Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Orangutanen uhartea
Txillardegiri beti izan zaio kezka-bide, eta liluratu egin du, gizakiaren eta ziminoaren arteko muga lausoak, eta nahasketak. Ondorio larriak ere atera ditu gogoetotatik: arimaren hilezkortasunaren ezina, besteak beste.
1957koa da Orangutanen ugartea [24], gerora Kosmodromo ipuin bilduman jasoa. [25] Joanes marinelaren aurkezpenak abiarazten du kontakizuna. Joanes zaharra da, eskarmentu handiko gizona eta kontalari paregabea. Entzuleek istorio guztiak sinesten dizkiote, bat izan ezik: orangutanen uharteari buruzkoa. Hauxe:
Behinola, ekaitz baten ondorioz, uharte galdu batean agertu ziren ezustean Joanes orduan kapitaina eta bere marinelak, eta, gizakien gisara jantzirik zimino ibilera zuten izaki estrainio batzuk ikusita, Joanes izutu eta alde egin zuten. Izan ere, Joanesek bazekien, jakin, gizaki izateko ziminoegi eta zimino izateko gizakiegi ziren haiek, piztien begiradaz eta begitarte iletsuz hornituriko elementu haiek, kristau bat ikusi bezain laster erotu eta ez zutela akabatu arteko onik izango.
Hala ere, zenbait urteren buruan, zientifiko talde batek bidaia bat antolatu zuen Orangutanen uhartera, ziminoaren eta gizakiaren arteko katebegi galduaren bila. Biziki poztu zen Joanes; halatan, ordu arte kolokan izaniko bere hitzarekiko zalantzak, uxatuak baitziren behin betikoz.
Kontua da zientifikoak uhartera iritsi eta, tramankulu aurreratu batzuen bidez, ziminoaire bezain gizaire haien ezaugarriak ikertzeari ekin ziotela. Halako batean, testu bat aurkitu zuten. Euskaratu zuten eta irakurri: marinel talde bat bertara heldu zen aspaldi. Orangutanek eraso zieten. Garbi ikusi zuten akabatuko zituztela. Orduan, deabruari laguntza eskatu zioten. Deabruak, beren arimen truke, giza barruari eutsiz orangutanez mozorrotzeko aholkatu zien, eta gizakiek bete egin zuten aholkua.
Aurrerantzean, baina, ezingo ziren gizartera sekula itzuli eta, infernura joan baino lehen, orangutanen adiskidetasuna beharko zuten...
Hau irakurrita, zientifikoek egiaztatu zuten Orangutanen uharteko biztanleak ez zirela ziminoaren eta gizakiaren arteko katebegi galdua, baizik eta gizakien eta orangutanen ondorengoak, katebegi galdua bezain interesgarriak zientziarentzat, bestalde.
Beraz, zientifikoek bertan gelditzea erabaki zuten.
Noizbait, izaki haietako batek, ar heldu batek, pulpitu antzeko batera igo eta egundoko hitzaldi sutsua egin zuen. Ondorioz, zenbait entzulek bizilagun batzuen etxeak erre eta hil egin zituzten. Sarraski haren ondoren, hala ere, berriro itzuli ziren ohiko lanetara eta bolada batean lasai bizi izan ziren, harik eta hurrengo mitin hanpatuak ostera asaldatu zituen arte. Eta horrela behin eta berriz.
Egun batean, orangutan bat, besteak baino ahulagoa, bizilagunen etxerik ez erretzea aldarrikatzen hasi zen, emerik ez lapurtzea, zintzotasuna, are orangutanen eskubideak; baina berehala gurutziltzatu zuten orangutan indartsuek.
Hau guztia ikusirik, zientifikoek ondorio larriak atera zituzten, eta batzuk mozkortu, beste batzuk erotu, edo elkar hil, edo beren burua hil egin zuten; bizirik gelditu zirenak orangutanen hirira jaitsi eta jo eta bertan akabatu zituzten. Zientifiko bakar batek lortu zuen uharte madarikatutik ihes egin eta bere betiko giza hirira itzultzea; baina, ikusitakoa kontatzen amaitu bezain laster, hil zuten herrikideek.
(Batek daki, pentsa liteke Joanes marinela, hain zaharra izaki «itsasoa bezain zaharra», Orangutanen uhartetik aurreko batean ihes eginiko beste kontalari baten hilketan esku hartua zela. Horrela jakingo zuen apika Orangutanen uhartearen eta bertako biztanle hibrido itzelen berri uhartea lehenbizikoz zapaldu baino lehen.)
Hara Txillardegiren lehen narrazioa, B serieko film bikain horietako bat izan zitekeena, benetan iraultzailea, Jesukristo erdi orangutan txundigarri horrekin. Kontuan hartu, berbarako, Planet of the Apes filma (Ziminoen planeta) 1967koa dela, eta 1963koa Pierre Boulle-ren La planète des singes nobela.
[24] Egan aldizkaria, 5/6-1957, 289-295 orr.
[25] Kosmodromo, Haranburu editorea, Donostia, 1984, 13-26 orr.