Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Krudelkeriaz
Montaigneren Entseiuak-en bigarren liburuan bada Krudelkeriaz izeneko atal bat, non bere etxaldeko abereak aurkeztuko dizkigun, orobat zaldiketa eta ehiza. Montaigneren erraiak nabari ditugu bertan, gogoeta bideratzen. Txillardegi bezala animalienganako bere sentimendua adierazteko orduan Haizeaz bestaldetik-en, Montaigne ere ihizienganako sinpatiatik (estoikoen hitza, «batera sentitu») eta umetasunetik abiatuko da (Txillardegi haurtzarotik, Montaigne bere nortasun infantiletik). [19]
Montaigne zaldun aberatsak, Erregerekin ehizan ibiliak, bere errukia aitortzen digu, beldur barik bere gizontasuna zalantzan jarriko ote duten. Onartzen du gustuko duela ehiza, baina ez du gogoko bere burua defenda ez dezakeen piztia inozentea akabatzea. Oreinaren malkoak eta odola ez ditu ikusi nahi, ezta haren lantua entzun ere. [20]
Elisabeth de Fontenayren iruzkina: «Quand on sait à quel point l'aristocratie tenait à ce droit de chasse dont elle avait le privilège exclusif, on mesure la hauteur, la largeur, la profondeur de la 'gentillesse' de Montaigne, et son humilité que la pitié pour les bêtes rend si peu chrétienne». [21]
Ihizia harrapatu orduko zelaira itzuliko du, Pitagorasek bezala: honek ez omen zuen arrainik ez txoririk erosten, ez bazen itsasora edo zerura itzultzeko. Montaignek sentitzen zuen isuritako lehenbiziko odola ehizakiarena izan zela, eta ehizak ezinbestean dakarrela gerra. Ematen du krudelkeria ohituratik datorrela, gizakien heziketa jakin batetik. Baina une ezkor batean Montaignek susmo beltza adieraziko du: baliteke senen batek bultzatzea giza krudelkeria: zergatik aspertzen da bestela gizakia abereei elkarrekin jolasean begiratuz, eta gozatu elkar zatikatzen eta hiltzen dutelarik?
Elisabeth de Fontenayren galdera: baina orduan zergatik ez dago Montaigne bera arau komun horren pean? [22]
Bistan da ez dagoela giza esentziarik. Gizakien dibertsitatea azkengabea eta bateraezina da.
Fontenayren iritziz, Montaignek berak eman zion bere kezkari erantzuna, dibertsitate hori aldarrikatu baitzuen. Gainera, dibertsitate horren berri giza naturaren ideiari muzin egingo dion tipologia batek eman lezakeela ere erantsi zuen. Eta, hori lortzekotan, jatorrizko bekatuaren unibertsaltasunaren ideia borrokatu beharra dagoela, besteak beste.
Montaignerentzat, badugu betebehar natural gisako bat bizidun ororekin: maite ditugun abereak galtzean negar egiten dugu, abereok bezalaxe gu galtzean. Sentitzen duen orori zor diogu begirunea. Abereekin harremana dugunez, elkarri eskaerak egiten dizkiogunez, laguntza eta maitasuna eman, beharrezkoa izango da hortaz harreman hori betebeharren batek gobernatzea. Montaignek, hartara, betebeharren tipologia bat proposatuko du, ezen ez sailkapen hierarkiko bat. Gizakiei, zuzenbidea idatzi, itundu eta elkarrekikotasuna mami dezaketenei, justizia dagokie.
Adiskide isilei, berriz, grazia eta ontasuna zor diegu. Hots, ordainik itxaroten ez duen eskuzabaltasuna eta kalkulurik gabeko ontasuna, izaki errugabe bat sufritzen ikusiz plazer hartzeak adierazten duen gaiztakeriaren aurkakoa.
Horrela, nire zakurra hurbildu eta jolastea eskatzen didalarik, nahiz nire bihotza doluan egon, ez dut zakurra gibelarazi behar. [23] Ez du bestela jokatuko Labartzari agur-eko Antton Ihartzegaraik Baltza bere txakurtxoarekin.
Edonola ere, gaur egun argitu beharra dago, Disneyren eta enparauen eraginaren erruz atal honen testuinguruak eta arrazoibideak berak berez legez ekar lezaketen formulazio hau ez datorrela bat ez Txillardegirekin ez Montaignerekin: «Txillardegiren inperatibo kategorikoetako bat hauxe litzateke: gizakiekin harremantzeko orduan, oso kontuan hartu animaliak direla, eta, gainera, barruan askotariko animaliak dauzkatela. Irudika eta ikus itzazu gizakien baitako animaliak. Era berean, animaliekin harremantzean, ez ahaztu barruan izan ditzaketen gizakiak eta ahalegindu ikusten».
Egia da Txillardegik, Montaignek bezala, aberearekiko harremana hein handi batean moralaren esparruan kokatu duela. Baina goiko proposamena ezin liteke Txillardegirena izan, besteak beste, gizakiaren eta animaliaren arteko harremanaren arazo moralari ez baitio soluzio orokorrik ikusten. Are gutxiago goiko hori bezain boluntarista, erraza eta atsegina, konponbidea irudimenean, bertatik bertara eta deus galdu gabe aurkitzen duena.
[19] «Beste bizioen artean gogorki hastio dut krudelkeria, izaeraz eta adimenaz, bizio guztietako burua bezala. Baina halako bigunkeriaraino da non ez baitut oilasko baten lepo-zulatzea ikusten ezatseginik gabe, eta egonezean entzuten baitut erbi baten kirrinka neure zakurren hortzen azpian, ihizia atsegin bortitza bada ere». Montaigne, Entseiuak II, 92 or.
[20] «Neurez, ez dezaket ezatseginik gabe ikus defentsarik gabe den eta batere kalterik egiten ez digun ihizi errugabe bati jazartzen eta hiltzen. Eta, eskuarki gertatzen den bezala, oreina, hats eta indarrez husturik sentizen denean, azken beltzean, gibelatzen eta errenditzen zaigularik jazartzen diogunoi, grazia eskatzen digularik haren malkoen bidez, beti iruditu zait ikuskizun biziki ezatsegin bat». Montaigne, Entseiuak II, 95 or.
[21] Elisabeth de Fontenay, Le silence des bêtes, 354 or.
[22] Ibidem, 355 or.
[23] «Denaren esateko ere, ez ihiziei bakarrik, baina zuhaitzei beraiei eta landareei estekatzen gaituen begirune eta gizabidezko eginbehar orokor zerbait bada. Zuzenbidea gizonei zor diegu, eta grazia eta ontasuna gai izan daitezkeen garaitiko izakiei. Haien eta gure artean, bada harreman eta elkarrenganako betebehar zerbait. Ez naiz herabe adierazteko neure izaeraren hain beraztasun haurrezkoa non ezin baitiezaioket neure zakurrari ezezta sasoiz kanpoan eskaintzen edo eskatzen didan balakua». Montaigne, Entseiuak II, 97-98 orr.