite gure bizitza, horrenbestez, penduluan dabilela, baina ez, hainbat alderdi politiko bezala, edota ni neu bezala, barka, posibilismotik trapitxeora, baizik eta artegatasunetik asperraldira, eta nazkatik atzera ezinegonera, Exkixu gaztearen erreakzio harrigarrian bezala Kontxan eguzkia hartzen ikusten dituen nesken aurrean: hasieran «puta hutsak dituk» gogoratzen zaio, baina gero, Antxoko etxean, gauez ohean, «ez ditek barkaziorik, gorantz begira, baina ederrak zeudek, alajainkoa!» onartu eta «barekeria eztian lasaitu naiz. Berehala, ordea, tristura eta damua jabetu dira nitaz». [39] Bide batez, adibide xume hau aski da frogatzeko Txillardegi inoiz ez dela politikoki politaren aurrean makurtu, ezta ezker abertzalearen baitan ere, pasarte hori idatzi zuenerako feminismoa nagusi baitzen bertan. Orobat, bere protagonistak ez dizkigu eredu gisa aurkeztu.
(Zentzu honetan, kalte handia egin du Koldo Mitxelenaren iradokizunak Peru Leartzako-ri egin zion hitzaurre eder bezain eztabaidagarrian, hots, Txillardegik Peru eredu gisa aurkeztu digula. [40] Mitxelenaren froga ahula da: Peruk zein Txillardegik, biek darabiltela giltza-hitz gisa «sasi» aurrizkia.)
Urdurialdi eta asperraldi oro har luze samar horren ondoren hil egiten gara, ezinbestean. Maite dugun guztia suntsitu egingo da osotoro, arrastorik ere ez du utziko eta unibertsoa ez da ohartu ere egingo garrantzitsuentzat dugunaren erabateko desagertzeaz. Horra egia latza. Are gehiago, Leturiaz geroztiko protagonistak Jainkozurtz dira nolabait: bizitzaren zentzurik ezak goibeldu egingo ditu, etsi. Ez baita ezinezkoa zentzurik ez izate hori pozarren hartzea, aukera gisa, norberaren asmamenarentzako akuilutzat; baina Txillardegiren pertsonaien artean ez dago halako jarrerarik.
Beraz, Peruk bere baitatik lilura oro erauzteari ekingo dio, edo, bestela esanik, aberetzeari.
Unibertsoaren itzela eta ahalegin politikoa
Ez da erraza uztartzea Peruren zein Txillardegiren pentsaeraren alde hau eta idazleak ekintzarako erakusten duen joera. Batetik, antiguatarraren sakoneko ikuskera arras da desliluratua, behin eta berriz aldarrikatu baitu ororen hil behar ezinbestekoa, edozein liluraren iragankorra eta hutsala, amets politiko-linguistikoak barne; bestetik, baina, ekintza gizon beti engaiatua duzu, euskara berreskuratzeko proiektuei arnasa eta bizia ematen diena, nolabaiteko itxaropenik gabe behintzat nekez uler litekeena.
Baina baliteke soilik lagun oso koherenteek eta oso ideologizatuek, kasurik ohoragarrienetan, edo, ia beti, beren superniaren txotxongilo baino ez direnek, kontuan hartzea zer pentsatzen duten zerbait egin baino lehen.
Baliteke Txillardegiri adimenak garbi erakustea guztiaren amaikortasun eta ezdeuskeria, orobat ahalegin politikorik zuzenenarena, batik bat Unibertso itzelaren denboren eta neurrien aldean. Baina aldi berean bihotzak deblauki eta itsu-itsuan eskatzen dio ahalik eta egitasmorik argienak eta eragingarrienak asmatzea eta mamitzea bidegabekeria dela kausa hilzorian den herri baten alde.
Larrua eta ilea
Itzul gaitezen Peru Leartzakorengana. 1956tik 1959ra aldaketa sakon bat dugu Txillardegiren obran. 56an animalia eta gizakia aurrez aurre jartzen zituen; ilea animaliaren ezaugarri zen eta larru garbia gizakiarena. 1959an ere, itxuraz, auzi bera du gogoetagai: Peruk egiazko kezkatzat du zoroengandik edo ziminoengandik bereizten duena zehaztea.
