Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
Aurkibidea
GIZONKI, ABEREKI
Denbora, heriotza,
mintzamena, askatasuna
ZIMINOA BERA MINTZO
Amodiozko txilioak
(adi 78. oin-oharrari)
AZKENAURREKO LAUDORIOA.
BIDE BERRIAK
Arantxa Iturberen
menpekotasuna kili-kolo
LABARTZARI AGUR
Izanaren gaiztoari agur?
Txillardegi, borroka armatuaren alde. Ondorio hori atera du Peio Ruiz nire ikasle eta beraz etsaiak Labartzari agur Txillardegiren azken eleberria irakurrita.
Antton Ihartzegarai protagonistak bai, espetxetik irten ondoren Labartza sorterria berriz ezaguturik borroka armatua aldeztuko du, lan politikoa alferrikakotzat joz, zizpoleta askabide bakartzat.
Alabaina, Txillardegi ez baita Antton Ihartzegarai.
Borroka armatuaren gaineko Txillardegiren iritziak ezagutzeko, Txillardegik berak bere izenean idatzirikoa aztertzeak artezagoa dirudi, lehen begiratuan bederen. Hainbat urte eman ditu Aralar alderdian. Eta borroka armatua desegokia iruditzen zaio, ez arrazoi etikoengatik, baizik arerioari egiten diolako mesede.
Hala ere, bereizi beharra dago batetik jendaurrean esanikoa eta bestetik barne-muinetan joan eta etorri, goiti eta beheiti dabiltzan sentimendu uherrak, nork bere buruari aitortzeko ere gaitzak. Literatura azken hauen adierazpide izaten da. Halatan, Txillardegi bi genituzke gutxienez: bata Berria-n eta Gara-n izkribu koherenteetan borroka armatuaren aurkako argudioak garatzen dizkiguna eta bestea, sakonagoa, Antton Ihartzegarairen aldarteekin bat egiten duena.
Baina hori ez da aski, korapilo gehiago dago oraindik: idazlearen eta bere pertsonaien arteko harremana nahasia duzu, osotoro zehazten ezinezkoa, zaila da idazlea eta protagonista zeharo bat etor daitezen: idazleak berari falta zaiona erants diezaioke pertsonaiari, edo sobera, edo ez bata ez bestea; eredu gisa aurkez dezake, kontraeredu gisa, ez bata ez bestea; bere pertsonaiaren bidez nortasun zein politika jakin bat kritikatu nahi dezake, edo barregarri utzi, edo goraipatu. Ia edozein aukera mamitu du literaturaren historiak. Idazleak, gainera, beste edonork bezalaxe, sarritan ez du benetan zer nahi duen jakiten.
Edozein gisaz, ez da ezinezkoa Txillardegiren sakonuneren batek bere irakurleok erotu eta hil nahi izatea, Leturia, Peru, Elsa, Exkixu, Putzu eta hein batean Ihartzegarairen galbidetik. Munstro hiltzaile bat ezkutatzen du beharbada Txillardegik, irakurlea herio hurbil izaten duten jarreretara bultzatzen duena.
Baina hori ez da Txillardegiren berezitasuna, baizik idazle eta gizaki guztion ezaugarria. Denok dugu alde suntsitzaile gogor bat atezuan, irteteko aukera egokiaren zain.
Baliteke ordea irrika hiltzaile unibertsal hori Txillardegik bere literaturan gauzatu izana. Irratian gogoratu du frantses batek behiala «hila duzu maite» esan ziola, «tu aimes le mort». Zer pentsatua eman baitzion antiguatarrari.
Baliteke, bai, bazitekeen, baina ez da izan. Txillardegik, nire uste apalean, ez Peru Leartzako, ezta Antton Ihartzegarai ere, ez dizkigu eredu gisa aurkeztu, Koldo Mitxelenak uste zuenaren despit. Aitzitik, Labartzari agur aurreiritzirik gabe irakurrita, orain eta hemen borroka armatua aldeztea ezin dela patologia legez baino ulertu nabari da bertan, gizartefobia, eldarnioa, lokamutsa, iraganzalekeria, buruerrukia eta pitzadura orokorra nagusi dituen koadro kliniko batean.
Damua eta katua
Zehaztu beharra dago «pitzadura orokorra» eta «iraganzalekeria» bezalakoak ez direla balorazioak, ezta interpretazioak ere, baizik Ihartzegarairen kideen eta gehien maite dutenen ikuspuntua: Anderrek: «Hi ez hago ondo» (186); eta arreba Ixaskunek: «Yota hago nerbixoetatik, Antton. Medikutara yoan bihaz ahalik eta azkarrenik» (173).
Eta horrelaxe ikusten du Anttonek berak bere burua: «Ez nabil ni ondo, eta ez gutxiagorik ere. Edozerk hausten nau, edozerk etsipenera eramaten. Ez naiz lehengoa» (170); edota «neure honetan, Iparra galduko dut. Eta burua eta zentzumena ere bai» (174).
Ihartzegarairen baitako borroka, eritasuna dakarkiona, atsotitz bion artekoa da: «joanak joan» eta «izana izen gaiztoa». Leartzako Peruk bezala, Anttonek ezin du lortu denbora ezinbestean badoala onartzea, beti ari dela guztia aldatzen: «'Joanak joan' errepikatzen nion neure buruari. Baina faltsuki mintzo nintzaion» (166).
Bigarrena gailenduko zaio: «Behin eta berriz 'Izana izen gaiztoa' esaera pozoitsu hura nagusitzen baitzen nitaz, benetan tema astun eta eritasun iraunkor bihurtu arte» (166).
