Txillardegi eta ziminoa
Txillardegi eta ziminoa
2007, saiakera
136 orrialde
978-84-95511-98-0
azala: Garbiņe Ubeda
Markos Zapiain
1963, Irun
 
2015, saiakera
 

 

Igeldoko animaliak

 

Denboraren joana eta heriotza: horra Txillardegiren bi kezka funtsezko.

        Txillardegiren ausardia lotsatiarena da. Autobiografietan eta oroitzapen liburuetan, berbarako, ez zaigu sakontasun handiz mintzo izan aitarekiko harremanaz.

        Antigua 1900-en aitaren argazki batzuk erakusteaz gain haren familiaren jatorria zirriborratu du, bere garrantzia aintzat harturik labur gelditu den genealogia bat. [2]

        Birraitona Tolosara etorri zen Madrildik. Aitona, berriz, Bidaniko Ageda Eizmendiren alaba batekin ezkondu zen, Bittorirekin. Baina Bittori gazterik hil ondoren aitonak Antiguara hartu zuen, Tolosako euskal munduarekikoak oro etenik. Antiguako Casa Victorian (amona Bittoriren omenez hala izendatua), izan ere, Anastasia González baitzen bihotza, Villarcayoko birramona. Berehala egin zuen bertan euskararenak. Txillardegik, etorkin familia batean hazia, eskarmentu gogorra izan du euskara amatatzeko saioen laguntzaile inkontziente eta kontzienteekin. Bere bizitza eta bere ahalegina, hein batean, bidegabeki itzaliriko Agedaren eta Bittoriren euskal mundua sustatzeari eman dizkio, Exkixuk bezala, zeinaren amonaren eredua baita Bidaniko Ageda.

        Txillardegiren aita moldiztegi bateko ugazaba zen. Gero, moldiztegia zegoen etxea Guardia Zibilarena izan da luzaro. Berriki eraitsi dute. Aita liberal gisa aurkeztu digu Txillardegik, Azañaren miresle, Hitza hitz. Txillardegirekin solasean, Joxean Agirrerekiko elkarrizketa autobiografikoan [3], zein Euskal Herria helburu-n. [4] Faxistak Donostian sartzear zirela, eta osabak ihes egiteko dena gertu zuela, Txillardegiren bizitza erabakiko zuen hautua egin zuen aitak: ez ziren Antiguatik lekutuko, berton geldituko ziren.

        Gertakarien lekuko-n kontatzen duenez, bestalde, gaztetan Camus-en L'Homme Revolté eskatu zion aitari, Parisa zihoala aprobetxatuz, baina dendariak ez zion saldu nahi izan, heldugabe batentzat zikina eta arriskutsua omen zelako. [5]

        Polizia Txillardegi lehenbiziko aldiz atxilotzera gurasoenera joan zenean, 1950ean, aitak epailearen agindua eskatu zien. Ez zutenez, gau osoa igaro behar izan zuten kanpoan etxean sartu ezinik, Txillardegi eskuburdinekin eraman aurretik. Hura bai heziera oneko Polizia!

        Sormen lan batean ausartu da Txillardegi aitari buruzko oroitzapenik barnekoenak —eta ederrenak— jakinaraztera, Haizeaz bestaldetik-en bosgarren atalean zehazki, eta animaliei loturikoak dira ia denak. [6]

        Behin batean, Txillardegi ume zela, lehengusu batzuk Belgikatik Donostiara zetozela-eta, Igeldora joan ziren denak elkarrekin. Bertako jolasetan ibili ziren, eta umeen zirrara liluratuaz bizi izan zituen Jose Luis haurrak funikularra, «Erreka misteriotsua», kanoak, tunelak, karrusela, «Suitzako mendia», labirintoa, txokolatada boladoekin...

        Halako batean, lehengusuek kaioletako ziminoentzako gozokiak eta makilgoxoak erosten zituzten bitartean, Txillardegik iturri eder baten alboan uso zuri eta arrosa batzuk ikusi zituen, eta zoragarriak iruditu zitzaizkion. Usoak laztandu nahi, baina haiek ihesi. Orduan aitak ale batzuk eman zizkion, usoei esku ahurrean eskaintzeko, baita berehala uso zuri bat eskuan pausatu ere, eta aleak mokoka jan, Txillardegiri poz paregabe bat eraginez, usoaren poz harrigarria.

        Ordurako lehengusuak Bartolo mandril petralaren eta Txita zahar zorritsuaren kaiolen aurrean ziren eta Txillardegi bertaratu egin zitzaien. Bartolok, lehengusuen zirtoei ihardetsiz, kaiola barruko hondakinak, kakahuete azalak eta mokordo zatiak eskuan bildu eta gorrotoz beterik jaurtiki zizkien.