Haatik, 1956ko aurkakotasuna lekuz aldatu da. Peru «animalia-larrutasuna»z mintzo da eta oraingoan ez animaliatasuna, baizik aniztasuna, ugaritasuna, zaio arazo. Eskailerak tanpez jaitsi nahi lituzke, ez mailaz maila. Astea jauzi batez igaro, ez orduz ordu. Txikitan kolpetzar itzela hartu zuen egiaztatu zuelarik mendia ez dela berez berdea, belarrak asko direla eta azpian lurra dutela. Ildo berean, nazkagarriena adatsik ez motots bakarrik ez izatea zaio, ileak baino, bat-banaka: giza animaliaren ileak, giza animaliaren larrua nekez estaltzen.
Hona euskal literaturako pasarterik zirraragarrienetako bat:
«Burusoil batekin hitz egin nuen. Bere buruaren larru distirantea agirian zuen; eta elkarrekin ari ginenean, bertago zekarren burua, eta neure aurre-aurrean nuen. Nik haren haragia ikusten nuen: troskazko pitxar borobila zirudien, larrosa kolorea, eta puntu batzutan iledun. Eta bat-batean nazka eman zidan. Troska hura beroxko zegoela pentsatu nuen, eta ukitzen nuela bururaturik, keinu bat atera zitzaidan ziplo: alimale soil baten burua nekusan.
Egun batzuez horixe iruditu zitzaidan buruaren kopeta. Batean adarrak zituela ikusten nuen, eta izugarrizko goragalea ematen zidan; beste batzutan katu bat, eta kopeta distiratsua agertzen zitzaiola somatu bezain laster, nolako goragaleak!... Kalparrik ez kopetan! Itsusia benetan! Bepuruak ere halaxe ikusten nituen, ile urriaren antzera: bat banaka ikusten nituen larruan: bat, bi, hiru, lau... ile aski ziren, baina denak elkarren ondoan. Belardi batean ere, umetan, halaxe ikusi nituen belar-aleak, eta haien artean lur-puskak agertzen zirela oroitzen naiz. Eta etsipen handia nabaritu nuen, nik uste izanik mendia berde zela guztiz.
Eta halako zerbait zen hura ere: ez zen ilea, ile asko baizik, eta kondagarri; ez zegoen, alegia, adatsik edo mototsik: ile edo bilo aleak ziren.
Alimalia soila zen gizona, hortaz, ile asko ez baina ile gutxi duena. Eta bere ataletan, aurpegia eta kaskoa ditu higuingarrienak.
Zergatik ez dugu beraz bizarra handitzera uzten? Hobe genuke, geure alimali-larrutasuna pitin bat bederen estal zedin» (132-133 orr.).
Peru Leartzakok, larregi edaten ez duen arren, mozkorren antzera ikusten du, eta delirium tremens-a dutenei bezain pairagaitza zaio aniztasuna. Pattarraren menpe bizi zarelarik txindurri asko hurbiltzen zaizkizu, arratoiak, Harkaitz Canoren Bob Ieregiri erleak bezala, gameluak, animaliak, samaldan, baita gizakiak ere, jende izurritea, beti asko, mordoka, saldoak eta tribuak, marabuntak. Zenbakaitzaren erasoari Peruk ezin dio aurre egin. Zuhurtziaren oinarria behar bezala pentsatzea baldin bada, pentsatzeak biltzea eta batzea eskatzen du, desberdina berdintzea, subjektua eta predikatua elkartzea. Baina deliriumak ez dio Peruri biltze zentzudunik onartzen eta eskailerek, orduek, belar izpiek eta ileek alde egingo diote, zein bere ihesaldi kontrolagaitzean.
Peru Oreopitheko Jainkozurtz erretxina
Erotzeko bidean aitzina, Peruk haurride sentitzen du ziminoa. Arras kezkaturik dabil «Oreopitheko» delakoaren auziarekin: paleontologoen ustez erdi gizaki omen zen zimino zahar hori; ez ordea gizaki betea. Orain dela hamar bat milioi urte bizi izan zen. Itxuraz, gizakia sortu baino lehen erdi gizaki mota desberdinak agertu ziren eta saio horietako bat izan omen zen Oreopithekoa.
Peruk ondorioztatuko du oharmena ez zela tanpez sortu: beraz, ezagumena eta mundua bera ere ez. Perurentzat, hein batean, munduaren kontzientziak sortu baitzuen mundua bera. Esnatze bidean, aurreratuago zebilen Oreopithekoa ziminoa baino.