Iragan galduaren min naturalaz bestelakoa da labartzarraren seta. Etengabe zigortzen du bere burua aspaldiko zaurietan ozpina botaz. Ziminoak ez, katuak lagunduko digu oraingoan Ihartzegarairen ezaugarri nagusian Txillardegiren obra osoko giltzetako bat ere badena barneratzen: hamabi bat urte zituela (orain berrogeita hamar ditu) sarritan joaten zen arreba Ixaskunekin Goia baserrira, bertako neska-mutilekin olgetan. Behin batean, katu beltz gaxte bat leiho baten bestaldean egotera derrigortu zuten. Kristalak gelara sartzea eragozten zion. Zirika aritu zitzaizkion, jausi zen arte. Gorpu anartean beroa berpizten saiatu arren, hilik zen sekula betikoz. Gaztetxoen aieneak eta negar zotinak! Katua lurperatu eta gurutze bat jarri zioten. Anttonek orduan gizakien hilezkortasuna sinesten zuen hor nonbait; katuena ez ordea, kontsolamendu eskasa beraz alde horretatik. Amona bien heriotzek ere ez zuten horrenbeste oinazetu. Erantzukiak eta demandak egingo dizkio atsedenik gabe bere buruari.
Ixaskun zuhurra ahaleginduko da neba kontsolatzen: intentzio txarrik ez dutela izan, ahaztuko zaiola apurka-apurka. Eta Anttonek ziplo: «Etxonat ahaiztu gura, hain zuzen be! Katutxo gizajoa! Eta negarrari eman diot luzaz, oso luzaz. Afaldu ere ez dut egin» (143).
Hogeita hemezortzi urte igaro dira. Azkeneko hamazazpiak Espainiako espetxeetan eman ditu Antton Ihartzegaraik. Bertan zela hil zaizkio aita-amak. Ama gainera Anttonek legearen arabera espetxetik kanpo behar zuelarik. Hiletara ere ez zioten utzi. Horrek guztiak ez dio noski orekari eusten lagunduko.
Kontua da presondegietan irten osterako bidaia kontrakronologiko bat prestatu duela, iraganeko leku erabakigarriei bisitak, atzekoz aurrera denboran, nahiz gero eguneroko gorabeherek egitasmoak nahasiko dizkioten.
Leku sakratuetako bat katutxoa lurperatu zutenekoa izango da. Gurutzea jarri zuten tokian belaunikatu eta otoitzik egin gabe isilik egongo da luzaroan, belaun koskorrak oinazetuz.
Anttonek berariaz larrituko ditu errua, damua eta iraganarekiko edozein uztarri.
Bizirik
Gero eta okerrago dabil Ihartzegarai Labartzan eta erabaki ausarta hartuko du: mendian bakartzea, Zingiregin, Baltza bere txakurkume berriarekin. Erabaki zuzen eta ederra barren. Marko Aurelioren Pentsamenduak ere eramango du: «Aitor bat egingo dut: Marko Aurelio enperadore filosofoa bihurtu dela nire kontseilari ezkutua» (221).
Zaratustrarena zirudien erabakiak, baina estoikoekin doa. Mendiko bakardadera ez ditu igoko, Zaratustrak bezala, eguzkipeko animaliarik harroena arranoa eta eguzkipeko animaliarik zuhurrena sugea, baizik Baltza txakurtxoa, eguzkipeko animaliarik leialena.
Bestalde, Marko Aurelio ez du hautatu gogaide duelako, alderantziz baizik: izan ere, Antton Ihartzegaraik Marko Aureliok aldarrikatutakoaren justu kontrakoa egin baitu zehatz-mehatz espetxetik atera zutenez geroztik.
Batetik, estoikoak iraganagatik eta etorkizunagatik kezkatzeari utzi eta oraina ahal bezain gozoro bizitzea aholkatu zuen.
Bestetik, Marko Aureliok jendarteari dagozkionetan esku hartzeko aholkatzen digu, Ihartzegaraik politikari dion mespretxutik bestaldera.
Azkenik, egia da, Xabier Mendiguren Elizegik dioen legez, Labartzari agur Txillardegiren aurreko sei eleberrien summa gisako bat dela: Leturiaren urmaela eta maitemintzea dugu bertan; orobat ezinezkoa erdiesteko Peruren seta: iragan nahitaez galdua berpiztu eta denbora geldiaraztekoa, baita Peruren eldarnioak ere eta mozkorraldiak; eta Elsaren erru sentimendua, eta harreman gazi-gozoak Mimu katuarekin; eta Haizeaz bestaldetik-eko labarrak, itsasoa, Soustons, animalienganako gupida sakona; Exkixuren eta Putzuren amorrua eta borroka... Bai, lehenagokoa barnebiltzen du Labartzari agur honek.
Baina aldi berean Txillardegiren libururik gazteena bilakatzen du bere amaiera irekiak. Ihartzegarai duzu antiguatarrak bere protagonista guztien artean bizia barkatu dion bakarra.
Eta bukaeran Baltza txakurtxoari eginiko igarpen eta zin beldurgarri batzuk ahaztu («gure herrixa politikari xaxi-jakintsuez etsirik altxako dok halango batez. Etxuagu hori ikusiko ez hik eta ez nik. Zoritxarrez! Eta ikusteko aukera badogu, gudura yoango gaittuk» (225)) eta bizimodu zoriontsu bati ekiteko sustrai laukoitza du Ihartzegaraik Zingiregin: arreba Ixaskunen maitasuna, txakurkumearen konpainia (ohore Baltzari, bizipoza benetan bizkortuko duen aurreneko ugaztuna Txillardegirenean!), Marko Aurelioren Pentsamenduak eta bederatzi milimetroko parabellum bat, eguzkipeko animaliarik humanoena, eraso posibleetarik babestearren, batek daki.