        Geroxeago, Ursula hartzari egin zioten bisita, «ejemplar capturado por el Ejército victorioso durante la gloriosa campaña del frente de Asturias», errotuluak zekarren legez. Hartz gaixoak, bere zaharrean, bere joan-etorri unatuan, haserrea bera ahiturik, bere kirats etsian, gupida bizi bat piztu zuen Txillardegiren baitan, eta helduen aurkako herra larria aldi berean.

        Egun gogoangarri hark, ordea, ez zion artean gogorrena erakutsia. Aitak Txubillo ttonttorraren atzealdeko malkorrera eraman zuen. Hantxe da Muitza baserria, eta Muitzatik itsasorantz labar labain more-beltz bat, harkaitzezko txirrista bat. Aitak Txillardegik sekula ahaztu ez duen zerbait kontatu zion. Baserrian bazuten asto bat; zahartu eta itsutu egin zen. Ez zekiten nola akabatu. Azkenik, begiak zapi batez estali eta labar hartatik behera amildu zuten.

        Hau entzunik, krak egin zuen Txillardegiren bihotzak. Aurrerantzean, lehengusuek zaldiko-maldikoetan egindako zalaparta gorabehera, Txillardegi isildu egin zen, taldetik aldendu, zimino erretxinak, Ursula hartza eta asto itsua barne-muinetan iltzaturik. Animaliok Txillardegi, gizarte laguna, desegingo dute.

        Izan ere, Haizeaz bestaldetik Txillardegiren autobiografia bat da, baina bere barrentasunena, bere arimaren ezkutukiena, sinboloz eratua. Eta, Txillardegi ere, bere baitan sakontasunik handienaz behatzen duelarik, eta animaliekin bat eginik, desagertu egingo da. Halatan, protagonistak ez du izenik, ez du izenaren beharrik. Zein da Txillardegiren muina, eta, beraz, gutako edonorena? «Alderrai dabilen orbela», dio liburuan. Orbeldegi ezizena ere ez legokioke txarto Jose Luis Alvarez Enparantzari.

        Kontua da hamarraldi zenbaiten buruan Txillardegi Igeldora itzuli zela. Baina denboraren joanak ez du gupidarik: mortu zen dena, hilik haurtzaroko liluren pizgarriak, isilik funikularra, geldirik karrusela eta «Erreka misteriotsua», burdin hesiz debekaturik tunel beldurgarria, Txitaren eta Bartoloren arrastorik ez, eta Ursula hartzaren kaiolaren ordez komun zikin bat.

        Azkenik, pentsatu zuen koldarkeria litzatekeela astoa bota zuten Muitzako labarra ikusi gabe joatea. Eta Txubillo atzeko txirristara iritsita, behera begiratu zuen, labar moretik behera, tinko, harik eta norbaitek begiak zapi batez estali nahi zizkiola sentitu zuen arte.

        Bereak egina zuen.

        Orobat, gero, haurtzaroko bide batetik oinez, auto pilo bat zihoan Ku diskotekara, Txillardegiren begiak malkoz betez. Halako batean, estropezu egin eta erori da ia. Orduan, gazte batek «¡se circula por la acera de la izquierda, viejo!» garrasi egin dio auto gorri dotore batetik, jakinik ez dagoela ezkerreko espaloirik.

        Horrenbestez, eta berriro, hiltzeko ordua heldu zaiola ulertu du.

        Eta Bermeorantz hartuko du, Gaztelugatxeko labarretarantz.

        Haizeaz bestaldetik-en gizatasunari buruzko Txillardegiren behako ezkorra nabari da. Nolabait esateko, gizakiak berez kaiolatzen du ziminoa eta amiltzen astoa. Bere baitako piztia hil egin behar du, gizatasunari eutsiko badio, gizartean biziko bada. Zentzu honetan, Txillardegik bat egiten du Sigmund Freudekin: gizartean bizi ahal izateko ezinbestean behar ditugu geure baitako hainbat irrika funtsezko zapaldu. Ondorioz, gizakia zoritxarreko duzu gizartean, beti eta nonahi. Txillardegik ez du uste, marxista eta hippy askok bezala, lan alienatzailea beharrean lan sortzailea bagenu eta giza harremanak maitasunean eta konfiantzan oinarrituko balira, gizarte atsegin harmoniatsua genukeenik. Ez bada. Edozein gizartek frustratu du sakonki gizakia eta frustratuko, honen grinak amatatzen baititu. Eta grina horiek osatzen dute gure baitako zimino lizuna.

 

        [2] Antigua 1900, Argitalpen eta Publikapenen Gipuzkoar Erakundea, 1992, 117-130 orr.

 

        [3] Hitza hitz. Txillardegirekin solasean, Elkar, Donostia, 1996, 28 or.

 

        [4] Euskal Herria helburu, Txalaparta, Tafalla, 1994, 12 or.

 

        [5] Gertakarien lekuko, «Lekuko bikain bat hil da», Haranburu editorea, Donostia, 1985, 81-82 orr.

 

        [6] Haizeaz bestaldetik, Elkar, Donostia, 1988, 141-159 orr.