Gogoeta hauen kariaz, eta sonanbulua denez, bat egingo du Peruk Oreopithekoarekin. Lozorroan txango dabilela, Peru Leartzako barik Peru Oreopitheko duzu. Baina kontuz: halako hausnarrean murgildurik, hotzikara batek inarrosi du Peru, ziminoaren eta gizakiaren arteko nahasketarekin bat egiteak eromenaren garraztea susmaraziko balio bezala.
Izan ere, okertuz doazkio egunak. Okaztagarri bilakatu zaio bere Oreopithekoa. Ezin du lorik egin. Besoetako ileak usaindu eta kirats zaizkio, eta kalean ikusten dituen gizakiak barregarri, kanguru huts. Munstroak garelako ahuldu zaizkigu aurreko hankak. Beso horiek zintzilik, balantzan zein bilduta... Peruk lauoinka jartzea erabakiko du, besoak, hots, hankak, leku egokian edukitzearren, lurraren gainean, eta ez airean eskegirik. Hasieran, ibiltzen hasi bezain laster, nekatu egingo da. Etxetik kanpo, ezingo du ikusi, berriz ere, kanguru ugari baino, dotore jantzita, kanguruen inauteria, eta barre algara zalapartariak egingo ditu.
Gero, serio ekingo dio lauoinka ibiltzeari, edonon, kanguru itxura ez hartzeko, eta ohitu egingo da.
Orduantxe nabarituko da Peruren eta Buda Sakyamuniren arteko telepatiazko harremana. Lauoinka dabilela ere Budaren irudia agertuko zaio. Eta Budak esango dio: «Hori ez duk bidea. Ez haiz aberetuko. Oreopithekoa aberetuz, hi ez haizena aberetuko duk, eta ez besterik. Gizonaren Ezteusaren Deia bete behar duk. Horra bidea» (185).
Katastrofera bidean, Peru bere betiko bizilekutik, Lorenen ostatutik, egoztea erabakitzeko azken bultzada ondoko haluzinazio honek eraginiko iskanbilak ekarriko du: Peru ohean datza, loturik eta likaz itsatsirik, eskuinean horma eta ezkerrean itsasoa. Horma gainera eror dakion beldurrez, jaikitzen saiatu da, baina ezin. Orduan ehun munstro ikaragarri, erdi hartz erdi zimino, erdi Ursula erdi Bartolo, hurbildu zaizkio, begiak distiratsu, denak Peruri begira. Ohea hartu eta badaramate zalaparta gorrian itsasorantz.
Hala ere, Peru ametsetan ari dela igarri eta esnatzen ahalegindu da, metalezko kutxa batez bekokia kolpatuz. Min hartu bai, baina ez da esnatu, eta gainera zimino/hartzek erabat zapaldu dute. Azkenik, ohetik desitsatsi eta jaiki egingo da, tximuaire/hartzaireen harridura eraginez. Ezustean, barrez hasi dira munstroak. Eta Loren agertu bada ere, garrasika, ziminotzarrak ez dira desagertzen.
Biharamunean, gela txikituta ageri da, eta Peru badoa beste ostatu batera, negarrez gelditu den Lorenek semetzat duen arren.
Aurrerantzean Budak berak ere izutu egingo du. Eta, haluzinazio apokaliptiko zenbaiten ostean bere burua hiltzera doalarik, atxilotu egingo dute eta eroetxean zarratu. Bertan idatziko bide digu Peru Leartzako autobiografia gordina.
Perurenean, bizitzaren berezko zentzugabekeria bat dator bizitzaren egitezko aniztasunarekin, eta biak zaizkio jasangaitz. Peruri erasaten dion Zentzu eta Batasun sakratuaren nostalgia sekretuak eragotziko dio hain zuzen ohiko biltze zuhurrak eta behin-behineko antolamendu zentzuzkoak askiestea. Jainkorik ezak eraginiko amorruak eskaileratasun apala zapartatuko dio, eta eskailera mailak zein bere aldetik joango zaizkio ihesi. Gogaikarri zaizkion egunerokotasun arruntaren eta giza tamainaren aurka matxinaturiko Jainkozurtz erretxina da Peru.
[39] Exkixu, Elkar, Donostia, 1988, 74 eta 76 orr.
[40] Koldo Mitxelena, Euskal idazlan guztiak II, Liburuak 1, Euskal Editoreen Elkartea, 1988, 139 or.